GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Ibaien ikuspegi holistikoa, premiazkoagoa lehortean


Mendeetan zehar, gizakien egonlekuak ibaien ertzetan kokatu dira, haien emaria aprobetxatzeko. Herrientzako eta nekazarientzako ur-iturri izateaz gain, energia-iturri berriztagarri garrantzitsuak ere izan dira. Errotetako eta burdinoletako indar hidraulikoaren erabilera aspaldikoa da. Ondoren, energia hidroelektrikoaren aprobetxamendua etorri zen, eta horrek bigarren mailan utzi zituen uraren indarraren aurreko erabilerak. Eta geroago zentral hidroelektriko handiak iritsi ziren, ibaien ibilgua eta uretako bizitza errotik aldatu zituztenak, ordurako oztopoz nahiko beteak baitzeuden, ur-emariaz gizadiak egiten zuen aprobetxamenduaren ondorioz. Artikutzako presa zati bat eraisteko plana -jada erabiltzen ez dena- gizakiak ibaien arroetan duen eraginaren erakusgarri ona da.

Energia hidroelektrikoak munduko elektrizitate berriztagarriaren iturri nagusietako bat izaten jarraitzen du, baina berotze globala klima aldatzen ari da, baita prezipitazioen erregimena ere. Gero eta ugariagoak eta luzeagoak dira lehorte-aldiak, eta horrek derrigorrez ibaietako energia hidraulikoari potentziala kentzen dio. Izan ere, 2022an Hego Euskal Herrian energia hidroelektrikoaren sorkuntza batez bestekoaren %30 azpitik kokatu zen. Ibilguaren ur-falta horrek espiral arriskutsua eragiten du: jatorri berriztagarriko elektrizitatearen sorrera murrizten da, eta horrek klima-aldaketa azkartzen du; berotze global horrek, era berean, prezipitazioen erregimena aldatzen du, ibaiek elektrizitatea sortzeko duten ahalmena are gehiago murriztuta. Eta horrela, atzeraelikatzen den dinamika arriskutsu batean sartzen da klima.

Larrialdi klimatikoaren ondorioz, energia berriztagarriei buruz dugun interesa berritu egin da, erabiltzen ez diren zentral hidroelektriko txiki askok orain enpresen eta planifikatzaileen arreta bereganatzeraino. Hala ere, arro hidrografikoek ekosistema delikatua osatzen dute, eta giza- aprobetxamenduek ibai-faunaren eta -floraren biodibertsitatea baldintza dezakete. Inoiz baino beharrezkoagoa da larrialdi klimatikoari ikuspegi holistikotik heltzea.