GARA Euskal Herriko egunkaria

Stormonteko Parlamentuari begira, udal hauteskundeak Ipar Irlandan

Charlesen koroazioak bozak atzerarazi zituen. (Paul FAITH | AFP)

Ipar Irlandako hautesleek 462 udal eserleku esleitzeko bozkatu beharko dute gaur. Ohi bezala, zenbaketa ez da bihar eguerdira arte hasiko eta segur aski behin betiko emaitzak ez dira larunbatera arte ezagutaraziko.

Hauteskunde kanpaina kasik oharkabean igaro da, azken hilabetean izan diren beste gertakizun batzuen itzalean -Belfasteko akordioaren 25. urteurrena, Joe Biden, Bill Clinton eta Hillary Clintonen bisitak eta, noski, Charles erregearen koroazioa-.

Hain zuzen, koroatzea zela eta, hauteskunde eguna bi aste atzeratu behar izan zuten; izan ere, beste hainbat tokitan bezala, Erresuma Batuan ere monarkia demokrazia baino garrantzitsuagoa da oraindik.

Hori aski ez, eta azken hauteskundeetatik urtebete igaro denean Stormonteko Parlamentua ez da oraindik eratu, DUPeko unionisten blokeoagatik. Gaurko bozek ez dute Stormonteko parlamentuaren eserlekuak betetzea helburu, baina inork ez du zalantzarik emaitzek udaletatik harago eragina izango dutela Ipar Irlandako politikan.

DUP alderdi unionistak parlamentuari boikota egiten jarraitzen du 2022ko otsailetik, eta azken hilabeteetan inork ez zuen espero hauteskundeen atarian jarrera aldatuko zuenik. Baina ez dago erabat argi ez ote duen jarrera aldatuko hauteskundeen ostean, baldin eta inkesten emaitzak betetzen badira behintzat.

Inkestek diotenez, oso litekeena da Sinn Fein udal mailan alderdirik bozkatuena izatea, Stormonterako hauteskundeetan gertatu zen bezala. DUPek bere ordezkaritza mantentzen edo gehitzen badu emaitzak bere jarreraren euskarri gisa irakurriko ditu. Aldiz, botoetan behera egingo balu TUV alderdi unionistaren mesedetan izango litzateke.

TUV alderdia ez dago prest Ipar Irlandako herritarren boza errespetatzeko, eta hasia da esaten DUP prest dagoela bere jarrera aldatzeko eta onartzeko errepublikanoek lehen ministro kargua erabakitzeko eskubidea dutela.

Askoren ustez, Brexitaren akordioaren kontrako jarrera aitzakia bat baino ez da eta benetako arrazoia Sinn Fein Ipar Irlandan alderdirik handiena dela ez onartzea da.

Irtenbide bakarra UUP alderdiak gora egitea litzateke DUPen kaltetan, baina inkestei erreparatuz inork gutxik espero du holakorik.