GARA Euskal Herriko egunkaria

«Iratiren unibertsoa» zinematik berriro komikira itzuli da

Juan Luis Landa eta Joxean Muñoz duela ia 30 urte murgildu ziren «Irati»ren munduan eta komikigintzan. Lau ale argitaratu zituzten urte ezberdinetan, eta orain Erein argitaletxeak euskaratu eta berrargitaratu ditu, album bakarra osatuz. Euskarazko eta gaztelaniazko edizioak atera dituzte. Atzoko aurkezpenean izan zen Urkijo zinemagilea ere, filma osatze aldera komikietatik hartutako inspirazioa eta pertsonaien garapena azaltzen.

Urkijo, Razquin eta Muñoz, Donostian atzo egindako aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

“Irati” pantaila handian ezagutu dute askok, Paul Urkijo zuzendariaren eskutik, baina aurrez Jose Luis Landak eta Joxean Muñozek “Iratiren unibertsoa” sortuta zeukaten komiki formatuan. Erein argitaletxeak komikiaren albuma kaleratu du, eta atzo aurkeztu zuten Donostian. Ereingo editore Uxue Razquin, komikiaren gidoiaren egilea, Joxean Muñoz, eta filmaren zuzendari Paul Urkijo izan ziren bertan. Jose Luis Landa komikiaren ilustratzaileak ezin izan zuen hurbildu, eta bideo bidez mintzatu zen.

Hasieratik argi azaldu zuten filmak kontatzen duen istorioa eta komikietakoa ez dela istorio bera, «Iratiren unibertso berari dagokion arren», aitortu zuten. Juan Luis Landak 1995ean argitaratu zuen lehen aldiz Iratiren lehen alea, “Autzaren esnatzea”. Bigarrenerako Joxean Muñozi eskatu zion gidoiak egiteko laguntza. Eta 2003an hirugarren alea “Saiak” argitaratu zuten; baina gazteleraz, frantsesez eta alemanez argitaratuak izan ziren, bakar bat ere ez euskaraz. Urte batzuk geroago Dani Fano marrazkilari eta “Xabiroi” komiki aldizkariaren editoreak Iratiren laugarren alea euskaraz egiteko eskatu zien arte. Orain berrargitaratu den albumean aurreko hirurak ere euskaraz jaso dira. Gaztelerazko bertsioan lau aleak elkartu dituzte.

Razquinek kontatu zuen Eneko gudari baskoi gaztearen eta Irati gazte basatiaren ezinezko maitasun harremana paperean jaio zela duela ia 30 urte, eta «Iratiren unibertsoak ez du etenik izan» adierazi zuen. Muñozek pozarren hartu zuen komikiak berrargitaratzeko albistea: «Guk lau ale idatzi genituen, baina seriea zabalik utzi genuen noizbait jarraitu ahal izateko. Azkenean, bakoitzak bere bidea hartu zuen eta ez genuen segitu, Paul agertu arte; eta berriro abentura honetan sartu gintuen». Kontatu zuen Pirinioak, mitologia eta nafar erreinuak nahasten direla liburu guztian, eta marrazkietan «eboluzio nabarmena» sumatzen dela.

PANTAILAREN BIDEZ IKUSITAKOA

Bi belaunaldi bereizi daitezke: komikian ezagutu eta filmean handitzen ikusi duena, eta filmean ikusi eta komikiaren orrietan arakatu duena; biak dira interesgarriak egileen arabera.

Urkijok kontatu zuen komikian agertzen diren pertsonaia batzuk errepikatu egiten direla filmean, baina beste modu batean agian: «Euskal mitologiako pertsonaiak, jaso ditugun moduagatik, oso organikoak dira; izaki guztiek ipuin askotatik edaten dute».

Muñozen iritziz oso «aberasgarria» da Iratiren unibertsoa zinemara igarotzea, eta filmak ez kontatzea liburuko istorio bera: «Euskal kulturan ez da maiz gertatzen, eta askoz aberasgarriagoa da bi gauza ezberdin izatea». Gaineratu zuen interesgarria dela bilakaera: «Hezi eta hazi duzun pertsonaia bat nola handitzen den ikustea pozgarria da».