GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Finalerako azken pausoa emateko, Elx kanporatu beharko du Bera Berak

Talde donostiarrak galdu egin zuen Motive.co Gijonen aurkako itzulerako partida, baina joanekoan eskuratutako 10 goleko aldea nahikoa izan zuen ligako finalerdietarako txartela eskuratzeko. Beti Onakek irabazi egin zuen; Zuazok, aldiz, galdu.

Marie Louis hegaleko jokalaria, joaneko partidako irudi batean. (Carlos DICKMANN)

Profesional gisara Marizza Faria paraguaitarrak sartutako azken golak garaipen historikoa eman zion Motive.co Gijon taldeari Gascan. Sekula Bera Bera garaitu gabe zegoen ligako partida batean -Kopan, 2018ko finalean irabazi zion- eta atzo lortu zuen aurreneko aldiz. Garaipenak, baina, ezer gutxirako balio du, ohorerako ez bada. Bera Berak jokatuko ditu ligako finalerdiak eta Elx izango du aurkari, emozio handiko kanporaketan, saria galanta baita: finalerako txartela. Donostian erabakiko da dema, behar izanez gero, hirugarren partida ere Jose Antonio Gascan jokatuko baita.

Final-laurdenetako lehiak emoziotik gutxi izan zuen, Asturiasen jokaturiko joaneko partidan 10 goleko aldearekin irabazi baitzuen Bera Berak eta errenta hori gakoa izan baitzen itzulerako partidan ere. «Ligako partida bat gehiago balitz bezala jokatu behar dugu, han zer egin genuen kontuan hartu gabe», onartu zion GARAri Alba Menendez kapitainak, Donostiako Udalean jaso zuten harrera ekitaldian.

Topikoak topiko, zaila izaten da joaneko partidan egindakoa ahaztea eta, hein handi batean, emaitza hori ere baliatzen jakin egin behar da. Donostiarrek horixe bera egin zuten atzo, partidari une oro aurrez aurre begiratuz, noski.

PATXADAZ

Imanol Alvarezek sistema eta taktika berriak probatzeko aprobetxatu zuen, baita jokalari batzuei atseden emateko ere: Karstenek arazoak ditu atzamar batean eta, beraz, nahiago izan zuen argentinarra aulkian mantendu; Cavok ere bigarren zatian jokatu zuen, Boada gutxika-gutxika joan zen partidan sartzen...

Bera Beraren iparrorratza, baina, betikoa izan zen -edo denboraldi honetan ohikoa dena-: Esther Arrojeria. Zortzi gol egin zituen usurbildarrak -jaurtiketa bakarra huts egin zuen- eta lehenengo zatian sartu zituen horietako zazpi, %100 asmatuta.

Usurbildarraren gol batekin eta jarraian Mariane Fernandesen beste batekin, 10. minutuan jarri zen Bera Bera lehen aldiz aurretik markagailuan. Ordura arte, Cachedaren gidaritzapean, Motive.co Gijonek agindu zuen, baita gero ere. Lagunak eta De Andresek markagailua irauli zuten (7-8) eta, kolpe batzuk trukatu ostean, 3-7ko partzial batekin aldea ireki zuen kanpoko taldeak (12-16).

Lau goleko aldeak itxaropenerako aitzakia ederra izan behar zukeen asturiarrentzat, baina Bera Berak, ohartu orduko, martxa bat gehiago sartu eta atsedenaldirako, gol batera hurbildu ziren (16-17).

Bigarren zatia hasi eta berehala, Arcos eta Marianeren bitartez, partida berdindu zuten donostiarrek eta Giuliana Gavilanek, minutuak pilatu ahala, bi gol egin eta markagailua irauli zuen (20-19).

Arcos, Arrojeria eta Erauskinen bitartez, bi goleko errenta ezarri zuten (23-21), baina ezinezkoa izan zuten ihes egitea eta hori kanpotarren meritua izan zen. Azkenerako, gainera, kolpeen truke horretan, ondo eutsi eta garaipena eskuratu dute.

BETI ONAK, SALBAZIOTIK GERTUAGO

Jaitsiera faseko lehen partidan, Laserren, galdu ostean, Beti Onak talde nafarrak garaipen garrantzitsua eskuratu zuen bigarren jardunaldian, Grafometal La Riojaren aurka (26-21).

Atsedenaldira arte errioxarrek estutu egin zuten (10-8), baina aldageletatik bueltan martxa bat gehiago sartu zuen Beti Onak-ek eta 7-0ko partziala erabakigarria izan zen (17-8) bi puntuak poltsikoratzeko.

Hala, 11 punturekin lidergoan kokatu dira Atarrabiakoak eta, 8 punturen faltan, jaitsieratik 6 puntura daude. Izan ere, Zuazok ere galdu egin zuen Granollersen aurka eta bost punturekin geratzen dira bizkaitarrak, errioxarren pare.

Beti Onak-i irabazteak itxaropen apurra piztu zuen, baina Granollersen aurkako porrot honek (20-26) guztia zapuztu du. Zortzi puntu geratzen dira jokoan eta salbazioak ezinezkoa dirudi bizkaitarrentzat. Gogotik saiatu badira ere, ezin izan dute saihestu saihetsezina zirudiena. Hurrengo jardunaldian Logroño bisitatuko dute, lehia erabakigarrian.