GARA Euskal Herriko egunkaria

Munduko Poesia Kaierak bilduman beste bi antologia: Brecht eta Benedetti

Irati Majuelo eta Inma Errea izan dira Munduko Poesia Kaierak bildumara bi antologia berri ekarri dituzten itzultzaileak. 2013ko udaberriko lehen bi aleak aurkeztu zituzten atzo: Bertolt Brecht eta Mario Benedetti, biak ala biak lehenagotik ere Euskal Herrian aski ezagunak.

Majuelo eta Erra, Donostian, itzuli berri duten antologia eskuan dutela. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal Herrian aski ezagunak diren bi poetaren lanak euskarara ekarri ditu Munduko Poesia Kaiera bildumak udaberriko aleetan: Bertolt Brecht (1898-1956) eta Mario Benedetti (1920-2009). Atzo aurkeztu zituzten bi liburuak Donostian. Irati Majuelok itzuli du lehenengoa, 45. alea, eta Inma Erreak, 46.a. Beraiekin izan dira aurkezpenean Maialen Berasategi eta Isabel Etxeberria bildumaren editoreak. Bi poeta ezberdin, baina antzekotasun nabarmen batekin: biek heldu zioten poesiaren bidez bizitzen ari ziren testuinguru soziopolitikoari.

Euskal Herrian «arrasto eta eragin handia» izan duen poeta da Brecht, Majueloren esanetan. Kronologikoa da Majuelok osaturiko antologia; alemaniarraren bizitzako fase ezberdinak jasotzen ditu. Forma hori ematea erabaki du euskarara bere lanak itzuli izan badira ere «bere bizitza eta obra poetikoa zeharkatzen zuen lanik» ez zegoelako. «Ez da arrotza gure herrian», aitortu zuen, eta «tantaka» baina bere presentzia handia dagoela azpimarratu: «Izan Mikel Laboaren kantetan, izan horren ezagunak zaizkigun esloganetan… hemengo artista eta pentsalariengan eragin du».

XX. mendeko garaiari «pultsua» hartzeagatik nabarmendu zela Brecht esan zuen Majuelok; «bere eta bere ingurukoen kezkak eta minak ulertzen saiatu zen». Garrantzitsua da, itzultzailearen iritziz, poema bakoitza noiz idatzia den kontuan hartzea. Esan zuen bere ideiekiko «poesia koherentea» egin zuela.

Hizkuntza erraza darabilela aitortu zuen Majuelok, eta, Berasategi editorearen hitzetan, «idazkuntza laua, soila, zuzenean jendearen erraietara jotzekoa» du. Gaien inguruan, bizitzaren fase bakoitzean elementu ezberdinei heltzen diela azaldu zuen itzultzaileak: «Gaztetan ikuspegi xaloa du, erromantikoa; ondoren komunismoari gorazarre egiten dio, marxismoa modu didaktikoan landuz. Bere etsipenarekin lantzen du poesia soziala, eta erbesteko ezinegonarekin poesia espresiboagoa lantzen du. Helduaroan, berriz, bizitzari atzera begiratzen dio, bizitzaren soiltasunari eta ederrari».

KOMARIK GABEKO IDAZLEA

«Ez du komarik erabiltzen eta ni oso komazalea naiz!», bota zuen Erreak itzultzerakoan topatu dituen zailtasunei buruz mintzatzean. Benedettiren idazkeran ez dugu ia puntuazio zeinurik aurkituko, eta hori erronka berezia izan da bereziki komak maite dituen itzultzailearentzat. Aitortu zuen behin baino gehiagotan bururatu zaiola «hemen zer esan nahi zuen galdetuko nioke, ba» galdera, baina ezin, eta horren penarekin amaitu du liburua.

46. ale honetan, Benedettiren poesiak ez daude kronologikoki antolatuta; «gaika» egiten saiatu dela esan zuen Erreak. «Loturak aurkitu ditut han eta hemen idatzi zituen poesien artean», azaldu zuen, eta adibide bat jarri zuen bi poemari erreferentzia eginez: «Baditu bi galdetegi oso ezberdin: ‘Interview’ eta ‘Galdetegi ezohikoa’; lotura ikusi nien eta elkarren jarraian jarri ditut».

Benedettik «marka» propio bat baduela kontatu zuen: kezka soziopolitikoak. «Maitasunaz asko hitz egiten du, baina aberriarekiko maitasunarekin loturan daude; erbestearen gaia ere presente dago». Maitasunari lotuta, azaldu zuen, «bere garairako ikuspegi modernoa» zuela. Izan ere, «konplizitatea» omen da errepikatzen duen kontzeptuetako bat, «baina ez konplizitate intimoa soilik, baita politikoa ere».

Kezka soziopolitiko asko jasotzen dira uruguitarraren lanean: «Mundua asko aldatu dela ematen du, baina ez da horrenbeste aldatu». Gaineratu zuen Euskal Herrian Latinoamerika eta erbestea «teorian hurbil» ditugula baina konturatu dela erreferentzia ezberdinak ditugula, eta uste baino urrunago gaudela.