Amaia U. LASAGABASTER
KOPA

Real Madril izango da azken oztopoa finalerako bidean

Athleticek maiatzaren 24an jokatuko du Leganesen madrildarren kontra. Alhamak eta Atleticok bezperan lehiatuko dute lehen finalerdia. Finalak VARa izango du, eta maiatzaren 27an jokatuko da.

Eunate eta Kathelleen, Real Madrilek Lezamara egindako azken bisitan.
Eunate eta Kathelleen, Real Madrilek Lezamara egindako azken bisitan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Real Madril izango du Athleticek maiatzaren 24an hirugarren Kopako finala jokatzeko gainditu beharko duen azken oztopoa. Bezperan Alhama eta Atletico lehiatuko dira, eta irabazle biek maiatzaren 27an, larunbata, jokatuko dute finala. Partida guztiak Butarquek hartuko ditu eta ordutegi berantiarra izango dute -21.00etan finalerdiak, ordubete geroago finala-. Sarrerek 10 eta 20 euro arteko prezioa izango dute.

Espainiako Federazioak aurreratu duenez, VARa erabiliko da finalean, eta lehen aldia izango da Estatuan emakumezkoen futbolean. Superkopan sortutako polemikaren ondoren, dominen banaketak gizonekoen finaleko protokolo bera jarraituko du. Hau da, kapitainak palkora igoko dira trofeoak jasotzera eta dominak bi talde finalisten delegatuei emango zaizkie, futbolarien artean bana ditzaten.

Athleticek Madrid (0-1) eta Osasuna (1-2) kanporatu ditu play-offerako bidean. Real Madrilek, bere aldetik, Fundacion Albacete (0-6) eta Vila-Real (1-2) gainditu ditu. Maite Orozen eta Nahikari Garciaren taldeak Europarako txartela ziurtatu berri du -oraindik bigarren postua defendatzeko, eta horrela Championseko aurreko kanporaketa bat saihesteko, borrokatu behar du-, eta orain bere historia laburreko lehen tituluarekin amesten du.

ILUSIO HANDIA

Sei aldiz besterik ez dute jokatu elkarren kontra bizkaitarrek eta zuriek, eta horietako bakarra irabazi du Athleticek, iazko lehen itzulian Lezaman jokatu zena. Partida hartako golegileetako batek, Ane Azkonak, Real Madrilen kontra jokatutako azken neurketa «oso lehiatua izan» zela gogoratu du, «eta irabazi egin ziguten arren, kosta egin zitzaien». Nafarrak ez dio garrantzi handirik eman zozketaren emaitzari, «edozein aurkari zelako zaila. Ilusio handiz prestatuko dugu partida eta finalera iristen saiatuko gara». «Inoiz irabazi ezin izan dugun titulua da -gaineratu du-, baina urtero sortzen du ilusio handia. Kopako partida bat dagoenean, ilusio handiz lan egiten dugu. Espero dezagun oraingoan gure helburua lortzea».

Alhamak eta Atleticok jokatuko dute lehen finalerdia bezperan. Ligan beherapen postuetan dagoen Murtziako taldea da bide luzeena ibili behar izan duena play-offetara heltzeko, iaz Reton zegoenez, lehen kanporaketan hasi baitzen lehiatzen. Bost gainditu ditu guztira: Bizkerre, Elx, Valentzia, Levante eta Granadilla taldeak.

Kopa 2016an eskuratu zuen Atleticok, aldiz, final zortzirenetan debutatu zuen, Athleticek eta Real Madrilek bezala. Ainhoa Morazaren taldeak Reala eta Granada kanporatu ditu orain arte.

KOLPEZ BETETAKO HISTORIA

Kopa zuri-gorriek bihotzean daramaten arantzatxoa da. Orain dela 20 urte debutatu zuen Athleticek txapelketan, Ligako lehen titulua ospatu eta bi astera, eta bizkarra erakutsi orduko kalean geratu zen, Estudiantesek kanporatuta. Joaneko partidan 1-0 galdu ondoren, 5-5 amaitu zen Lezamako neurketa, non zuri-gorriak lau aldiz aurreratu ziren markagailuan eta 98. minutuan hartu zuten azken gola.

Anekdota baino, kolpez betetako historia baten hitzaurre fidela izan zen. 19 edizioetan parte hartu du Athleticek eta 11tan lehen kanporaketan geratu da kalean.

Birritan iritsi da finalera eta biak galdu ditu Estudiantesen kontrako kanporaketa hura bezain modu mingarrian. 2012an Espanyolek irabazi zion luzapenean (1-2), bizkaitarrak 9 jokalarirekin geratu ondoren. Eta bi urte geroago Bartzelonak eskuratu zuen titulua. Partida 90. minutura heldu zen golik gabe; eta Leire Landak belauna lehen zatian hautsi ondoren, Alexiak eta Nekanek gol bana sartu zuten luzapenean. Penaltietan Kataluniakoek denak asmatu zituzten eta talde zuri-gorria baten faltan geratu zen.

Laburrean

Jardunaldia. Alavesek Valentzia bisitatuko du larunbatean (14.00). Eta bi ordu geroago Athleticek Levante Las Planasen kontra jokatuko du. Vila-Real-Real partida igandean (12.00) jokatuko da, azkenik.

Berritzeak. Paula Aranak 2025era arte jarraituko du Athleticen. Eta Iris Arnaizek 2024ra arte luzatu du kontratua Realarekin.

Estutasunak. Pil-pilean segitzen du igoeraren borrokak 1. RFEFen. Eibarrek bi puntuko aldea dauka orain, hiru jardunaldiren faltan, Deportivo, Osasuna eta AEMekin; hirukoa, Granadarekin; eta laukoa, Cacereñorekin. Athletic B-k, bere aldetik, mailari eusteko borrokan bizirik jarraitzen du DUX gainditu ondoren, eta 11. postutik lau puntura kokatu da.

Champions. Bartzelonak joaneko 0-1ekoa defendatuko du bihar Camp Nouen, Chelsearen aurka. Alemanian 2-2 amaitu ondoren, astelehenean jokatuko dute finalerdiaren bigarren partida Arsenalek eta Wolfsburgok, Emiratesen.

FIFA. Lau hautagaitza aurkeztu dira 2027 Munduko Txapelketa antolatzeko: Estatu Batuak-Mexiko eta Alemania-Belgika-Herbehereak hautagaitza kolektiboak eta Brasil eta Hegoafrika. FIFAren erabakia urtebete barru jakingo da.

Italia. Erromak egundoko urratsa egin du bere lehen Liga eskuratzeko, Juve gaindituz (3-2). 11 puntuko aldea dauka Turingo taldearekin, bost jardunaldiren faltan; eta azken-aurrekoan zuri-beltzak bisitatuko ditu.

Lesioak. Aurrelari titularraren ondoren, kapitaina ere galdu du Ingalaterrak. Beth Meadek bezala, lotailu gurutzatua hautsi du Leah Williamsonek ere. Arsenaleko taldekideak dira biak, lesio bera duen Viviane Miedema aurrelari herbeheretarra bezala.

Frantzia. 870.000 euroko ordaina egin beharko dio Frantziako Federazioak Corinne Diacre hautatzaile-ohiari, kontratua amaitu baino lehen eteteagatik.