GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

EH Itzuliaren bigarren edizioak zailtasunez gaindi egonkortzea du xede

Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliak bigarren edizioa izango du aurten, maiatzaren 12tik 14ra bitarte lehiatuko dena. Antolatzeko zailtasunak nabarmendu dituzte aurkezpen ofizialean, baina egonkortzea «asmo argia» dela ziurtatu dute.

Demi Volleringek (SD Worx) iazko edizioko hiru etapak irabazi zituen. (Raul BOGAJO | FOKU)

 

Maiatzaren 12an hasi eta 14an buka, exijentzia handiko hiru etapekin, Euskal Herriko Itzulia izango da bigarrenez euskal errepideetan -lerro hauen azpian, hiru etapen xehetasun guztiak-.

Atzo, Donostiako Udalean egin zuten aurkezpen ekitaldi nagusia, eta han hitza hartu zutenek -Julian Eraso (Oceta), Martin Ibabe (Donostiako Udaleko kirol zinegotzia), Eneko Gaia (Donostiako alkatea), Mari Jose Telleria (Gipuzkoako Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua) eta Gorka Iturriaga (Lakuako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria)- bat etorri ziren nabarmentzen «antolaketa zaila» eta «neketsua» izan dela. Era berean, bigarren edizioa aurrera ateratzeko lagundu duten pertsona oro eskertu zuten, bai eta oinarrian, behe-mailetan lanean aritzen diren txirrindularitza eskolak eta federazioak ere.

GARAri eskainitako adierazpenetan, Oceta enpresako presidente Julian Erasok -txapelketako antolatzaile nagusiak, alegia- «asmoa egonkortasun bat lortzea» dela onartu zuen. Gogoan izan behar da, iazko edizioa hastear zenean, polemikarako tartea egon zela honek eginiko adierazpenekin, «moda» kontua eta «ia-ia derrigor» antolatu zen zerbait izan zela adierazi baitzuen.

Diskurtso hori apalduta azaldu zen atzo, eta emakumezkoen txirrindularitza eta kirola, oro har, «olatu geldiezin bat direla» eta ezinbestez «hauspotu» egin behar direla adierazi zuen. Zaleak errepide bazterretan egotea eta txirrindulariak animatzearen garrantzia ere nabarmendu zuen, «denon lana baita emakumezkoen txirrindularitza ere goi mailan jartzea».

Oraingoz, hiru etapetako Itzulia «egonkortu» eta «sendotu» behar dela esan zuen, eta «gero ikusiko da ea posible den sei etapatara luzatzea».



Demi Vollering, iazko txapelduna

126 txirrindulari eta 21 taldek neurtuko dituzte indarrak eta hutsune nabariena, agian, Ane Santestebanen Team Jayco taldearena da. Bai egongo dira, bestalde, UCI World Tour mailako Movistar talde nafarra eta Continental mailako Laboral Kutxa, Bizkaia-Durango eta Sopela.

Lau euskal txirrindulari irtengo dira errepidera, onenekin lehian egoteko prest: Eukene Larrarte (Bizkaia-Durango), Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa), Eneritz Vadillo (Laboral Kutxa) eta Muskilda Oloriz (Sopela). Eneritz Iturriaga kirol zuzendari den Eneicat-CMTeam-Seguros Deportivos talde espainiarra ere lehiatuko da.

Bestalde, iazko irabazle Demi Vollering (SD Worx) izango da gertutik jarraitu beharreko txirrindularia, eta lasterketa guztietan zeresana ematen ari diren Van Vleuten (Movistar), Steels (Israel Premier Tech Roland), Cavalli (FDJ-Suez), besteak beste. Bai eta Jumbo-Visma taldea ere, Espainiako Vueltan, lehen etapa, taldekako erlojuaren kontrakoan, garaile izan zena, Karlijn Swinkels eta Maud Oudemanekin.. A.U.A.