NAGORE BELASTEGI
DONOSTIA

Floridako irletara bidaia, «Cayo Hueso» eleberrian

«Cayo Hueso» (Elkar) Oihane Amantegiren bigarren nobela da. Protagonisten arteko harremanak aztertzen dira bertan eta nola batzuetan aurrera egiteko ez den nahikoa elkar ezagutu nahia.

Oihane Amantegi, atzo, Donostian.
Oihane Amantegi, atzo, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Oihane Amantegik “Cayo Hueso” (Elkar) aurkeztu zuen atzo, bere bigarren eleberria. Ez da lehen nobelaren, Estatu Batuetako hegoaldean kokatutako “Ibaiertzeko ipuina”-ren jarraipena, baina badu loturaren bat. Oraingoan ere idazleak urrutiko paisaietara jo du istorioa kokatzeko, horrela askeago eta erosoago sentitzen delako, nahi duena imajina dezakeelako.

Eleberriaren atmosfera hiru hitzekin deskribatu zuen idazleak: «Musika, alkohola eta tabakoa». Izan ere, musikak garrantzi handia du, protagonistetako bat abeslaria delako eta bestea musika kritikaria. Hirugarrena, narratzailea, otarrain-arrantzalea da. Istorioak, funtsean, elkar ezagutu nahi duten baina guztiz ezagutzera iristen ez diren pertsonen arteko harremana deskribatzen du, eta horrek uzten dituen zauriak.