GARA Euskal Herriko egunkaria

Banaketa


Euskal kontu zahar batean Jupiterrek ondasunak banatzen dizkie aberatsei. Apaizek, hori ikusita, euren partea eskatu zuten. Jupiterrek erantzuten die aberatsek dituztela; eta apaizek, haserre: «Eta guretzat zer, pazientzia?». Eta halaxe pazientzia eraman zuten. Laborariak agertu ziren orduan, eta aberastasunik gabe: «Orduan guretzat zer, pazientzia?», galdegin zioten laborariek Jupiterri. Baina hori apaizek eraman zutela. «Eta guretzat orduan zer, kaka zaharra?». Eta halaxe, laborariek kaka zaharra eraman zuten. Eta ordutik horrela omen dago banatuta mundua.

Txomin Ipurdik erregeari urrezko txanpon bat eskatu nahi omen dio, ama eta biak lasai bizi daitezen. Bidean azeria eta otsoa lagun egiten ditu, haiek ere Erregearen “gutizia” batzuk nahi dituztela. Gaztelura iritsita, Erregeak preso sartu du eta, ondoren, plazan erretzeko ahalegina egingo du, baina bere lagunei esker garaile irten da eta Erregea sosik gabe utzi, txanpon baten ordez guztiak hartuz; bere lagunak ere, aski asetuta bueltatu dira etxera.

Kontu zaharretan jendarteko behe mailako herritarren kultura islatu izan da gizaldiz gizaldi. Boterearekiko harreman desorekatuak azaltzen dira istorio fantastikoetan. Ahozko kulturan, mundua aberatsen eta pobreen artean banatuta dagoela argi zuten, kontalariak eta entzuleak zein aldetan zeuden bezain argi. Istorioen fantasiak errealitatea gogora ekartzen zuen. Banaketa hankaz gora jartzea falta zen. Falta da.