GARA Euskal Herriko egunkaria

Desinformazioa handitzen ari da munduan, Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dutenez

Propaganda politikoa, manipulazio ekonomikoa, adimen artifizialak sortzen dituen eduki faltsuak: desinformazioa, zentzu zabalean, gero eta mehatxu handiagoa da munduko prentsa askatasunarentzat, Mugarik Gabeko Kazetariak (RSF) erakundeak bere 21. urteko txostenean salatu duenez.

Kalitatezko prentsa aldarrikatzen, Vienan, Austrian. (Ioe KLAMAR | AFP)

Desinformazioak aurrera egin du eta gero eta pisu handiagoa hartzen ari da, egia eta gezurra bereiztea zailtzen duten propaganda kanpainen bidez. Mugarik Gabeko Kazetariak (RSF) erakundea kexu azaldu da munduan prentsa askatasunak dituen zailtasunen inguruan.

180 herrialdetako egoera aztertzen duen aurtengo txostena azaldu zuen atzo, Prentsa Askatasunaren Munduko Egunean. RSFk atzerakada antzeman du, oro har; hamar herrialdetik hiruk baino ez dute egoera «egokia».

«Ezegonkortasuna botereak sare sozialetan eta mundu fisikoan kazetarien aurka duen gero eta agresibitate handiagoaren ondorioa da», salatu zuen Christophe Deloire RSFko idazkari nagusiak. Desinformazio kanpainak ere aipatu zituen, «simulakroaren industria».

Adimen artifizial sortzailearen garapenak «hedabideen unibertso jada hauskorra astindu du». Elon Muskek Twitterren duen jarrera ere salatzen du ikerketak, «logika arbitrario eta zentsurazkoa muturrera eraman duelako». Horrek kazetaritza «harea mugikorren» amildegian uzten du, gaineratu du RSFko idazkari nagusiak.

Desinformazioa Ukrainako gerran elikatu den gudu-zelaia da. RSFk Errusia jartzen du jomugan, bere diskurtso ofiziala zabaltzeko «denbora errekor batean armategi mediatiko bat martxan jarri zuelako». Horrek herrialde hori RSFren sailkapenean bederatzi koska atzera eginda 164. posturaino jaistea eragin du. Ikerketak Ukrainan ere kazetari lanean jardutea inoiz baino zailagoa dela onartzen du, baina inbasioari leporatzen dio horren erantzukizuna, ez Kieveko Gobernuaren aspaldiko noraezari.

Prentsa askatasunaren egoera «oso larria» da 31 herrialdetan, «zaila» 42tan, «problematikoa» 55etan eta soilik 52 herrialdetan da «ona» edo «oso ona», ia guztiak Europan.

Norvegia da zerrendaburu zazpigarren urtez jarraian eta ondoren Irlanda dago, Finlandiak eta Suediak pixka bat atzera egin ondoren.

ZERRENDAN AZKENAK

. Egonkorragoa da sailkapenaren behealdea: Ipar Koreak jarraitzen du azkena, Txinaren aurretik. «Munduko kazetarientzako espetxe handiena» eta «propaganda edukien faktoria nagusietako bat» da Asiako erraldoia. Txinaren gainetik dago Vietnam, «kazetari eta esatari independenteen jazarpena indartu duena».

Behera egin dutenen artean AEBak nabarmentzen dira; bi kazetariren hilketak eragin du herrialdea 45. postura jaistea.

Indian oligarken esku dauden hedabideen kontzentrazioak eta Turkiako hauteskundeen atarian kazetariak sufritzen ari diren errepresio izugarriak bi herrialde horiek egoera «oso larrian» utzi dituzte. Iranek jaisten jarraitu du, erregimenak gogor erreprimitu dituelako Mahsa Amini emakumezko gazte kurduaren hilketaren inguruko protestak.

Brasilek 18 postu aurrera egin du (92. postua), Lulak Bolsonaro boteretik bota eta gero.