GARA
KHARTUM

«Hitzarmen humanitarioa» Sudanen, baina su-etenik ez

Sudango Armadak eta Laguntza Azkarreko Indarra talde paramilitarrak zibilei laguntza bideratzeko hitzarmena sinatu zuten zeharkako elkarrizketetan, dagoeneko beste herrialdeetara 200.000 pertsonek ihes egin dutenean. Hala ere, ez dago su-etenik.

Etiopiara ihes egin duten sudandarrak.
Etiopiara ihes egin duten sudandarrak. (Amanuel SILESHI | AFP)

Sudango Armadak eta Laguntza Azkarreko Indarra talde paramilitarrak zibilak babesteko eta laguntza bideratzeko printzipioen hitzarmena sinatu zuten Saudi Arabian izandako lehenengo zeharkako elkarrizketan.

«Jarduera humanitarioak errazteko» su-eten horrek «AEBek, Saudi Arabiak eta nazioarteak babestutako su-etena zaintzeko mekanismo bat barne hartuko duten segurtasun neurriak» jasoko ditu.

Hala ere, Jedahko Adierazpen honek ez du jasotzen su-etenik, ostegunean Hego Sudanek bultzatutako zazpi egunekoa bukatu ondoren. Aurrekoan bezala, bi aldeetako batek ere ez du errespetatu.

Adierazpena sinatu ondoren, negoziazioekin jarraituko dute «gehienez hamar eguneko benetako su-etena» lortzeko. Bitartekari lana egin dute, Saudi Arabiak eta Ameriketako Estatu Batuek esan zutenez. Hasitako elkarrizketak hurrengo fasean «Sudango zibilekin eta eskualdeko eta nazioarteko bazkideekin elkarrizketak bideratzeko akordioak aztertuko dituzte, gatazka behin betiko bukatzeko».

Faisal bin Farhan Atzerri ministro saudiarrak adierazi zuenez, Jedahn adostu dena «lehenengo urratsa da», apirilak 15ean hasi ziren borroken ondoren sortu den «inoiz ez bezalako krisian».

Nazio Batuen arabera, dagoeneko 600 zibil hil eta beste 5.000 zauritu dituzte borroketan. Gainera, Sudan barruan 700.000 desplazatu daude, eta beste 200.000 sudandarrek ondoko herrialdeetara ihes egin dute, gehienak emakumeak eta haurrak.

Kopurua nabarmen handitu da, Egiptok hartutakoen informazioa eguneratu eta Txadera iritsitakoak gero eta gehiago izan ondoren.

Txadera batez ere Darfurko eskualdetik iristen dira, eta herrialde horretan egoera bereziki kezkagarria da. Izan ere, aurretik oinarrizko zerbitzurik ez zuten herrietara iristen ari dira. Hango biztanleak ere janarien eskasiak era larrialdi klimatikoen ondorioak pairatzen ari da. Acnur Nazio Batuen errefuxiatuen agentziak behin-behieneko harrera guneak ireki behar izan ditu eta «erantzun humanitarioa oso zaila dela» ohartarazi du. Finantzaketa handia behar dela adierazi du erakundeak, eta orain arte sektore pribatuak emandako laguntza «geldoa» izan dela deitoratu zuen.