Publikoari ikasleak kendu, itunpekoari eman, eta desorekan eraginik ez
Hurrengo ikasturterako behin betiko matrikulazio zerrendak argitaratzearekin jakin dugu, segregazioari aurre egiteko aitzakiarekin, Hezkuntza Sailak Ordiziako Eskola Publikoan matrikulaturiko hiru ikasle Jakintza Ikastolara bideratzeko erabaki irmoa hartu duela. Jaurlaritzak baztertu egin ditu Hezkuntza Sailaren behin-behineko erabakia plazaratu zenean familiek aurkezturiko erreklamazioak.
Ordiziako Eskola Publikoak Haur Hezkuntzako 2. mailarako 47 matrikulazio eskaera jaso zituen, Jakintza Ikastolak aldiz 45. Behin betiko matrikulazioa honela gauzatuko balitz ere, Eskola Publikoak bost ikaspostu libre izango zituzkeen.
Hezkuntza Sailak, ordea, irizpide erabat ilun eta subjektiboekin ezarri duen «Zaurgarritasun Indizean» oinarrituta, matrikulazio eskaera Eskola Publikoan egin zuten hiru ikasle ikastolara bideratu ditu. Aldiz, ikasle bat bideratu du ikastolatik Eskola Publikora. Azken emaitza: matrikulazio hobea eta plazak libreak dituen eskola publikoa 45 ikaslerekin utziko duela eta Jakintza Ikastola 47rekin. Eta are larriagoa dena, erabakiak apenas izango duela eraginik herriko eta ikastetxeen arteko desorekan.
Izan ere, Ordiziako eskolen artean, jatorriaren araberako desoreka ehuneko 31,5 puntukoa da. 25,5 puntu hazi da azken zortzi ikasturteetan. Eskola bakoitzeko familien euskara ezagutzan ehuneko 48 puntuko desoreka dago. Eta behar sozialak dituzten ikasle eta familia ia guztiak eskola publikoan daude.
Hezkuntza Sailaren esku hartzeak ia ez du eraginik izango zenbaki hauetan. Ondorioz, desoreka mantendu egingo da. Baina, desorekari aurre egiteko aitzakiarekin eta erabat iluna eta subjektiboa den «Zaurgarritasun Indizea» erabiliz, Jaurlaritzak matrikulazioa kendu dio eskola publikoari itunpekoari emateko.
Behin baino gehiagotan salatu dugun moduan, larria da Eusko Jaurlaritzak azken urteetan Ordiziako eskolen arteko desoreka areagotzeko hartu dituen erabakiak eta segregazioa ekiditeko inolako neurririk hartu ez izana. Arartekoak berak ere, azken lau urteetako bere txostenetan, adierazi izan duen moduan. Eskandalagarria da, ordea, administrazio publikoak eskola publikoari matrikulazioa kendu eta itunpeko ikastetxe bati emateko neurriak hartzea, are gehiago, eskola publikoak plaza libreak dituenean. Eta gainera, erabaki hau hartzeko aitzakia moduan erabili den eskola segregazioan apenas eraginik izan ez eta ikastetxeen arteko desorekak bere horretan mantentzen dituenean.
Ordiziako Eskola Publikoko ikasle eta familiak ez gaude prest eskola publikoa, berdintasuna, justizia soziala, aniztasuna, inklusioa eta euskalduntzea bermatu beharko lituzkeen Eusko Jaurlaritzatik kontrako noranzkoan bidea egiten duten horrelako esku hartzeak onartzeko. Are gehiago, Ordizia orokorrean eta Eskola Publikoa modu berezian desorekara kondenatzen dituela argi ikusten dugunean. Publikoki eta Arartekoaren aurrean berriro ere egoera salatu eta egoerari buelta emateko mobilizatzen jarraituko dugu.