GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

«PorTantos»: Tontotzat hartzen gaituzte


Nafarroa Garaian gehien irakurtzen den egunkariak gehigarri berezi bat dakar, “PorTantos”, -“Xtantos”- Eliza katolikoaren argitalpen bat, errenta aitorpenean X bat jar dezazun eta zure zergen zati bat Eliza katolikoarentzat izan dadin. Dirua biltzea xede eta helburu duen gehigarria doan dakar; doan dakar baina garesti atera behar izan zaio Eliza katolikoari aldizkaria txertatzea, besteak beste, Cordovillako egunkarian -“Diario de Labarra” ere deitua, barra guztietan dago eta, doan-. Nolanahi, gehigarri katolikoa goitik behera eta behetik gora irakurrita, “PorTantos” horri darion diru-goseak asaldaturik utzi nau.

Ze urrun dagoen gaurko Eliza katolikoa Frantzisko Asiskoak, Anaia Txikien sortzaileak, aldarrikatzen zuen txirotasun eta apaltasunetik! “PorTantos” horrek antz handiagoa du ekonomia-aldizkari edo burtsa-inbertsoreak erakartzeko aldizkari batekin beste ezerekin baino, bai azalez, bai mamiz.

Edukiari dagokionez, Jainkoak emaniko egia absolutuaren jabe balira bezala idatzia dago, eta, hastetik, lehen titularrari darion kutsua bitxia da: “La inflacción resucita las colas del hambre” -Inflazioak gose-ilarak berpizten ditu-, inflazioa zerutik eroritako madarikazio bibliko saihetsezina balitz bezala eta ez sistema ekonomiko kapitalistaren gorabeheren ondorio zuzen bat, errudunak (espekulatzaileak, bankariak) zurituz eta ezkutatuz.

Luze joko luke pasartez pasarte trikimailu lexiko eta bestelakoak banan-banan agerian uzteak baina, oro har, ustezko argudiaketa askoren azpian manipulazioa dago. Horra hor, “Verdad o mentira” -Egia ala gezurra- epigrafepean garatzen diren bi harribitxi, jarraian:

Bata: Eliza katolikoa ez dagoela BEZa ordaintzetik salbuetsita diote; baina ez dute aitortzen Eliza katolikoak ehundutako fundazio, elkarte eta gobernuz kanpoko erakunde-sare erraldoia; Eliza aspaldi-aspaldikoa da eta trikimailu juridiko zein ekonomiko guztiak ezagutzen eta baliatzen ditu, fede oneko jende xaloaren sinesmenak urre bihurtzeko bideratutako benetako alkimia. Aspaldi ez dela, Iruñeko katedralaren klaustro zoragarria bisitatzeagatik edo Nafarroa Garaiaren erdigunean dagoen Eunate bisitatzeagatik ordaindu behar izan dudalarik, tiketak ez du BEZa gehitua; tiketean ez dago balio erantsiaren zerga, ez dutelako ordaintzen.

Bestea: Errenta aitorpena egiteko orrialdean Eliza katolikoa agertzen den bakarra izatea “askatasunez jokatzea” dela diote. Baina zergatik agertu behar da soilik Eliza katolikoa? Benetako askatasuna litzateke ezein erlijiori buruzko aipamenik ez agertzea eta nork bere aldetik eman diezaiola nahi duenari, baina ez zergen bidez. Norberaren sinesmenetan ez naiz ni sartuko, eta nork bere fedea izateko eskubidea du, bistan da, baina Eliza katolikoa ez ezik, protestanteak, ebanjelistak, juduak, musulmanak eta beste guztiak ere agertu beharko lirateke askatasunez jokatzeko; bistan da, ezinezkoa da erlijio eta sinesmen, erlijio, sekta eta azpitalde guztiak agertzea.

Errepara diezaiogun lexikoari berriz ere: Eliza katolikoak “eskubidea” baduela dioen lekuan “pribilegio” jarriz gero, hobeki ulertzen da auzia, mendez mende pribilegiatua izan delako, eta pribilegioak gorde nahi dituelako “sekula sekulorum”.

Eta ez ahaztu, “¿Verdad o Mentira?” -Egia ala gezurra- epigrafepean daudela egia ustez eztabaidaezin horiek; hortaz eta beraz, Eliza katolikoaren egia horiek sinesten ez badituzu, gezurra ari zara aldarrikatzen, eta 8. aginduak argi diosku: “Ez duzu testigantza faltsurik egingo, ez eta gezurrik esango ere.” Sinetsi ezean, bekatari bihurtzen zara.

Sinai mendian Jainkoak Moisesi eman omen zizkion hamar aginduen antzera, Noan Chomskyk aspaldi egin zuen jendartea manipulatzeko estrategia-zerrenda interesgarri bat, manipulaziorako hamar teknika zerrendaturik. Esku artean daukadan “PorTantos” gehigarri katolikoa ikusita, bi estrategia behin eta berriz agertzen dira.

Alde batetik, ustezko argudioez gain, tonu berezia erabiltzen da, umekeriazko tonua, irakurlea adin txikikoa balitz bezala; artikuluen mezuei kasu egitera, Eliza katolikoa, aldiz, akasgabea, perfektua eta maleziagabea da. Horrek Eliza katolikoari errazten dio balizko erantzun kritikoak sortzea; izan ere, irakurle bati hamabi urte edo gutxiago balitu bezala idatziz, pertsona horrek hamabi urte edo gutxiagoko pertsona baten erantzuna edo erreakzioa emango du, ume moko baten kritikarik gabeko ikuspegia.

Bestalde, hasiera-hasieratik irakurlearengan erruduntasun sentimendua sortzen du irakurketak, egoera ekonomiko okerraren erantzulea -hobenduna- irakurlea balitz bezala, eta bera baino ez. Baina sistemaren aurka matxinatu ordez, Jesu Kristok egin zuen legez, soluzioa omen da X bat markatzea eta dirua Eliza katolikoari ematea, noiz eta utzikeria, axolagabekeria eta pasibotasuna nagusitzen diren garaiotan; nork bere kontzientzia zuritzeko modu errazagorik ba al dago, X bat markatuz baino?

Informazioa negozio bat zela ikusi zutenean, egiak garrantzia izateari utzi zion. Ryszard Kapuscinskik idatzi zuen hori, eta ez dakit kazetari poloniarrak Eliza katolikoa buruan zeukan, baina laburpen bikaina da. Pederastia kasuek agerian utzi dutenez, Eliza katolikoa baino erakunde ilunagorik eta hierarkikoagorik nekez aurki liteke munduan eta, horrexegatik hain zuzen, bitxia egin zait aldizkarian Eliza katolikoaren diru kontuak argitzeko asmoz Elizak berak egiten duen txosten bat behin eta berriz aipatzea. Izan ere, Eliza katolikoa hain argia, garbia eta gardena balitz, kanpoko ikuskatzaileek egina beharko lukete izan txosten horiek; eta ez dira, jakina.

Eliza enpresa bat ez dela esan arren, eta euren erreinua mundu honetakoa ez bada, bertan behera utzi beharko lukete immatrikulazioen politika eskandalagarria. Baina Eliza katolikoaren hitzak eta ekintzak ez doaz, ez datoz, eskutik helduta. Agian horretaz ari ziren aldarrikatu zutenean “Zure eskuineko eskuak ez dezala ikus zer egiten duen ezkerrekoak.”

Eliza katolikoak esaten duenari baino, egiten duenari erreparatu behar zaio, eta dirua erdiesteko horrelako apustu mediatikoa egin badu, ez da oso ongi ibiliko. Izan ere, Berdoglio argentinarraren osasun egoerak okerrera egin du nabarmen, eta ez litzateke harrigarria izanen karga eta karguari uztea, Ratzinger alemaniarrak egin zuen gisan; Eliza katolikoaren barneko indar zentrifugo eta zentripetuak horri beha daude, multinazional handi horretako enpresaburua gero eta makalago dabilelarik.

Erran gabe doa euskarazko hitz bat ere ez dagoela “PorTantos” gehigarri osoan; antza, ez dute euskaldunon diruaren beharrik... Bon, bada ez diezaiegun eman, gutxienez, tontotzat har ez gaitzaten.