GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Elordik partida ona jokatu arren, Altunak irabazi du

Mallabitarrak estu hartu du Altuna, ausart eta erasokor jokatuta, baina hura mendean hartzeko ez da nahikoa izan (18-22). Amezketarra finalerdietan da.

Altuna III. a eta Elordi, atzoko partidan. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Asko jokatu duzu. Bai, baina hala ere, galdu». Ezin hobeto laburbildu zuen Elordik EITBko kameren aurrean atzo Eibarren gertatutakoa. Bete-beteko dema jokatu zuten Altuna III.ak eta Elordik, eta askotariko tantoak egin zituzten: boleaz, dejadaz, sakez, gantxoz... Astelena pilotalekura hurbildu ziren zaleek gozatu ederra hartu zuten. Ez, ordea, Elordik. Partidako hainbat unetan amezketarra estu hartu bazuen ere, ez zen nahikoa izan hura mendean hartzeko.

«Orain pena puntu horrekin nago, baina uste dut denbora pasatzen denean pozik egongo naizela. Gauza positibo asko atera daitezke partidatik», eta ez du besterik. Elordik badaki Altuna bezalako pilotari baten aurka irabazteko, gauzak ondo baino hobeto egin behar direla, eta oso gertu egon zen helburua lortzetik.

Hasieratik bizi jokatu zuen mallabitarrak; bere sake onari abantaila atera zion, Altuna botean jartzera behartuz. Lasorekin gertatu antzera, Altunak ez zuen ondo hasi dema. Izan ere, 8. tantora iritsi arte, behin bakarrik hartu zion aurrea markagailuan Elordiri.

8-8 zihoazela, Altunak pauso bat aurrera egin zuen, sei tanto jarraian kateatuta (14-8). Lehen hiruak sakez egin zituen. Momentu horretan partida Altunaren alde hausteko zorian egon zen, baina mallabitarra berpiztu egin zen, eta amezketarraren bi hutsegite tarteko, aldea berdintzea lortu zuen (15-15).

Oso ausart jokatuta heldu zen Elordi 18. tantora. Une horretan izan zen inflexio puntua Altunarentzat. Amezketarra aldagelara joan zen, eta hortik aurrera, Altunak tanto bat bestearen atzetik egin zuen, 22.era iritsi arte.

Amezketarrak Buruz Buruko finalerdietarako txartela lortu du jardunaldi baten faltan -Elezkanoren aurka jokatzea falta zaio-. Taulako beste aldean, Lasok edo Elordik jokatzeko duten neurketan erabakiko da zein sailkatzen den finalerdietara.