GARA Euskal Herriko egunkaria
JOAN MARI IRIGOIEN HIL DA

Pentsamendu bat haratago

Altzatik mundura eta mundu hura liburuetara, bai kanpokoa eta bai barnekoa. Ispilu garden baten isla zintzoa izan da Joan Mari Irigoien, ziztadatsua batzuetan, zaurgarriagoa besteetan. Esklerosia gaitz, pentsamendu bat haratago joan izan da beti. Utzitako ondare naroa da adierazgarri nagusia. Atzo hil zen, 74 urterekin.

Irigoien, 2017an, Beasainen jasotako omenaldi batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Endekapenezko gaixotasun bat pairatzen zuen azken urteetan Joan Mari Irigoienek (Altza, 1948). Esklerosia. Hizkerari eragin zion bereziki nahiko hasieratik, eta mugikortasunaren ataka ere hortxe zegoen. Izaera berezi eta, batez ere, samurreko gizona izan da altzatarra. Zapia beti lepoan, eta kapela bere ideien babesleku, era irekian eta zintzoki agertu izan ditu beti esateko zituenak.

“Babilonia” (1989, Elkar) -Kritikaren saria jaso zuen- eta “Lur bat haratago” (2000, Elkar) -euskaraz idatzitako nobelarik zabalenen artean katalogatua izan zen, egileak berak garrantzia apaltzearren marketin maniobra bat izan zela argudiatzen bazuen ere- bere literaturako mugarri garrantzitsuenak izan dira. Iraganera eraman zuen irakurlea bi liburu haietan, baina iraganaz hainbeste gauza konta daitezkeenez, erdigune batean zehaztu zituen Irigoienek bere asmoak: indarra eta indarkeria. «Ni Gandhiren zalea naiz, antimilitarista, baina ez itsua eta ez inozoa. Zer esan nahi dut horrekin? Badakidala, gutxi gorabehera, mundu honek nola funtzionatzen duen. Eta zer ikusten dut, bada? Munduan ezarri nahi den ordenan, norberaren indarra -armak eta armadak, alegia- dela erabakigarria: euskaldunok, baina, Orreagakoaz aparte, ez dugu gerra bakar bat ere irabazi».

Politika erdigunera ekartzearen aldekoa ere bazen, nahiz idazle askok kontrako iritziak erakutsi bere ohiko jardunean. Nola ez eraman politika nobela batera, eleberria bada formaturik orojaleena? “Pistolak eta epistolak” (2014, Elkar) izan daiteke adibideetako bat, batez ere publiko gaztearengana hurreratzeko intentzioz idatzitako lana. Ustelkeria, boterekeria, Barcenas auzia, PPko buruzagi ustelak, CAN auzia Nafarroan… «Munduko boteretsuek, izan ere, nahi dutena egiten dute gurekin -usatu eta abusatu-, eta guk ez ote dugu haiekin haserretzeko edo haien kontura barre egiteko eskubiderik, kritika zorrotz bat eginez, bide batez? Obligazioa ere bai, esango nuke nik…». 2015ean botatako hitzak dira, egunkari honekin izandako azken elkarrizketan esandakoak.

MUNDUAREN BILA

1948an Altzan jaioa -inola ez Donostian-, bere aitaren literaturazaletasuna izan du Irigoienek bere literatur zubiaren ikur. “Kixote” hogei bat aldiz irakurri izan zuela aipatu izan zuen eta hainbat izan zirela aitak haurrei irakurritako ipuinak. Kirolarekin ere harreman estua izan zuen idazleak, Realeko bigarren taldean jokatzera ere iritsi baitzen. Gaztaro betean zen, Batxilergoa amaitu berritan eta bizimodua zein bidetik ezin erabakita, «errazena» egin zuela aitortu zuen. Ingeniaritza ikasketak, Donostian bertan. Baina Irigoien gazte hark bazekien hura ez zuela betiereko helmuga izango, «fabrika batean ez nuela luze iraungo, alegia». Hartara, ikasketak amaitu, futbola alboratu eta lurralde berrien deskubrimendurako bidea hartu zuen. Venezuela, hurrengo geltokia.

Amazoniako proiektu bat bultzatzekotan joan zen, baina egitasmo hura atzeratu eta irakasle lanetan jardun zuen jesuitek zuzentzen zuten Caracas bazterreko auzo bateko eskolan. Bi urte egin zituen Latinoamerikako herrialdean. Urterik ontsuenak, idazlearen iritziz, haurtzaroan bizitakoekin batera. Eta orduan iritsi ziren bere begien aurrera Rulfo, Garcia Marquez, Onetti, Benedetti, Borges, Cortazar eta enparauen literatur lanak. «Ni, Venezuelara joan aurretik, mutil xume bat nintzen, herri txiki batean jaioa -Altzan-, nahiz eta gure Altza hura ere berandu gabe hazi zen, itxuragabe hazi ere, zementua hemen eta zementua han...; kontrastean, Venezuelan jaio nintzen mundu zabalera: hantxe ireki zitzaizkidan, bai, zeru-infernuetaraino, begiak…!».

Zeru-infernu haietatik etxera itzultzeko tenorea heldu zitzaion altzatarrari. Enpresa batean luze irauteko esperantza-gogo hura ere ez ote zuen oraindik bere baitan gordea izango, lehen geldialdia “Egin” egunkarian egin baitzuen euskarazko testuen zuzentzaile gisa. «Venezuelatik bueltan, ‘Egin’-en hasi nintzen lanean, testuen zuzentzaile taldean. Egunkari berriak hasiera gogorra izan zuen: egunkariaren ekoizpenean, izan ere, bazegoen elementu ezinbesteko bat -garun elektronikoa-, noiznahi huts egiten zuena. Erantsi horri borroka ideologiko bat ere bazegoela, zenbait sektoreren artean... eta errazago izango zaizu ulertzea nola egunkaria, halako batean, iritsi zen krisi larri batera. Orduan, gastuak-eta murrizteko, enpresa uzteko boluntarioak eskatu zituzten... eta, nik garbi nuenez ordurako idazlea izan nahi nuela, izena eman nuen», kontatu zuen.

Bi urte egin zituen langabezian, eta euskara maila hobetzeko aldia izan zen hura Irigoienentzat, eta handik aurrera erdibideko lanen bila aritu zen, idazteko grinaz gaindi, zer poltsikoratzeko beharra ere bai baitzuen. Hainbat ikastolatan irakasle, Euskal Telebistan pelikulak itzuli eta egokitzen aritu zen eta, libratzen zituen orduetan, idazle jarioari aterabidea ematen zion, harik eta Elkar taldearekin akordioa erdietsi eta egun osoa idazketari emana bizitzeko aukera eskaini zioten arte.

Akordio hartatik aurrera hamaika lan argitaratu zituen Irigoienek. “Babilonia” eta “Lur bat haratago” ospatuak heldu ziren, baina ez ziren inolaz bakarrak izan. Aipagarria da, baita ere, haren bibliografiari erreparatuta, 1989tik aurrera plazaratutako lan guztiak Elkar taldearekin egin zituela, bai nobelan, bai poesian, bai eta haur eta gazte literaturan ere, erdietsitako bizibide aukera hari esker. Titulu batzuk aipatzearren, 2008 eta 2010 artean argitaratutako Orbetarrak trilogia, “Arma, tiro, bammm!” (2013) eta “Derbia” (2019) nobelak -azken horretan futbola jarri zuen ituan, bere alderik dotore eta, era berean, ganberroena azaleratuz-, edota poesiari emandako beste zenbait lan.

GAITZAREN POLIEDRIKOTASUNA

2012an jaso zuen gaitzaren berri Joan Mari Irigoienek. Esklerosia. Endekapenezko gaixotasuna. Gutxira erretiroa hartu zuen Altzako idazleak, baina ez zion horregatik idazteari uko egin. Ondare kutxa bat osatzen joan zen hurrengo urteetan, bizitakoari eta bizitzeko zegoenari, ametsei eta errealitateei leku egingo ziena. Eta poesia izango zen, gehienbat, bere ideien babeslekua.

Futbolari eleganteenek nola, halaxe hitz egingo zuen Joan Mari Irigoienek bere gaixotasunari buruz, kiroltasun osoz, nahiz hasiera batean depresio bati aurre egin behar izan zion. «Bere egunean esklerosia diagnostikatu zidaten; handik urte erdira edo, berriz, depresio bati aurre egin behar izan nion; ondorio gisa, neure gaitz horien inguruko poema liburu bat lantzen ari naiz, hilabete pare bat barru edo aterako dena».

Egunero ordenagailu aurrean eseri eta lanean jartzeko hautua egin zuen, beste erritmo batean, baina lanean jarraitu zuen. Eta 2015ean iritsi zen “Bi urtetako kronika fakultatiboa” poema bilduma, 2012 eta 2014 urteen artean idatzia, esklerosia diagnostikatu ondoren ondua, aitortzaren kronika bat.

Azken lana iaz kaleratu zuen: “Sorgin-argien ehizan”, poesia modura hura ere, idazlearen garrasi, kexu eta aldarriz betea, 2022ko otsailean argitaratua. Aurkezpen bikoitza izan zuen hura Irigoienek, “Babilonia” berpiztu bat ere kaleratu baitzuen, nobelaren hogeita hamargarren urteurrenean.

Gaixotasunarekin lotuta, hainbatetan aipagai izan du eutanasiaren afera. Eta jarrera argia erakutsi izan du zentzu horretan. Joan aurretik erredakzio honetara bidalitako poeman (orrialdeotan erreproduzitua) gardenki erakusten du desmunduratzeko hartutako bidea zein izan den. Duintasuna bermatzen duen heriotza baten alde agertzea izan da bere nahia, ohartu gabe, akaso, bidean duintasunaren zimenduak aspaldi zituela idazleak berak ondo armatuak bere baitan eta, bidenabar, irakurleon zentzumenetan. Lurra gozo bekio.