GARA Euskal Herriko egunkaria
BORTXAKERIA AEB-ETAN

Texas: armak, muga, migrazioa, eta biktima asko dituen joko politiko bat

Amerikako Estatu Batuetako azken tiroketa masiboan zortzi lagun hil eta biharamunean, beste zortzi lagun hil zituen auto gidari batek Texasen. Estatu Batuetara iritsi berri ziren etorkinak ziren, venezuelarrak gehienak, eta mugako Brownsville hiriko migranteen aterpeko atarian zeuden, bide-ertzean, autobusaren zain.

(Joe RAEDLE | GETTY IMAGES)

Mexikoko mugaldean, Brownsvillen hirian, gertatu zen joan den igandeko harrapaketa. 4x4 ibilgailu bateko gidariak gorri zegoen semaforo batean ziztu bizian aurrera egin zuen. Parean etorkin eta etxegabeentzako Ozanam Center aterpea dago. Goizeko zortziak ziren; egunero bezala, dozenaka lagun zeuden hiriko erdigunera joateko autobusaren zain, bide-bazterrean, zutik batzuk eta eserita beste asko. Ibilgailuak espaloian gora egin zuen eta han zeuden 18 lagunak bete-betean harrapatu zituen, horietako zortzi hil zituen eta beste hamarrak zauritu. Biktima guztiak gizonezkoak dira, venezuelar jatorrikoak gehienak.

Autoak beste 50 metro egin zituen irauli zen arte, eta gidaria ere zauritu zen. Ibilgailua, jende multzoaren aurka jo ostean, ihesi atera zen, baina bertan zeudenek harrapatu eta polizia iritsi zen arte heldu zioten gidariari. Brownsvilleko Poliziak esan duenez, George Alvarez du izena autoaren gidariak eta aurrekari penal ugari ditu.

Edozelan ere, atzo Felix Sauceda poliziaburuak egindako agerraldian esan zuenez, oraindik ez dute zehaztu harrapaketaren motiboa. Hiru aukera aipatu ditu poliziak: etorkinak nahita harrapatu izana; istripu bat izatea; edota gidaria alkoholaren edo beste substantziaren baten eraginpean egotea. Hori argitu nahi du lehendabizi poliziak, «hiru horietako bi baztertu eta gertatutakoa zehazteko»; orain bertan, proba toxikologikoen emaitzen zain daude. Saucedak nabarmendu du ez dutela baztertu nahita egindako ekintza izatea, eta zortzi homizidio kasu egotzi dizkiote, beste hainbat delituren artean. Atxilotuak kooperatzeko asmorik ez zuela agertu azpimarratu zuen poliziaburuak.

TENTSIOA MUGALDEAN

Brownsville Mexikoko mugan dagoen hiri handia da. Azken egunotan ohi baino mugimendu handiagoa nabari da bi herrialdeen arteko igarobidean, eta urduritasun handia dago Texas osoan eta Estatu Batuetan, oro har. Izan ere, asteon amaituko da 42. titulua izeneko araudiaren indarraldia. Pandemia garaian Donald Trumpen Gobernuak onartutako arau horrek mugan atzemandako migranteak zuzenean kanporatzea ahalbidetzen die mugazainei, asilo-eskaerak prozesatu beharrean.

Martxoan ia 200.000 lagun atzeman dituzte Mexiko eta AEBen arteko mugan. 42. titulua bertan behera geratzen denean kopuru horrek gora egingo duela aurreikusten da. Brownsvilleko udal-arduradunek orain arte indarrean egon den larrialdi-egoera luzatzea erabaki dute. Ozanam da hiriko aterpetxe bakarra mugan atzeman eta gero libre geratzen diren migratzaileentzat.

Hala, tentsioa handitzen ari da egunotan, herrialdean azken urteotan nabarmentzen ari den polarizazio politikoak hauspotuta. Mugaldeko komunitateek eta Texasko gobernadoreak diru gehiago eta, batez ere, mugarako milaka patruila gehiago eskatu dizkiote Etxe Zuriari. Horrekin batera, iaz hasitako politikari heldu dio estatuko gobernadoreak: migratzaileentzat autobusak kontratatu eta Texasetik urrun bidali; Washingtonera eta New Yorkera, esaterako.

Testuinguru horretan, armen kontrola eta egunero gertatzen diren eraso armatuak erantsi behar dira. Bi aste falta dira Uvaldeko eskolako sarraskiaren urteurrenerako. Pandemia garaian eskolak itxita eta ikasle gehienak etxetik ikasten egon osteko lehen tiroketa masibo hartan, Robb lehen hezkuntzako ikastetxeko 19 ume eta bi irakasle hil zituen 18 urteko ikasle ohi batek AR-15 fusil erdiautomatiko batekin.

Une hartako hunkidura gorabehera, laster geratu zen agerian ohiko «otoitz eta oroitzapenetatik» harago ez zela gertatutakoa eragozteko neurri zehatzik hartuko. Ehunka bala jaurtitzen dituzten armak kentzea edo horiek eskuratzeko kontrolak areagotzea ia pentsaezina da egungo buruzagitza errepublikanoarekin, are gutxiago Texasen. Hala ere, Joe Bidenek lortu zuen Kongresuak neurri apal bat onartzea: hogeita bost urtean lehendabiziko aldiz armak edukitzeko araudi bat onartu zuten Washingtonen.

Urratsaren garrantzia urratsa bera zen, errepublikano gutxi batzuk ohartaraztea zerbait egin beharra zegoela. Hortik aurrera, berehala ikusi zen ez zuela balioko tiroketa masiboak eragozteko. Nashvilleko eskola pribatu batera iritsi da armen indarkeria. Texasen azken egunak beldurgarriak izan dira; Houstonen, familia bateko bost kide, eta Allen-eko merkataritza eremuan, beste zortzi lagun.

Brownsvilleko hilketetan, arma kontrolik ez, baina tentsio giro horretan migranteen aurkako jarrera orokorra nabari da. Texas eta Mexikoko mugaldean lehen ere izan dira migratzaileen aurkako erasoak. Larriena 2019ko abuztuan gertatu zen, merkataritza-gune batean. Errifle erdiautomatiko bat zeraman supremazista zuri batek 23 lagun hil eta beste horrenbeste zauritu zituen tiroka.