GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Margaret River 2023: Carissa Moore eta Gabriel Medina, txapeldun

Carissa Moore eta Gabriel Medina gailendu ziren Margaret River-en. WSL itzuliko bosgarren lehiaketaren ostean lehiakide kopurua erdira jaitsi da CT eta WCT rankingetan. Bigarren mailara jaitsi diren lehiakideen artean dago, esaterako, Kelly Slater.

Carissa Moore eta Gabriel Medina txapeldunak. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Ohikoa den moduan olatu handi eta indartsuak izan ziren Margaret River-en eta lehiakideek ikuskizun bikaina eskaini zuten Australia mendebaldeko urautsi mitikoan. Azken txandetan ere hiru metroko olatu ederrak izan ziren eta, azkenean, Carissa Moore hawaiiarra eta Gabriel Medina brasildarra nagusitu ziren.

Bestalde, WSL itzuliko txapelketaren ondoren, nesken zein mutilen kategorietako lehiakide kopurua ia erdira jaitsi da eta kaleratutakoek aurrerantzean bigarren mailan (Challenger Series) lehiatu beharko dute, berriz ere lehen mailara igo ahal izateko.Lehen mailatik kaleratuak izan diren lehiakideen artean surflari beteranoak eta azken urteetan puntako postuetan ibilitakoak daude, baina bada guztien artean nabarmendu beharreko izen bat: Kelly Slater. Hala ere, WSL erakundeak lehen mailan lehiatzen jarraitzeko wildcard bat eskainiko diola iragarri du eta eztabaida bizia sortu da.

GABRIEL MEDINA ITZULI DA AUSTRALIA MENDEBALDEA ITSASKI ASKO ETA HANDIAK JASOTZEN DITUEN KOSTALDEA DA. URTERO IZATEN DIRA OLATU INDARTSUAK MARGARET RIVER-EKO TXAPELKETAN ETA IKUSKIZUNA ERE HALAKOA IZATEN DA. EZ DUTE BETI URAUTSI BEREAN EGITEN TXAPELKETA; BATZUETAN THE BOX IZENEKO URAUTSI BATERA ERE MUGITZEN DIRA, HAIN ZUZEN ERE, LEHIAKIDEAK ITZELEZKO ESKUIN OLATU BOROBILAK ESKAINTZEN DITUEN URAUTSI OSO ARRISKUTSU BATEAN ARITZEKO, BAINA AURTENGOAN OHIKO URAUTSIAN LEHIATU DIRA.

Urautsi nagusia ezker-eskuin lehertzen da, baina lehiakideek oso gutxitan jotzen dute ezkerrerantz eskuin-olatua indartsuagoa eta azkarragoa baita. Margaret River-eko urautsiak duen beste berezitasuna olatuek mugitzen duten ur masa da; olatu handiak izaten dira, mendean hartzeko oso zailak, eta olatuaren amaiera arriskutsua da, ia urik ez duen uharri baten gainean amaitzen baitira olatuak.

Gabriel Medina brasildarra eta Griffin Colapinto estatubatuarra aritu ziren, mutilen kategorian, finalean. Hiru metroko olatu garbietan baina bihurrietan lehiatu ziren eta hala ere, ariketa ikusgarriak egin zituzten bi finalistek.

Medinak hasieratik hartu zuen mendean aurkaria. Berrogei minutuko finala hasi bezain laster bi olatu on egin zituen brasildarrak: bata 9’50 puntukoa eta bestea, 8’00koa. Colapintok ezin izan zuen puntuazio hori ganditu.

Brasildarrak lau olatu hartu zituen eta Colapintok, denera, hamar hartu zituen. Azkenean, bi olatu onenekin, 17’50 puntu zituen Medinak, eta Colapintok 12,27 puntu. Hortaz alde handiz gailendu zen hiru bider munduko txapeldun izandakoa.

Horrela ranking orokorrean lau postu igotzea lortu du brasildarrak eta egun bosgarren postuan da, John John Florencen atzetik. Lehen bi postuetan ere bi brasildar daude: lehenik, Joao Chianca eta bigarren postuan, Filipe Toledo. Jack Robinson australiarrak lesio bat izan zuen eta ez du punturik bildu, eta hirugarren postura jaitsi da. Griffin Colapinto, bestalde, laugarren postura igo da.

Aurrerantzean, lehen mailan diren 34 lehiakideetatik soilik 22 surflarik jarraituko dute lehiatzen; besteak bigarren mailara jaitsiko dira eta Challenger Series mailan lehiatu beharko dute berriz ere lehen mailara igotzeko. Bigarren mailara jaitsi diren surflarien artean badira puntako postuetan ibili diren zenbait surflari; adibidez, Kolohe Andino, Nat Young, Pupo anaiak eta Kelly Slater bera.

MOORE VS WRIGH BADIRUDI AURTEN ERE LEHIA NAGUSIA TYLER WRIGHT AUSTRALIARRAREN ETA CARISSA MOORE HAWAIIARRAREN ARTEAN IZANGO DELA. MUTILEN FINALEAN BAINO BALDINTZA ZAILAGOAK IZAN ZIREN NESKENEAN; IZAN ERE, HAIZEA APUR BAT HARROTU ZEN ETA OLATUAK APUR BAT NARRASTU ZIREN. HALA ERE, BI SURFLARIEK OLATUAK BIKAIN MARRAZTU ZITUZTEN ETA IKUSKIZUN ITZELA ESKAINI ZUTEN.

Seina olatu hartu zituzten bi arerioek, eta oso parekatuak izan ziren. Lehen hogei minutuetan Wright izan zen nagusi, baina amaieran hawaiiarra gailendu zen. Bi bider munduko txapelduna izandako australiarrak 9’17 puntu eskuratu zituen bere bi olatu onenekin (4’60 + 4’57). Munduko WSL txapela lau bider irabazi duen hawaiiarrak, ordea, 11’10 puntu jaso zituen (6’10 + 5’00).

Moore nagusi izan zen Margaret River-en, baina nesken WCT rankingean, Tyler Wright da egun buru. Hawaiiarra bigarren postuan dago, eta Molly Picklum australiarra hirugarren postura jaitsi da lidergoa galdu ostean.

Nesken kategorian 17 lehiakide izaten dira lehen mailan, baina aurrerantzean zazpi lehiakide gutxiago arituko dira. Mutilen kasuan bezala, kaleratuen artean badira lehiakide indartsuak; esaterako, Sally Fitzgibbons, Courtney Conlogue eta Brissa Hennessy.