Alaia SIERRA
EUSKAL KULTURA

Kultura, herria egiteko lanabes

Euskal kultura zer den eta honek herria eta komunitatea osatzeko duen gaitasunaz hausnartu zuten atzo, Mondragon Unibertsitatean egindako mahai inguru batean, kultur arlo ezberdinetako lau sortzailek: Joseba Sarrionandiak, Olaia Inziartek, Mattin Irigoienek eta Oihana Iguaranek.

Hizlariak, entzuleen atzean.
Hizlariak, entzuleen atzean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Joseba Sarrionandia idazlea, Olaia Inziarte kantaria, Oihana Iguaran bertsolaria eta Mattin Irigoien antzerki idazlea izan ziren atzo Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako kanpusean, “Kultura herrigilea, euskararen eragilea” solasaldian. Moderatzaile lanetan Eneko Bidegain irakasle eta ikertzaileak jardun zuen.

Solasaldiaren ardatza izan zen euskal kulturak komunitatea sortzeko edo indartzeko duen gaitasunari buruzko eztabaida. Mattin Irigoienentzat «erabatekoa» da hau. Nafarroa Beherean egiten diren libertimenduen ikuspuntutik ikusita, azaldu zuenez, komunitatea «biltzeko» balio dute: «Plaza hartzeko eta gure hegemonia finkatzeko momentua da, frantses edo ingeles kulturarekin alderatu ezin den zerbait sortuz».

Oihana Iguaranek, bertsolaritzatik, azkenengo azterketa soziologikoan herri mugimendutzat jo dela gogorarazi zuen, Irigoienekin ados agertuz. Bere arloan, hainbeste ikusle biltzen dituen Bertsolaritza Txapelketa Nagusiaren finala «izozmendiaren tontorra baino ez da», ondorio hori gertatzeko herrigintza, lan militantea eta lan profesionala uztartzen direlako.

Joseba Sarrionandiarentzat egoera bestelakoa da. Hainbatetan adierazi zuen euskal kultura eta euskaldunak «geure herrian minorizazio prozesu» batean daudela. Hori dela eta, idazlearen iritziz, komunitatea sortzeko edo egonkortzeko aldaketa «ezin da bilatu kulturan», baizik eta politikan, «arazoa ez baitago euskaldunon baitan».

Musikari dagokionez, Olaia Inziartek kantugintza «zerbait kontatzea» dela eta beti izan dela nabarmendu zuen. Hortaz, une eta herri jakin baten kantuak momentu horretan gertatzen ari denaren isla dira, eta hori irudikatzen dute, «bai kolektiboki, bai eta indibiduo bezala ere».

Adibide baten bitartez azaldu zuen. 1980ko hamarkadan Euskal Herrian egiten zen musika garai hartako testuinguru politikoaren araberako protesta zen, baina gaur egungoa «intimoagoa eta pertsonalagoa» iruditzen zaio nafarrari. «Herri bezala aldaketak izan ditugu, eta hori ikus daiteke egiten den musika berrian».

BELAUNALDIZ BELAUNALDI

Kultura baten biziraupenerako ezinbestekoa den heinean, euskal kulturaren transmisioa ere hizpide izan zuten Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Bertsolaritzan bereziki nabaria da honen eragina, bertso eskolek duten garrantziagatik.

Iguaranek zehaztu zuenez, urtero ia 30.000 ikasle igarotzen dira bertso eskoletatik eta ikastetxeetan egiten diren ekintzetatik. Azken hau da bertsolariak nabarmendu zuena transmisioari dagokionez. Gainera, helduentzako nahiz haurrentzako eskoletan «bertsolaritza irakasteaz gain, transmisio lana egiten» dela adierazi zuen.

Ipar Euskal Herrian, besteak beste, libertimenduekin egiten da lan hori. Horretan aritzen den Mattin Irigoienek argitu zuen bost edo sei astez gazte talde batek lantzen duen antzezlanak direla, oso antzinako tradizioa. Honi esker, unibertsitatera Hego Euskal Herrira edota Bordelera joan behar izan duten 17 eta 28 urte bitarteko gazte horiek beraien gurasoen «kultura eta mundua» ezagutzeko aukera daukate. Funtsean, belaunaldi horretan ohiturak ezagutzeko «gosea, egarria eta bilaketa pizteko» balio du kulturak kasu honetan, antzerkigilearen iritziz.

Tradizioari lotuta dagoen gazteriaren adibide da Olaia Inziarte. Atzoko solasaldian aipatu zuenez, bere lan artistikorako askotan familiarengan edo ingurukoengan jaso duen musikaren ondarean oinarritzen da.

Berarentzat, gainera, tradizioari egindako erreferentziak edo keinuak sorkuntza berrietan erabiltzea «ondarea berritzeko» baliatu daiteke, eta, aldi berean, belaunaldi berriei tradizioa helarazteko.

«Orain, Estatu espainiarrean behintzat, folklorea boladako dago, eta hori oso aberasgarria iruditzen zait kulturarentzat. Euskal Herrian, adibide bat jartzearren, onuragarria irudituko litzaidake Lizarrako musika talde batek ‘Baratze bat’ kantaren bertsio bat egingo balu gaur egun», esan zuen Inziartek.

Joseba Sarrionandiaren esanetan, «euskaldunok beti heltzen gara berandu; ortografia adostera, adibidez», eta euskaraz egiten den literatura «homologablea» den eta «guztiz itzulgarria» den momentu honetan, gazteek Interneta kontsumitzen dute liburuen ordez. Adierazi zuen moduan, euskarak hor daukan presentzia txikiegia da.

KONTSUMITZEKO LOTSA

Bizi garen sistemaren izaera eta honetan kulturak duen tokia kontuan hartuta, kontsumoaren gaia jo zuten hizlariek.

Oihana Iguaranek argi utzi zuen «‘kontsumoari’ ez diogula beldurrik izan behar eta konplexurik gabe» erabili behar dugula euskal kulturari dagokionez ere. «Errealitate bat da kontsumitzen dugula, eta nahiko nuke euskara sistema horren barruan ere egotea, beste hizkuntza batzuk dauden bezala».

Honen harira, Iurretako idazleak David Lynch zinema zuzendari estatubatuarra aipatu zuen, pelikula bat egin ostean esaten baitzuen benetako lana hau zabaltzea eta merkaturatzea dela. Gurera ekarrita, egoera antzekoa dela uste du Sarrionandiak, edozein obrak gaur egun merkatura joan behar duelako; eta «lana amaitutzat ematen denean, oraindik lanaren erdia falta da egiteko».

Inziartek, bestalde, kontsumitu kontsumitzen dugula «ezin dela ukatu» defendatu zuen. «Batzuetan oso autoexijenteak izaten gara horrekin, eta ez onartzeak gure kultura gotortuta egoteko arriskua dakar», argudiatu zuen.

Honekin lotuta eta gazteengan eragina indartzeko, hizlariak ados agertu ziren plataformei esker ingelesezko eta beste hizkuntza batzuetan egindako ikus-entzunezko edukiak nagusi diren garai honetan euskarazko edukiak beharrezkoak direla.

Gainera, instituzio publikoetatik behar lukeela etorri nabarmendu zuten.

«ERAGILE PRESTATUAK»

Mahai ingurua Mondragon Unibertsitateak sortu berri duen “Euskal Kulturaren Eragiletzan” izeneko master berriaren aurkezpen gisa egin zen. Jon Sarasua Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak aurretik adierazi zuenez, «euskal kulturaren eragile prestatuak eta sendoak izateko beharraz sortu da».

Besteak beste, hezkuntza arautuan nahiz ez-arautuan, kulturaren transmisioan lan egingo dutenei zuzendutakoa da, batez ere jarduera praktikora bideratutakoa, ez baitauka «oso teorikoa» izateko intentziorik.

Master berri hau Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean sortutakoa da, alde batetik, baina, bestetik, Euskaltzaindiarekin eta Ameriketako Estatu Batuetako Renoko Unibertsitatearen Euskal Ikasketen zentroaren laguntzarekin sortu dute, beste eragile batzuen artean.