GARA Euskal Herriko egunkaria

Publikoaren Saria, Donostian, «Las buenas compañías» filmarentzat

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak baditu saridunak. “The Lost Souls of Syria” lanak jaso du Amnesty International Saria eta sari kuttunena, publikoak eskaintzen duena, “Las buenas compañías” Euskal Herrian girotutako Silvia Munten filmak jaso du.

«Las buenas compañías» filmeko fotograma bat.

Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldiko Publikoaren Saria Silvia Munten ‘‘Las buenas compañías’’ lanak irabazi du, 9,20 punturekin. Munten beraren eta Jorge Gil Munarrizen gidoiarekin, istorioak 1976. urteko Errenteriara garamatza eta 16 urteko neska gazte baten begiekin ezagutuko dugu Euskal Herriak bizi izan zuen aldaketa garaia.

Sinopsian zehazten denez, Beak borroka feministari ikusgarritasuna emateko eta abortatzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenak egiteko indarrak batzen ditu emakume talde batekin. Hilabeteetan zehar Mirenekin oso harreman estua egingo du. Neska hori bera baino zaharxeagoa da eta familia onekoa. Aktibismo politikoa eta harreman berri hori mugarria izango dira Bearen bizitzan.

Errenterian garai hartan sortutako emakume talde baten bizipenetan oinarritutako filma da ‘‘Las buenas compañías’’. Abortatu nahi zuten emakumeei Estatu frantseserako muga igarotzen laguntzen zieten, abortatzea legezkoa zelako bertan.

Filmaren ernamuina aspaldikoa da. Izan ere, 2015ean Munarrizen Larrotxene kultur etxeko bi ikaslek film labur bat egin zuten horren inguruan. Gidoilariari istorioa gustatu zitzaion eta harritu egin zen Euskal Herrian ez zela ezagunegia konturatu zenean. Orduan hasi ziren ‘‘Las buenas compañías’’ filmean lanean.

Zinemagile kataluniarrak Errenteriako emakume horien bizipenetan oinarrituta egin duen filmaz gainera, beste bi lan ere saritu dira Giza Eskubideen Zinemaldian: ‘‘The Lost Souls of Syria’’ eta ‘‘Yellow’’.

AMNESTY INTERNATIONAL SARIA

‘‘The Lost Souls of Syria’’ izan da Amnesty International Saria eskuratu duena. Stephane Malterrek eta Garance La Caisnek zuzendutako lana siriar erregimeneko artxibotik lapurtutako 27.000 argazkiren inguruko filma da. 2014an publiko egin ziren irudi horietan zibilak agertzen dira, atxilotu eta hil arte torturatu zituztenak.

Biktimen senideak eta aktibistak saiatzen ari dira egia eta justizia bilatzen Europa osoko auzitegietan eta, bost urtez ikertzen eta borrokan jardun ondoren, agerian utzi dute zailtasun handiak daudela arduradunak epaiketara eramateko.

Amnesty Internationalek urtero ematen duen saria ebazteko orduan kontuan hartu dute, epaimahaiak atzo azaldu zuenez, ‘‘The Lost Souls of Syria’’ filmak gordin-gordin erakusten duela, biktimen izen-abizen eta guzti, nazien krimenak gogora dakartzan gertaera bat, ustez gainditua zegoena.

Jaialdia apirilaren 21ean hasi zen eta atzo amaitu zen, zeremonia batekin, Victoria Eugenia antzokian. Zeremonia horretan banatu zuten Amnesty International Saria. Aurtengo ikurra Koldobika Jauregi artistaren eskultura bat izan da: obrari liburu forma eman dio eta emakume afganiarren izenak dakartza orri markatzaileetan. Herrialde horretan emakumeek hezkuntzarako eta kulturarako duten oinarrizko eskubidea irudikatzen du.

Gazte Epaimahaiaren saria, bestalde, ‘‘Yellow’’ laburrak irabazi du, 8,44 punturekin. Elhan Ehsas zuzendari afganiarrak kontatutako istorioa da publikoa gehien harritu duena, hitz gutxi erabiltzen dituen arren. «Giza eskubideen aldarrikapen argi eta sentibera» eskaintzea jarri du balioan epaimahaiak.