Jon GARMENDIA
idazlea

Gutuna 1

Mugeta eskuan duzula ikusten zaitut oraino, maiatzaren leheneko ohiturari jarraiki, «langile klaseari eta heien borrokari zentzurik kendu nahi» ez zeniela. Ikusiko bazenitu, haietariko anitz zertan eta nola dabiltzan, agian ez zenuke gauza bera erranen. Tira, polemikarik sortzeko emeiarik ez dut, baina kontatu behar nizun nehoiz baino arrazoi gehiago dituela langileak bere buruaren eta klasearen alde hitz egin eta ekiteko eta nehoiz baino zatitu eta tipituago ikusten dudala nik. Hala ere, maite zenuen Frantzian mugitzen da jenderik karrikan, etorkizunarekin kezkatua, oinordekoei zer utziko, oinordekoek zer biziko, haiek ez dute irabazitako eskubideen bidean zentimetrorik gibelera egin nahi, baina susmoa dut ni eta nire inguruko anitzek kanapean irabazi ditugula lehen ez genituen zentimetro horiek.

Ados, itzaliko dut telebista, musika aparagailua, eta sakelako telefonoari begiratzeari utziko diot gaira itzultzeko. Mugetaz ari bainintzen, eta oraino oroitzen dudalako Langileen Nazioarteko Eguna geroago etorri zela erran zenidala, «Convallaria majalis» askoz lehenagokoa zela, bazter orotan loratzen dena, eguzkiak jotzen ez duenetan ere bai, epe jakin batez, gero agur erranen baitu hurrengo urte arte. Lore usaintsua behartsuek saltzen zutela zenioen, sos batzuk eskuratu edo janaria lortzeko. Garbiñeri galdetu diot bere berri, kontatuko dizut zer dioen. Gure garaiaren berri eman nahi nizun gutun honekin egun honetan, seguru naiz askok dutela gogoan norbait nik bezala, eta faltan sumatzen dutela. Nik zu bezala.