GARAZI CASTAÑO
Interview
Gorka Larcan
Ile estilista eta artista bisuala

«Jendeak Euskal Herriarekiko zuen irudia aldatzen ari da»

Ile estilismoa eta eskultura modu berean ulertzen ditu Gorka Larcanek (Algorta, 1996). Madrilera joan zen estimulu gehiagoren bila, eta bere estilo «abertzale-modernoa» gutxika sortzen joan da han. Euskal Herrian ileak duen garrantzia ez du Madrilen topatu.

(GARA)

Diseinu grafikoan hasi zenuen zure bidea, eta orain ilearekin irudia sortzen duzu. Nolakoa izan da zure ibilbide artistikoa? Noiz egin zenuen diseinu grafikotik ile estilismorako jauzia?

Arte Ederrak ikasi nituen. Momentu horretan bertan hasi nintzen diseinu grafikoaren munduan lan egiten. Baina beti gustatu izan zait ilearen mundua. Oso presente egon da betidanik nire bizitzan. Haur bat nintzenean, handitan diseinatzailea eta ile apaintzailea izan nahi nuela esaten nuen beti. Fakultatean, argazki saioetan ilea prestatzen hasi nintzen. Eta eskultura ere maite izan nuen; zeramikarekin lan asko egin nuen fakultatean. Ikasketak amaitutakoan ere zeramikarekin lan egin nuen pixka bat, baina zerbait gehiago nahi nuela erabaki nuen azkenean. Bilbon bertan ikasi nuen ile apaindegiko gradua, eta horrela hasi nintzen mundu horretan tokia egiten.

Elkarrizketaren batean entzun dut etxetik jaso zenuela ile estilismorako zaletasuna. Etxeko erreferentziak izan dituzu. Eta kanpokoak?

Nire izeko izan dut erreferentzia nagusia. Baita amama ere. Beti izan da ausarta eta lotsagabea ilearekin, beti orrazkera asimetrikoak eta antzekoak daramatza. Eta asko gustatzen zitzaidan. Niretzat erreferentzia bat zen, amama modernoa. Kanpotik ere jaso ditut erreferentzia ugari, Instagrametik edo artistengandik.

Baduzu zure lana edo arte estiloa definitzeko modurik?

Oraintxe bertan, abertzale-modernoa edo horrelako termino bat litzateke egokia. Ez dakit. Niretzat oso eredugarria da Euskal Herria. Primarioa da, nolabait esatearren, erreferente bezala. Han kaletik ikusten ditudan ileak edo orrazkerak... Adibidez, Somera kalea niretzat oso garrantzitsua da, estilo desberdin mordoa ikusten dut han. Asko gustatzen zait Bilbora itzuli eta horrelako gauzak kalean ikustea.

Madrilen, adibidez, jendea modernoa da, baina ilearekin ez hainbeste. Arroparekin badira, baina ilearekin ez. Zentzu horretan, Euskal Herria nire top-a da.

Zure Instagram kontuan ikusi dut ile estilismo batzuen storyak «aizkorakada» izenpean bildu dituzula. Ohikoa zaigun iseka zeureganatu duzu?

Bai, horretan nabil hain justu: horretaz birjabetzen. Nire kultura dena mundura eramaten.

Sorginak eta, oro har, euskal mitologia ere inspirazio iturri dituzu. Unibertso propio horretan, joera globalak eta etxekoak nahasten dituzu?

Une honetan Euskal Herriko beka batekin lanean ari naiz. Lan horretan ilea eskultura bezala proiektatzen ari naiz. Euskal Herrian ileak duen garrantzia transmititu nahian. Mitologiako erreferentziekin lan egiten dut: euskal laminak, sorginak, Basajaun... Bereziki emakumeen figurak interesatzen zaizkit. Agian gehiago iristen zaidan zerbait delako. Horrekin nabil bereziki une honetan, baina figura asko daude nire memorian lanean, eta horiek ere landu nahi ditut.

Euskal erreferentzia horiek guztiak kanpora eramatean, nolako erreakzioa jasotzen duzu? Errefusatzeko joera dago edo elkar ulertzeko bideak agertzen ari dira gehiago?

Elkar ulertzen ari gara. Jendeak jada ez du duela urte batzuk zuen Euskal Herriaren irudia. Nik uste dut jendea momentu honetan ongi harrapatzen ari dela nire estiloa, Madrilen oso gustagarria suertatzen ari da. Nire ustez arrazoi aski sendoak daude hala gertatzeko. Madrileko norbaiti kopeta-ile abertzale bat moztu izan diodanean, esan diot «super vasca zara», eta erreakzioa beti da positiboa. Nahi zutena dela esaten didate. Hori oso polita da.

Zein arlotan lan egiten duzu?

Denetarik egiten dut, gehienbat musikan eta modan. Musika kontuak batez ere Euskal Herrian egiten ditut. Adibidez, Pello Reparazekin lan egin dut, baita Bulegorekin ere. Joan den urtean BBK Liven M.I.A. artista orraztu nuen. Baina Madril salto bat izan da niretzat: hango Fashion Week-eko bi ediziotan izan naiz lanean.

Zein izan da zure proiekturik kutunena? Edo bitxiena, bestela?

Uste dut, orokorrean, gauza guztiekin sentsazio berezia dudala. Baina, esate baterako, Euskal Herrian jasotako bekarekin buruko tradizional baten forma duen ileorde bat egin dut. Hori izan da nire ‘‘umetxoa’’.

Modaren eta estilismoaren munduaren irudi oso elitista izaten dugu normalean. Zuk Fashion Week ezagutu duzunez, hala dela uste duzu? Bestelako aurpegirik ba al du?

Mundu oso estresagarria da benetan. Denak izan behar du perfektua, eta presio handia dago orokorrean. Jende famatuarekin, gainera, handitu egiten da presioa. Hala ere, denetarik dago. Adibidez, Fashion Week-ean EGO plataforma dago. EGO hasiberrientzako eta goranzko joeran dauden profesionalentzako eguna da. Lan egiteko gogo handia duen jendea dago bertan, ideia oso onekin... Gehien gozatzen dudan eguna da hori; lasaiago nago, ez dago hainbesteko presioa... Bi aurpegi daude Fashion Week-aren mundu horretan.

Bizitza proiektu duin bat garatzeko moduan sentitzen al zara?

Oraindik ere lan handia dago egiteko. Asko gara eta ez dago hainbesteko lanik denentzat. Horrelako lanek ez dute onarpen handirik eta, gainera, ez daude ondo ordainduta. Errekonozimendu falta bat dago. Horregatik izan da niretzat hain garrantzitsua beka eskuratzea. Ilearen mundu hau beste ikuspegi batetik ikusarazi nahi dut, kutsu artistikoa nabarmendu.

Oraindik ere ezezaguna al da ile estilismoaren mundua? Sektore honen zentzu edo ikuspegi artistikoa barneratua dago?

Bai, hori horrela da. Gradua egiten ari nintzenean, esaterako, bezero batzuei ilea egiten nenbilela, aurrez Arte Ederrak ikasi nituela aipatzean, harritu egin ziren, eta galdetu zidaten zer egiten ari nintzen han. Niretzat harreman oso sakona dute bi esparruek, niretzako guztiz zentzuzkoa da artea eta ilea uztartzea. Eskultura moduan ulertzen dut nik, eta ez dut ulertzen zergatik ez den hala hartzen.

Buruetako ile estilismoa lantzeaz gain, belarritakoak, oinetakoak eta bestelako osagarriak ere egiten dituzu. Horiek ere eskulturarekin harremana dute.

Oraintxe bertan ‘‘ileen zoroa’’ naiz, burua pixka bat galtzen ari naiz eta ilea beste toki batzuetan txertatzen ari naiz. Bereziki ikusteko, ileak buruan zentzua duen arren, aurpegitik kanpo kokatzen badugu beste esanahi edo zentzu desberdin bat hartzen duela. Eta nazka edo antzeko sentimenduak sor ditzakeela. Hori asko gustatzen zait: gauza itsusiak, nazka probokatzea... Nahiz eta uste dudan nire estiloa ez dela hain zikina, izatez; oreka bat bilatzea asko gustatzen zait.

Etxera itzultzeko gogoa berreskuratu duzu?

Une honetan ez dut nire burua Euskal Herrian ikusten. Orain behar dudana ez dago han. Pena da, niri Bilbo asko gustatzen zait. Baina handik joateko erabakia hartu nuen, ez nuelako nire burua bertan ikusten. Ez hiriagatik bere horretan, baizik eta ez nituelako han topatzen nik nahi nituen aukerak. Niretzat garrantzitsua zen Bilbotik irtetea, gauza eta estimulu gehiago jasotzea; eta behin hori pasatu eta gero itzultzea.

Zertan zabiltza oraintxe bertan? Proiekturik baduzu eskuartean?

Oraintxe editorial asko egiten gabiltza, baina gure estiloa jarraituz. Ez gabiltza marka edo pertsona batentzat lanean, geure buruarentzat baizik. Gure estiloarekin eduki gehiago sortzen gabiltza. Lan oso politak egiten ari gara; kolektiboan lanean ari gara, eta talde bat sortzen gabiltzala uste dut.

Modan jarduten dut une honetan gehienbat. Nire mundua hori baita. Musika asko gustatzen zait, baina ez da hain artistikoa. Izan zitekeen arren, normalean kontu oso informalak egiten ditut musikaren arloan. Niri zerbait desberdina sortzea eta eskaintzea gustatzen zait, eta hori bereziki moda munduak ematen dit. Horregatik nahiago dut.