Urtzi URRUTIKOETXEA
INTERNET ETA EGILE ESKUBIDEAK

Liburutegi zerbitzua ala copyright urraketa?

AEBko epaile federal baten erabakiak eztabaida piztu du: Internet Archive webgunearen aurka salaketa jarri zuten lau argitaletxe handiri arrazoi eman die. Liburutegi digital horrek paperezko liburuak eskaneatu eta epe baterako maileguan ematen ditu eta enpresek diote copyright eskubideak urratzen dituela. Aldekoek, ostera, liburutegi arrunt baten lana dela deritzote, eta epaiak oso bide arriskutsua irekitzen duela.

Ezkerrean, gizonezko bat, etxeko apalategitik liburu elektronikoa hartzen. Eta lerroon gainean, Brewster Kahle, Internet Archiveren sortzailea, 2015ean eginiko aurkezpen batean.
Ezkerrean, gizonezko bat, etxeko apalategitik liburu elektronikoa hartzen. Eta lerroon gainean, Brewster Kahle, Internet Archiveren sortzailea, 2015ean eginiko aurkezpen batean. (Paolo CORDONI | GETTY IMAGES - Marcel DOSTERWIJK)

Irabazi asmorik gabea da Internet Archive ofizialki. 2011. urtean ekin zion egitasmoari Open Library liburutegiarekin. Aurrerago, 2018an, CDL terminoa (mailegu digital kontrolatua) agertu zen. CDLk bi astez edo gutxiagoz liburuen kopia digitalak kontsultatzeko aukera ematen die liburutegien erabiltzaileei; Internet Archive-k eta hari elkartutako liburutegiek fisikoki dituzten kopia kopurua baino ezin dute mailegatu. «Horrek esan nahi du liburu baten kopia bakarra badute, bezero bakarrak eska dezakeela aldi berean, beste edozein liburutegi-mailegutan gertatzen den bezala», argudiatzen dute egitasmoaren bultzatzaileek. Ondorioz, «Internet Archive ikerketa eta ikaskuntza sustatzen ari da, erabiltzaileei liburuak eskuratzen lagunduz eta liburuen zirkulazioari eutsiz beren editoreek interesa galdu dutenean», gaineratzen dute.

Covid-19aren etxeratze-aldian zehar, baina, Larrialdi Nazionaleko Liburutegia izeneko zerbitzua izan zuten irekita, 2020ko martxotik ekainera, eta CDLk ordura arteko itxaron-zerrenda kendu zuen liburutegi fisikoak itxita egon ziren bitartean. Larrialdi une hartako programa 2020ko ekainean bertan itxi zuen Internet Archivek, baina argitaletxe handien auzibidea martxan zegoen jada.

Internet Archivek «mailegu digital kontrolatua» liburutegien mailegu tradizionalarekin alderatzen du. Argitaletxeek, berriz, e-book-en merkatua kaltetzen duen copyright-aren urraketa masiboa dela esan dute. John G. Koetl epaile federalak arrazoia eman die azken horiei, “fair use” edo bidezko erabileraren argudioa mugatzen duen epaian. Erabakian dioenez, liburutegiak dituen onurek ezin dute argitaletxeei egindako kaltearen gainetik egon. Era berean, baztertu egiten du Internet Archivek liburu gehiago saltzen laguntzen duela dioen argudioa, eta esaten du «garrantzigabea» dela Internet Archivek berak erosi izana liburuak, gero digitalizatu eta erabiltzaileei mailegatzeko.

Epaiketan adierazitakoaren arabera, 70.000 mailegu izaten dira egunero: «Internet Archiveren erabilera zuzenaren defentsa da inprimatutako liburu bat legez erosteak ahalbidetu egiten duela baimenik gabeko kopia egitera eta zabaltzera inprimatutakoaren ordez, baina ez dago nozio horri eusten dion kasu edo printzipio legalik».

HELEGITE IRAGARPENA

Internet Archive-k, espero zitekeenez, gogor salatu du erabaki judizial hau: «Kolpea da zerbitzatzen ditugun liburutegi guztientzat, eragina du erabiltzaileak online liburuekin konektatzeko kontrolatutako mailegu digitalean oinarritzen diren Estatu Batuetako liburutegietan. Egileei min ematen die, esanez lizentzia-eredu bidegabeak direla beren liburuak online irakurtzeko modu bakarra. Eta aro digitalean informazioa eskuratzea galaraziz irakurle guztiei kalte egiten die».

Brewster Kahle Internet Archive-ren sortzaileak nabarmendu duenez, «korporazioen datu-baseetako produktuen bezero-arretarako zerbitzuak baino gehiago dira liburutegiak. Demokraziak globalki aurrera egin dezan, liburutegiek gai izan behar dute gizartean historikoki izan duten rolari eusteko: liburuak edukitzea, gordetzea eta mailegatzea».

Egitasmoa irabazi-asmorik gabea izan arren, epaileak dio zuzenean lortzen duela onura; «webgunera kide berriak erakartzen ditu, donazioak eskatzen dizkie eta liburutegien komunitatean bere lekua hauspotzen du». Era berean, liburutegiaz gain egitasmoari lotutako liburu-denda ere baduela gogorarazten du, Internet Archivek esteka zuzena daukala ordainpeko gune horretara.

Epaiari helegitea jarriko diotela iragarri dute proiektuaren bultzatzaileek. Haren aldekoek, berriz, gertatukoa oso larria dela nabarmendu dute, eskuratzeko oso zail diren dokumentu asko dituen liburutegi baten funtzioa kolokan jarri duelako erabaki judizialak. Wikimedia Fundazioko Chuck Roslof-ek esan duenez, esaterako, «liburutegiek eta artxiboek paper kritikoa betetzen dute gure ezagutza askearen ekosisteman. Internet Archive baliabide baliotsua da Wikipediako editore eta irakurleentzat».

Ameriketako Estatu Batuetako Argitaletxeen Elkartea pozik agertu da erabakiarekin. «Argitaletxeen komunitateak eskerrak eman nahi dizkio Auzitegiari Copyright Legea zalantzarik gabe berretsi eta ezarritako aurrekaria errespetatzeagatik», adierazi du Maria A. Pallante elkarteko buruak prentsa ohar batean. «Erabilera zuzena zentzurik ez luketen mugetaraino bultzatuko luketen argudioak ukatzean, auzitegiak autore, editore eta sorkuntza-merkatuek gizarte global batean duten garrantzia azpimarratu du».

ZALANTZAK

Idazleen artean, denetariko iritziak daude. Authors Guild (Egileen Gremioa) Estatu Batuetako idazle-elkarte profesionalak txalotu egin du epaia: «Baimenik gabe eta ordaindu gabe liburuak eskaneatzea eta mailegatzea ez da bidezko erabilera; lapurreta da eta egileen lanak gutxiesten ditu».

Baina idazle eta ikertzaile askok oso bestelako iritzia daukate. Caleb Ward Filosofian doktoreak gogora ekarri duenez, adibidez, «Internet Archive funtsezko tresna da historia intelektual feministarako, lan aitzindariaren zati handi bat editatutako liburukietan bakarrik argitaratu baitzen 1970, 1980 eta 1990eko hamarkadetan. Testu horietako askoren bertsio digital bilagarriak dituen leku bakarra da».

Adam Serwer idazle eta kazetariak parean jarri ditu bataren eta bestearen argudioak: «Horrelako lan-bilduma erraldoia bilduz eta digitalizatuz Internet Archive ekarpen sozial sinestezina egiten ari da». Argi adierazten du auzitan dagoen dilema: «Egile gisa, nire lanagatik ordaintzea nahi dut. Argitaletxeek ezin badute liburuen salmentatik etekinik atera, ezin diete egileei ordaindu, eta egileei ezin badie ordaindu, liburu gutxiago idatziko dira. Baina egile gisa, Internet Archive ere izugarri erabilgarria dela ikusi dut, batez ere domeinu publikoan ez dauden eta aurkitzeko zailak diren liburuak kontsultatzeko modu gisa».

«Epaia mantentzen bada, liburutegientzat ondorioak negargarriak izango dira. Aukeratu egin beharko dute: dagoeneko badituzten argitaletxeen liburu elektronikoetarako lizentziak erosi urte gutxian behin ala liburu-bildumak handitu. Arrazoizko erdibide bat egon beharko litzateke, argitaletxeek liburutegiak eraistea edo obrak masiboki doan oparitzea ez dena», adierazi du Serwerrek.

BERRIKUNTZARIK?

Google Books egitasmoan multinazionalari arrazoia emateko argudioetako bat izan zen hark eskaneatutako liburuetan bilaketa-funtzioa ezartzeak hasierako produktua aldatzen zuela. Oraingoan epaileak ukatu egin dio Internet Archive-ri argudio hori. «Ez du ezer eraldatzailetik Internet Archivek liburuak kopiatu eta baimenik gabe mailegatzeak», dio epaileak. Hala balitz ere, liburutegiek behin eta berriz berritu behar duten kopia digitalen lizentziak ere obran aldaketarik ez dakarrela gogorarazi dute. Liburuen kopia digitalak sortzeak «helburu eraldatzailerik» ez izanda ere, «egia da, halaber, liburu elektronikoen lizentzia-kuotak berritzea alokairua baino ez direla: obrak berez ez dira aldatu, baina banaketa digitalaren izaerari esker, jendeari ordainarazteko modu berriak ematen dizkie argitaletxeei», dio Serwerrek.

Epaiketan Internet Archive defendatu duen EFF Electronic Frontier Foundation-ek dioenez, salaketa jarri duten argitaletxeak «oker dabiltza. Liburutegiek milaka milioi dolar ordaindu dizkiete editoreei inprimatutako liburuengatik, eta digitalizazioan baliabide handiak inbertitzen ari dira, testu horiek gordetzeko. Jarduera hau, funtsean, ohiko liburutegi-maileguaren berdina da, eta ez dakarkie kalte berririk autoreei edo argitalpen-industriari. Liburutegiei sekula ez zaie baimenik edo aparteko ordainsaririk eskatu liburuak mailegatzeko. Eta, praktikan, datuek erakusten dute CDLk ez diela kalterik egiten edo egingo editoreen azken emaitzei».

EFFk gaineratu duenez, «Internet Archive erabiltzaileei zerbitzu eraginkorra ematen saiatzen ari da, liburuak banan-banan mailegatuz, mendeetan zehar egin den bezala. Copyright Legeak ez du eragozten bidezko erabilera legal hori. Areago, sustatu egiten du».