Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
Interview
ESTHER ARROJERIA Arantzazistroke
Bera Berako jokalaria

«Taldeak heldutasuna eskuratu du eta Kopa honetan konfirmatu da»

Esther Arrojeriak (Usurbil, 1994) bere laugarren Kopa garaikurra altxatu zuen joan den asteburuan, Malagan. Taldearen heldutasuna berearekin bat dator. 2017ko lesio larria gainditu ostean, orduko maila berreskuratu ez ezik, hobetu ere egin du, «kantxako esperientziaz gain beste arlo batzuk lantzen ere ikasi» baitu.

(Juan Carlos RUIZ | FOKU - J.L. RECIO)

Biharamuna edukitzeko astirik ere ez dute izan Bera Berako jokalariek. Azken hiru urteetan ihes egin dien Kopa irabazi dute, sekulako sendotasuna erakutsita, eta orain, Ligaren bila doaz, «argi eta garbi». Esther Arrojeriak titulu berri honen gakoak eman dizkio GARAri, ohi bezain umil. Azken hamarkadan Bera Berak lortu dituen 20 garaikurretatik 18tan egon da usurbildarra eta bere une gozoenean ez daki, «baina gehien disfrutatzen ari den» unean omen dago.

Kopa irabazita, zein izan zen aurreneko sentsazioa? Motxila bat askatu zenutela?

Motxila bat kendu genuela ez nuke esango. Denbora generaman Kopa irabazi gabe, baina derrigortasun hori ere ez geneukan. Izugarrizko poza hartu genuen; hori hala da. Beti da txapelketa berezia Kopa eta denbora daramazunean irabazi gabe, are eta ilusio handiagoa egiten du.

Granollers oso ondo hasi zen. Ez dakit kasualitatea ote den, baina zu kantxaratutakoan irauli zenuten markagailua.

Uste dut gure taldea ere ondo sartu zela partidan. Defentsa ireki horrekin min handia egiten ari ginen. Gu ere nekatuta ginen eta defentsa ireki horren exijentzia ere handiagoa zen; agian horrek eragin zuen erasoan gauzak hain argi ez izatea. Aulkitik atera nintzenean argi ikusi nuen erasoan lasaitasuna mantentzea tokatzen zitzaigula, hasieran presaka aritu ginela. Eta aurreko partidan hori izan zen enbarazu gehien egin ziguna. Argi neukan baloia zaintzea gakoa izango zela.

Finalerdian Guardesek estu hartu zintuzten.

Partida osoan aurretik joan ginen arren, ikusi genuen Guardesek ez zituela inongo momentutan besoak jaitsi. Hala ere, aurten beste lasaitasun eta segurtasun batekin gentozen. Lehen partidan erakutsi genuen taldeak urrats bat egin duela horrelako txapelketan. Orain taldeak heldutasuna eskuratu du eta Kopa honetan konfirmatu da.

Ez zenuten gorpuzkera uzkurtua, normalean kezkak eragiten duen uzkurdura hori. Ez dakit landu duzuen zerbait den...

Asteak daramatzagu horretan lanean. Gure psikologo Unai Arrietaren lana ere nabaritzen da. Beti gara kontziente partida guztietan agertzen direla momentu zailak, eta bereziki momentu horietan lasaitasuna mantendu behar da, eta segurtasuna izan ondo ateratzen ari diren gauza horietan. Kopa honetan berreskuratu dugu atzealdeko segurtasuna eta Kopa osoan zehar horrek eman digu geure buruarengan segurtasuna. Guardesen aurka hori gertatu zen, eta ondoren, gainera, Alice [Fernandes] nabarmendu zen atean eta horrekin garaipena bermatu genuen.

Valladoliden aurka ligan galdu ondoren, gehienbat defentsa landu zenuten. Kopan defendatzeko sistema ezberdinak erabili dituzue.

Partida hori izan zen adierazle garbiena defendatzen ez dugunean ez ditugula partidak irabazten. Horrek alertan jarri gintuen. Normalean 6-0 defentsa erabili izan dugu, baina Kopa honetan hiru sistema ezberdin erabili ditugu. Elxen aurka 5-1 erabili genuen, itxiagoa, elkarrengandik gertuago zuloak gehiago tapatzen zituena, eta finalean erabilitakoak ez zuen batere zerikusirik. Denek eman digute emaitza eta hori oso garrantzitsua izan daiteke azken txanpa honetan.

Disfrutatu duzue?

Bai, aspaldi ez bezala disfrutatu dugu. Nik taldea disfrutatzen ikusi dut lehendabiziko minututik azkenengora, bai kantxan jokatzen ari zirenak eta bai aulkian edo harmailetan egon direnak. Hasiera-hasieratik gol bakoitza ospatzen genuen, geldiketa bakoitza, baloia berreskuratzen genuen bakoitzean... Eta uste dut hori gako handienetako bat izan dela, taldea hain sendo eta hain elkartua izatea. Partidan sartuta egotea, balioa ematea ondo egindako gauza bakoitzari, talde osoak norabide berean arraun egitea, indibidualtasunak alde batera utzita... Taldea guztiaren gainetik jarri dugu; beti izan beharko luke horrela, baina bereziki honetan hala izan da; minutu gehiago edo gutxiago jokatu, lehentasuna taldea izan da, ondo jokatzea eta kantxan disfrutatzea. Hori izan da Kopa honetako lorpen handienetako bat.

Zein mezu erabili du psikologoak taldea hainbeste indartzeko?

Denboraldi osoan zehar taldea oso batuta egon da; nabari da kanpoan oso giro ona dagoela eta hori kantxan islatzen da. Psikologoarekin landu ditugun gauzen artean, gure puntu indartsuenetan oinarritzea da bat, eta gero, partidan zehar, norberak une horretan egin behar duen horretan kontzentrazioa mantentzea. Kanpoko faktore asko egoten dira partidan zehar: kanpoko presioa, arbitrajea, eta abar. Guk eragina izan dezakegun gauza bakarra, ordea, norberak egiten duena edo egin behar duena da. Arreta horretan fokalizatzen erakutsi digu aste hauetan, eta emaitza ematen ari da.

Zure une onenean al zaude?

Bueno, ez dakit momenturik onenean, baina gehien gozatzen ari naizen denboraldian baietz esango nizuke. Zerikusia izango du gauzak ondo ateratzen ari zaizkidala eta momentu onean aurkitzen naizela. Bereziki azpimarratuko nuke asko disfrutatzen ari naizela partida bakoitza, taldean daukagun giroaz... Lehiakortasun oso sanoa daukagu. Talde zabala gara, jokalari asko, eta minutuak banatzea askotan ez da erraza izaten. Oso giro atsegina daukagu eta horrek, ezinbestean, disfrutatzea besterik ez du ekartzen. Izugarri disfrutatzen ari naiz momentu honetaz.

Instagrameko zure azken argitalpena kuxkuxeatzen aritu naiz eta taldekide eta taldekide ohi askok «zutaz harro» idatzi dizute. Zerbait egingo zenuen horretarako.

Beti ahalegintzen naiz taldekide bakoitza taldean eroso sentiarazten, bere onena eman ahal izan dezan. Garrantzitsua da elkarren babesa eta konfiantza sentitzea. Ni beti ahalegintzen naiz nire konfiantza dutela adierazten. Edozer gauza behar dutela ere hor egongo naizela. Ez dakit horren ondorio den edo denboraldiaren ondorio den, baina hunkigarria da taldekideengandik horrelako hitzak jasotzea.

Ligako kanporaketa hasiko duzue ostiralean.

Energia bultzada berri batekin dago taldea. Ez Kopa irabazteagatik soilik; joko ona erakutsi dugu eta garaitzen zailak garela. Inoizko une onenean iristen gara azken txanpara. Ikusiko dugu nola doan Gijongo partida hau. Konfiantza handiarekin nago eta taldea gogoz dago mahaian are kolpe handiagoa emateko.

Helburua hiru tituluak bereganatzea da, ezta?

Bai, argi eta garbi. Hasieratik dugu erronka hori. Abenduan Superkopa hori lortu genuenean, gertuxeago ikusi genuen, eta asteburuan Kopa lortuta, errematatzea geratzen da. Maila bera erakutsi eta ea garaipena lortzen dugun.