GARA Euskal Herriko egunkaria
OSASUNA

Jokalarien artea eta zaleen hauspoa, garaipen garrantzitsua eskuratzeko

Budimir, Abde eta Moi Gomezen golekin garaipen handia lortu zuen Osasunak Almeriaren aurka. Azken unean Lazarok aldea murriztu zuen. Arratsalde gogoangarria izan zen, txapeldunordearen Kopa eskaini baitzitzaien zale gorritxoei.

Gorritxoen ospakizuna: lehen lerroan, Budimir eta Abde, partidako lehen golegileak. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Arratsalde gogoangarria izan zen atzokoa Osasunarentzat. Beste bat, eta jada anitz izan dira sasoi honetan; azkena, begirada hain urrun jarri gabe, duela astebete, La Cartujan. Hura, agian, arratsaldea baino eguna, bere osotasunean, izan zen gogoangarria. Eta hain zuzen ere, partida hartako momentu onenen errepasoarekin hasi zen atzoko arratsaldea Sadarren.

Une hunkigarriak bizi izan ziren partida hasi aurretik; partida bera epailearen txistuarekin hasten dela kontuan hartzen baldin badugu, badirelako partida batzuk hori baino lehenago ere jokatzen hasten direnak. Eta baliteke atzokoa horietako bat izatea. Partida aurretik gogora ekarritako Kopako txapeldunordearen esentzia hazten joan baitzen.

Biolin, biolontxelo eta gitarrarekin onduta entzun zen Osasunaren ereserkia, jokalariak zelairatzen ari zirela. Bati baino gehiagori malkoren bat irristatu zitzaion, bai eta azalean oilo ipurdia jarri ere. Atzo Sadarren bazegoen, usaindu egiten zen, arratsalde handi bat izan zitekeen giro berezia.

Eta sentsazioa eta errealitatea askotan bat ez datozenez, zuhurtzia ere eduki behar da halako partidetan. Norgehiagoka serio hasi zuen Osasunak, zuhur; baina badago jokalari bat zuhurtasun horretan gaizki moldatzen dena eta joko bizi, oldarkor eta alaiagoa bilatzen duena. Eta hori da Abde. A ze jokalari puska duen Arrasatek.

Kopako finalean ongi defendatuta egon zen, eta halakoetan zaila izaten da Marokoko izarretako batek dir-dir egitea. Baina Almeriaren defentsan -jaitsierara begira dagoen taldea eta azken txanpan gogotik sufrituko duena maila mantentzeko- bere joko alaia berreskuratzeko behar zituen osagai guztiak aldeko aurkitu zituen. Irri egin zuen berriro ere, alegia.

Bere zigilua izan zuen Osasunaren lehen gol aukerak, 10. minutuan, eta gorritxoak, oro har, Almeria baino gehiago izan baziren ere, atera apenas jaurti zuten. Bai eraiki zituzten jokaldi arriskutsuak -Oroz, Kike Barja eta Ruben Peñarena, esaterako-, baina azken metroan asmatzea falta izan zitzaien.

OROZ, JOKALARI ONENA

Aimar Oroz, Moncayola eta Torrok osatu zuten Osasunaren erdigunea eta beraien oinetatik igaro zen joko osoa. Jagoba Arrasatek Ruben Peña jarri zuen eskuin hegalean, atzean, eta bere aurretik, Kike Barja. Jokoan arin aritu ziren gorritxoak, fresko, eta horrek bideratu zien garaipenera.

Jokoan nagusi bai, baina gola egitea ezinbestekoa zuen Osasunak, hurrengo urtean Europan jokatzeko borroka betean sartzea xede baitu. «Partidaz partida goaz, baina bai, noski, Europan jokatu nahi dugula», adierazi zuen Orozek Dazn plataformako kameren aurrean. Harrobiko jokalariak ez zuen ezkutatu helburu garbia, Almeria jipoitu ostean gora begira ikusten baita egungo Kopako txapeldunordea.

Oroz izan zen, hain zuzen ere, partidako jokalari onenaren saria eraman zuena, goleko bi pase eman baitzituen. Lehen pasean, Budimir Fernandoren aurrean bakar bakarrik utzi eta Zinecako beltxargak atezaina gainditu zuen ukitu sotil batekin (1-0, 47. minutuan). Eta bigarrenean, 81. minutuan, antzeko pasea Moi Gomezentzat, honek partida erabakita utz zezan (3-0).

Eta Orozen bi opariren artean, Abderen delicatessena, 2-0koa jarri zuena. Area ertzean hartu zuen baloia marokoarrak, eta baloia zeukan bitartean, denbora geldituko balu legez, ateko armiarma sare guztia desegin zuen jaurtiketa batekin. Gol ikusgarria, zaleen gozamenerako.

Futbolak artetik asko duela ziurtatzen dutenak badira zenbait -Alexia Putellas Bartzelonako jokalaria, esaterako-, eta horrelako golek berresten dute arrazoia izan dezaketela. Eta ez soilik Abderen golarekin, baizik eta Osasunak atzo egin zituen hiru golekin. Tempoa, indarra eta errematea oso ondo uztartu behar baitira, eta horrek asko dauka artetik. Jagobaren Osasunak ere bai. Bikaintasuna lortzeko atea hutsean uztea falta izan zitzaien, azken minutuan, Lazaro Viniciusen gola jasotzean Aitor Fernandez atezainaren amorruak argi islatu zuen legez.