Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
OSASUNA, KOPAKO FINALEAN

Osasunak ezinbestekoa izango du marea gorriaren bultzada Sevillan

Osasunak gaur jokatuko duen Kopako finalari begira, NAIZ Irratiko tertulian kolore gorria bihotzean daramaten bi zale aritu dira solasean bart, eta bat etorri dira egunaz «disfrutatu» nahi dutela.

Gorritxoak, Sadarren beren taldea animatzen, Osasunak jokatutako partida batean.
Gorritxoak, Sadarren beren taldea animatzen, Osasunak jokatutako partida batean. (J. MANTEROLA | FOKU)

«Osasuna epika da guztiaren gainetik»; halaxe deskribatu zuen atzo Iruñeko taldea Eneko Conpains zale gorritxoak NAIZ Irratiko tertulian, Ramon Sola lankideak GARAn aspaldi idatzitako artikulu bat gogora ekarrita. Izan ere, Osasunak gaur jokatuko duen finalak asko du epikatik. Klubaren 103 urteko historian bigarren finala da, Real Madril aurkari ahaltsuaren aurka eta 20.000 jarraitzaile gorritxoren aurrean. Osagai horiek, eta gehiagok, emango diote kutsu epikoa finalari, eta are handiagoa izango da eguna, Osasunak kopa altxatzea lortzen baldin badu.

Helburu horretan, ezinbestekoa izango da marea gorriaren bultzada. Sevillan izango diren Osasunako zaleetako bi dira Conpains eta Leire Martinez. Lehena atzo goizean abiatu zen Gasteiztik Sevillara autoz, Iruñeko lau lagunekin batera. «Aste osoan lasai egon naiz, baina toki guztietatik mezuak heltzen hasi direnean eta Kopako finala gai bakar bilakatu denean, pixka bat urduritzen hasi naiz. Baina final bat disfrutatzeko denez, urduritasuna ongi etorria izan dadila», azaldu zuen Osasunako zaleak.

Leire Martinez iruindarra ere Gasteizen hartu zuten atzo lagunek, eta autoz jaitsi ziren Sevillaraino. «Bidaia luzea da oso. Ia gertuago dugu Paris Sevilla baino», esan zuen barrez Martinezek. Gaurko helburu nagusia «disfrutatzea» izango da, futbolaz harago. Zaleak elkartzen diren gunean egongo dela adierazi zuen iruindarrak, eta bero sapari aurre egiteko eguzkitako krema eta betaurrekoak eramango zituela. Harentzat Osasuna eta futbola beti da «aitzakia bat lagunekin egoteko eta tarte goxo bat pasatzeko». Conpainsek lehen lerroko sarrera du, eta jakin badaki ez duela finala «ongi ikusiko», baina giroaz gozatu ahalko du «inolako dudarik gabe». 20.000 zale gorritxo egongo dira Sevillako bihotzean. «Ea erakusten dugun zer den talde txiki baina handi bat animatzea», esan zuen Conpainsek.

Duela 18 urte Osasunak jokatu zuen lehen finala gogoan zuen iruindarrak: «Argentinan harrapatu ninduen Erasmusen; hain gaizki ere ez nengoen. Justu urte hartan Osasunako bazkidea nintzen eta kanporaketa guztiak ikusi nituen, finala izan ezik, ospa egin behar izan nuelako». Momentu horretan, iruindarrak pentsatzen zuen trena soilik behin pasatzen zela, eta ez zuela aukerarik izango Osasuna berriro ere final batean ikusteko. Baina, «zorionez» bigarrengoz pasatu da eta gozatzeko aukera izango du.

BERRIATUAN, FESTA GIROAN

Jagoba Arrasateren jaioterrian festa giroan daude, asteburuan herriko jaiak ospatzen dituztelako. Bihotza erdibitua du herriak Osasunaren eta Athleticen artean. Hori bai, finalean «herri guztia Osasunarekin eta Jagobarekin egongo da», adierazi zuen Jon Arriola Berriatuko alkateak, eta gaineratu «Jagobarengatik gero eta Osasunako zale gehiago daudela herrian».

Beste horrenbeste esan zuen Aitor Elordi pilotariak. Athleticekoa dela aitortu zuen arren, adierazi zuen Osasunak finala zuri-gorrien aurka jokatuko balu eta haiek irabaziko balute Jagobarengatik «poztuko» litzatekeela: «Herrikidea da, eta nahiz eta Iruñean bizi eta askotan ez izan aukerarik herrian elkarrekin egoteko, asteburuan agian izango dugu aukera batera egoteko, herriko jaiak direla eta. Batera egon garenetan oso harreman ona izan dugu». Pilotariaren ustetan, finalari begira «Euskal Herri osoa Osasunaren alde egongo da».