GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Etxekoak zure kalte ari direnean


Jakineko kontua da haur baten guraso izateak berekin dakartzala maitatzeko era berezia eta etengabeko kezka. Egunik onenetan ere, bada buru-bihotzaren ertzean ume horren bizitzari buruz hartzen dituzun erabakien inguruko zalantza.

Baina badakizu, guraso zaren heinean, tratua halakoa dela; asko maitatzeak kezkak eta beldurrak dituela bidelagun.

Eta bide horretan, begira hasten zara zorrotz. Inoizko abiadura handiena eta aukera zabalena eskura jartzen digun mundu modernoan, behaketan hasten zara, zure ardurapean dagoen haur horrentzat egokiena den bidea hautatzeko.

Edo hala izan da, bederen, oraintsu arte. Aurrerantzean ez dute gurasoen begiek erabakiko zein bidezidor hartu, Hezkuntza Sailak baizik.

Haurra bera, gurasoak eta haien iritzi eta asmoak ezagutu gabe, eta ezagutzeko inolako asmorik gabe, Lakuako bulego batean erabakiko dute, aldebakartasunez, hango eta hemengo haurren eskolatzea non eta nolakoa izango den. Goitik beherako botere harremana da gure artekoa, Hezkuntza Saila gurasoen gainetik jarri baita, inork gutxik ulertzen dituen irizpide lauso batzuen aitzakian.

Eurek adostutako legea, guztion artean ordaindutako baliabideak eta burokraziaren nagia alde dituztela, erraza da eurentzat egoera luzatzea. Finean, esan berri du Bildarratz sailburuak familia gutxi batzuei baino ez diela eragiten erabaki honek eta men egiten ez duten gurasoen seme-alabek ez dutela eskola-espedienterik izango, gurasoek aukeratutako eskolan jarraitzea erabakitzen badute.

Noiztik zaio zilegi Hezkuntza Sailari herritarrak, gurasoak eta gure seme-alabak horrela tratatzea? Nork eman dio gure seme-alaben etorkizunaren gaineko eskumena? Hezkuntza komunitatea noiz arte da komunitate? Hezkuntza Sailari hala komeni zaion arte? Nork sinetsarazi dio Bildarratz jaunari gure seme-alabei buruzko erabakirik har dezakeela?

Horrela pentsatzen al dute sailburuak eta bere taldeak segregazioaren arazoari aurre egitea? Ez al gara aurtengo prozesuan parte hartutako familien %6 bakarrik? Segregazioa ekiditeko, galdetegi bat betearazi zenuten. Galdetegi horrek ezin du inola ere familia baten zaurgarritasun maila neurtu, bizitzako une konkretu batean betetzen delako eta bertako galderek ez dutelako zerikusirik zaurgarritasunarekin. Gai horrek prozesu luzeagoa, progresiboa, serioagoa, gardenagoa, objektiboagoa eta neurgarria eskatzen du.

Eta non dago Kristau Eskola, ikastetxearen eta bertako familien eskubideak defendatu behar dituen eragilea? Baloreetan oinarritutako hezkuntza eredua izanik, zer erakusten ari da? Zergatik adostu edo baimendu du Hezkuntza Sailarekin gure ikastetxeetako familien seme-alabak kromoak balira bezala truka daitezkeela? Zer familia eredu du buruan? Kide batzuk bazterrean uzten dituen familia eredua? Zergatik ez da gurekin harremanetan jarri, egoera nola konpon daitekeen aztertzeko?

Esan gabe doa legea, logika eta bihotza eskutan ditugula egingo dizuegula aurre, behar den tokian. Bien bitartean, gure babesa eta elkartasuna helarazi nahi diegu erabaki honek erasandako familiei. Bidelagun izan gaituzue orain arte eta hala izango gaituzue aurrerantzean ere, bidegabekeria hau konpondu arte.