Hartzea LOPEZ ARANA
KOLABORAZIOA

Gabatxolandiatik

Duela 30 urte, Euskal Herriko karriketan mobilizazioak azkarrean zirela, izengoiti gutxiesgarria jartzen genien frantsesei: “gabatxoak”. Frantzia euskal militanteen etsaia zen eta, gure ustez, euskaldunak herri bizi eta borrokalaria izanik, estatu inperialista horretako jendea erreakzionario eta lokartua zen.

Gurean iraultzara daramaten iniziatibetan bare gabiltzan sasoi honetan, urtarriletik frantziar herritar ezkertiarrak berriz ari dira protestan, astero, egunero. Herri txiki eta hiri handietan, lantokietan, errepideetan manifestazioak, grebak, blokeatzeak antolatuz. Mugimendu sozial anitza berpiztu da, desobedientzian mota askotako ekin-moldeak erabiliz.

Macronek eta bere ministroek ukondoz ukondo jarri dituzte sindikalistak, ikasleak, jaka hori izandakoak, ezker muturra, ekologistak, alderdi politiko zenbait eta beste mota bateko jendeak. Indarrez jarri erreforma esanguratsua kentzeko; lehendakariak, bere metodo eta deklarazio autoritarioekin, dinamikari behin eta berriz eman dio hauspoa. Iritzi inkestek Macronen onarpena peko errekan jotzen dutela, haren sistemaren alde zakarrenak daude agerian. Erregea bakarrik dago, zauriturik, baita parlamentuan ere. Bere defentsarako promesa antzuak, mespretxua eta polizia besterik ez zaizkio geratzen, gauzak lasaituko diren esperantzan. Krisia aipu da eskuinetik ezkerrera, eta ezkorrenen ahotan, eskuin muturrera gero eta gehiago lerratzen ari da exekutiboa.

Erretreten erreformaren kontra kaleratzen direnek, gutxiago eta hobeto lan egitearen aldarrikapenak azalarazteaz gain, frantziar V. Errepublikaren ibilmoldeari egin nahi diote aurre, baita, legalki bada ere, elite batek inposizioz eta bere pribilegiorako gehiengo zabalari baldintza larriagoak jarri nahi izanari ere. Erretretaren defizita pagatzeko dirua egon badago, besteak beste hautetsien adiskide diren enpresari erraldoien poltsikoetan. Arlo sozialarekin batera, lurraren aldeko mugimendua antzeko irakurketa eta bultzada ari da hartzen. Apirilean Sainte-Soline herrixkan ur erreserben kontra gertatu asteburu gogorrak eta ondotik Barne ministroak Soulèvements de la terre koordinazioa zigortu nahi izanak bazterrak mugitu dituzte, ingurune ekologista inarrosi. Hor ere, hainbat sektoretako militanteek eta biztanleek zubiak eraiki dituzte, boteretsuen asmoen oztopatzeko azken horien guneetara joan behar dela erabakita.

Aurkari guztiak temati daude eta, gaur egun, panorama honetatik gaztainak nork aterako dituen iragartzea fikzioa da. Halako lurrikarek eragiten dituzten erreakzioen artean, bortizkeriaren erabilpenaren inguruko eztabaidak bestelako tankera hartu du. Ohituraz indar armatu legalei onarpen handiagoa eta kale borrokalariei txikiagoa ematen zaien arren, paradigma aldaketa ageri da jendartean eta prentsa iritzi batzuetan. Biolentzia, lehenik eta behin, Gobernuari egozten zaio, eta aurkarien erantzuna, lehenaren bizkar. Horrek ez die enfrentamenduak oroz gainetik bultzatu nahi dituztenei argi berde osorik ematen. Taktika horretan, Sainte-Solinen izandako manifestari zauritu andanak indarra noren esku dagoen argi utzi du, eta irabazteko, dibertsitatea ezinbestekoa dela antzeman dute askok.

Macroni lau urte geratzen zaizkio jauregian eta behingoz, hainbeste egur jaso ondoren, haren politikaren kontra egonkortzen ari diren mugidek esperantza dakarte bihotzean, erreformak erreforma, erregea botatzeko edo bederen haren planen zapuzteko gaitasuna dagoela konbentziturik. Ez da 68ko maiatza, grebalarien kopurua askoz murritzagoa izanik, baina gazteek sekuentzia hau halaxe bizi dute, eta adinekoek, udaberri aire gisa. Frantzian liberalismoari traba egiten bazaio, Europan ere aztarnak utziko dituela sinetsita, iraganean gertatu bezala. Beste behin, gabatxoek ematen digute lezioa.