Andoni ARABAOLAZA
MENDIA

Marka Everesten: 454 baimen banatu dira

Txina da kopuru handiena aurkeztu duen herrialdea: 96 mendizale. Tendi Xerpa gidari nepaldarrak baimen kopuruan mugak ezartzeko eskatu du.

Himalaiako mendilerroan udaberriko denboraldia aurrera doa. Azken asteotan, Manaslun, Annapurnan eta Shisha Pangman albisteak izan dira. Baina, ohi bezala, Everest da foku guztiak bereganatzen dituena. Dagoeneko mendiko langileek Nepalgo ibilbide klasikoa ia ekipatua dute. Azkenengo berrien arabera, soka finkoak hegoaldeko leporaino iritsi dira. Hots, ia «autobide» osoa antolatua dute.

Eguraldi leiho onak iristen badira, hori guztia aprobetxatzeko prest egongo dira ehunka mendizale. Gogora dezagun munduko mendi garaienaren aurreneko igoera egin zenetik 70 urte igaro direla. Tenzing Norgay-ren eta Edmund Hillary-ren eskutik heldu zen, eta Nepal prest da urteurren hori ospatzeko.

Bitartean, Everestek errekor berria jaso du. Katmanduko administrazioak mendizale atzerritarren artean 454 baimen banatu ditu, inoizko kopuru handiena. Baina askoz protagonista gehiago bilduko dira: mendiko langileak, gidariak… Horiek guztiek, etxekoak direnez, ez dute baimenik behar. Kopuru hori bikoiztuko da, beraz, eta Nepalek, denera, bost milioi euro jasoko ditu.

«ERRESPETUA»

«Everesteko gailurrari errespetua zor diogu. Bere izena zaintzeko eta batez ere mendizaleen eta mendiko langileen segurtasuna bermatzeko, gure gobernuak baimen kopuru hori gutxitu behar du. Eta, bide batez, Everest eskalatzera hurbiltzen diren guztiei mendi garaietan eskarmentua eskatu behar die. Bederen, zazpimilako bat igota izatea», esan du Tendi Xerpak nepaldarrak.

Hamalautan izan da Everesteko gailurrean eta bere eskutatik makina bat bezero igaro dira. «Kranpoiak zer diren ere galdetu didate batzuek. Nahiz eta derrigorrez erabili behar zituzten, ez zekiten zer diren», kritikatu du.