GARA Euskal Herriko egunkaria

Lau gomendio


Nire ilobari bodyboard bat oparitu diot eta berak baino poz handiagoa hartu dut nik. Bi urte egin berri ditu; beraz, oraindik ez daki zer den esku artean duen kortxozko xafla. Lagun guztiei ematen diedan gomendioa da; alegia, beren haurrei bodyboard bat erostea, baina inork gutxik egiten dit kasu. Izan ere, nire lagun gehienak gizonezkoak dira; alegia, aitak, eta aitek, beren seme-alabak beraiek baino hobeak izan daitezkeen itxaropena dute beti, agian, haurra haiena ez den itxaropena ere badutelako; zeren bestela alferrik dabiltza, genetikak bere mugak ditu.

Gomendioa bodyboard taula duin bat eskuratzea da. Lagunen batek garajean eduki dezake, baina horrela ez bada eta ezinbestean erosi beharra bada surf denda batean erostea gomendatzen dut. Denda txinatarretan erostearen kontrakoa naiz. Atal honetan argitaratu genuen erreportaje batean azaldu genuen moduan, marrazki bizidunetako pertsonaien irudiekin apaindutako taula bigun horiek oso kutsakorrak dira, erraz hausten dira eta, gainera, bigunegiak dira gainean zutik jartzeko. Eta orduan, kuadrillako hippyak, diruduna izan arren beti langile klasekoen eta pobreen izenean hitz egiten duen horrek, dirurik ez dutenek taula merkeago bat izateko eskubiderik ez ote duten galdetuko du. Erantzuna baiezkoa da, eskubidea badute, falta zaiena dirua da. Hain zaila da ulertzen?

Aukera merkeena egurrezko txanperoa da. Oso aukera ona da. Putzutara bota eta gainean zutik labaintzeko, aparrak eta olatuak hartzeko edo neguan elurretan maldak jaisteko balio du; ez da batere kutsakorra, eta ez du iraungitze datarik. Gainera, txanpero bat, bodyboard bat bezala, etxeko edozein zokotan gorde daiteke. Hala ere, ez dituzue ikusiko «burges txiki» deitzen gaituztenen seme-alabak txanperoekin jolasten.

Haur batek bere kabuz ezagutu behar du itsasoa, harekin jolastu, bere mugak eta beldurrak gainditu, gurasoen presiorik gabe, baldintzak itsasoak ezartzen baititu. Eta, horretarako, kortxozko taula bitarteko bikaina da, mendean hartzen erraza baita. Haurra txikia bada, txikotaren ordez soka edo goma bat ezar daiteke, xafla arrastaka eraman dezan eta ez dezan sentitu zerbaiti lotuta dagoela. Putzuetan jolastuko da, gainean etzan eta zutik jarriko da, erori ere egingo da, eta horrela ikasiko du. Gero gauza bera egingo du urertzean; pixkanaka olatuak ezagutu eta haiek ulertzen hasiko da, eta une batean etzanda edo zutik joan nahi duen erabakiko du. Ordurako surf irakasle askok baino gehiago jakingo du.

Beraz, lau aholku, Euskal Herriko amei (aita gehienek ez didate kasurik egingo). Bat: Itsaso kontuetan ez egin kasurik zuen senarrei. Bi: Luzera begirako erosketa egin (bodyboard zurrun bati etekin handia aterako diozue). Hiru: Saltzaileari ez egin kasurik (hegatsak ezinbestekoak direla, pertsona bakoitzarentzat neurri bereziak daudela, olatuen tamainaren arabera taula bereziak behar direla eta antzeko tontakeriak kontatuko dizkizuete). Lau: Haurrari utzi bere bidea egiten (taularekin jolastu nahi ez badu utzi lasai, bere denbora beharko du). Uste dut inoiz eman ditudan gomendio hoberenak eman berri ditudala. Zuek ikusi...