Joseba ITURRIA
Interview
USOA OSTOLAZA
Laboral Kutxako txirrindularia

«Gero eta hobeto ari gara, World Tour taldeetatik ez gara hain urruti ikusten»

Zarauztarra Burgosen arituko da gaurtik igandera bitartean, Itzulian erakutsitako mailari jarraipena emateko asmoarekin. Aurten egindako apustuari esker talde osoak izan duen hobekuntza azpimarratzen du eta, nahiz eta onartu zaila dela 2024an World Tourren sartzea, saiatuko dira puntuak lortzen, urte horretan ez bada 2026an helburu hori betetzeko.

(Gorka RUBIO | FOKU)

 

Bere bizitzako egun politena bizi izan zuen Itzulian igandean, ihesaldian eta onenen multzoan eutsi ondoren, sailkapen nagusian 16. postuan amaitzeko.

Triatloia utzi eta txirrindularitzaren alde apustu egin izana igandekoa bezalako egunekin gehiago baloratzen duzu?

Hau hirugarren urtea da Laboral Kutxarekin eta urtez urte joan naiz kirol hau barrutik gehiago ikasten. Pixkanaka ikusten dut pertsonalki aurrerapausoak ematen ditudala pelotoian kolokazio aldetik, taldeari laguntzeko... Ilusionatuta nago eta talde guztia dago gogotsu. Aurten Laboral Kutxak salto handia eman du eta urte hasieratik gero eta hobeto ari gara, emaitza politak lortzen, eta World Tour taldeetatik ez gara hain urruti ikusten.

Zaila da ihesaldian sartzea World Tourren; horri esker lortu zenuen onenekin egotea Jaizkibel igaro ondoren…

Ihesaldian hasieran ez nintzen sartu, baina ikusi genuen interesgarria zela, World Tour talde asko zeudelako bertan. Ion Lazkano zuzendariak esan zigun Jumbo eta UAE taldeek ez zutela inor sartu; adi nengoen ea ze jokabide hartzen zuten. Jumbo batek atakatu zuenean bere atzetik atera nintzen eta biok lortu genuen ihesaldian sartzea eta Jaizkibel aurretik pasatzea. Hondarribian faboritoen taldeak harrapatu gintuen, hor joan ginen Murgileraino eta igoerak bakoitza geure tokian jarri gintuen. Jende piloa zegoen animatzen; denbora guztian nire izena entzutea oso hunkigarria izan zen. Errepide horiek oso ondo ezagutzen ditut zarauztarra izanda, eta ihesaldi horrek gozatzeko aukera eman zidan; niretzat ahaztezina izango da eguna.

Vollering eta Van Vleutenekin 17 txirrindulariko tropelean zoazela zer datorkizu burura?

Kristorena izan zen. Faboritoen taldeak harrapatu gintuenean, zeintzuk zeuden begiratu eta pentsatzen nuen “zer egiten dut nik hemen?”. Niretzat eredu dira eta beraiekin taldetxo horretan joatea amets bat izan zen, neure buruarengan gehiago sinisteko momentua. Gure helburua da World Tour mailara igotzea edo beraien parean egotea. Helburua gertuago ikusten dugu eta horrek motibatu egiten gaitu datozen lasterketetan bide horretatik jarraitzeko. Eta bereziki Itzulian, taldean denoi egiten zigun ilusio berezia. Nahiz eta eguraldia oso ona ez izan, jende piloa zegoen errepideetan animatzen eta ikaragarria izan zen. Itzuli guztiarekin gustura nago pertsonalki, talde guztia ere bai, baina igandekoa zen ilusio handiena egiten zidan etapa, etxekoa, eta borobila atera zen eguna.

Murgilen zer sentitu zenuen?

Asko sufritzen, limitean zoazenean ez zara kontziente ingurukoaz, ez dizu ematen hainbeste disfrutatzeko aukera, baina limite horretara ez nintzen iritsi Murgil igo arte. Eta izan zen oso zirraragarria. Nire familiakoak zeuden, gurasoak, nire bikotea, bere familia, lagunak... denak zeuden bertan animatzen bide estuan, ikurrinaz beteta. Hor limite-limitean nindoan, baina asko disfrutatu nuen helmugaraino.

Zer suposatzen du Itzulia 16. bukatzeak?

Itzulira beste lasterketek ematen ez dizuten ilusioarekin iritsi nintzen, ahal zen emaitza politena lortzeko gogoarekin, baina 16. postu bat ez zen nire buruan sartzen, eta orain, lortu dudanean, oso pozik nago. Hiru etapetan ondo sentitu naiz eta gustura egindako lanarekin. Horrek indarra ematen digu ilusio horrekin jarraitzeko denboraldia bukatu arte.

Pena handia izan zen Eiderrena, lehenengo etapan erorketa horren ondorioz erretiratu behar izana. Beste bostok jarraitu behar genuen eta gustura gaude egindako lanarekin; taldeak lehenengo urtetik hona salto handia eman du eta motibazioa da guretzat. Ez bakarrik taldeak, gure babesle guztiek egin dute apustua; honek ematen digu proba onenetan parte hartzeko aukera gure maila hobetzeko, eta bide honetatik jarraitu nahi dugu.

Lehenengo urtetik hona egin den apustuaren ondorioa da. Urtarrilean kontzentrazio on bat egin genuen. Maila handiko lasterketetan ari gara lehiatzen eta horiek ematen dizute erritmoa eta maila. Honek ekartzen ditu emaitzak. Urte hasieratik hobekuntza egin du taldeak. 11 txirrindulari berri sartu dira taldean eta elkar ezagutzen goaz, bakoitzak zer aportatu ahal duen. Zuzendariak ere gehiago ezagutzen gaitu eta elkarlan guztiak dakar dena.

Zeintzuk izango dira zure hurrengo lasterketak?

Gaurtik igandera bitartean Burgosen parte hartuko dut, gero Eibarreko lasterketa eta Andaluziako itzulia daude, baina ez dakit zer egingo dudan. Ekainean, bai, Pirinioetan hiru eguneko itzuli bat daukat. Oraindik ez dakigu Girora joango garen edo ez. Nahi genuke han egon.

Eta hurrengo urtean World Tourren aritzeko aukerarik ikusten al duzue?

Oso zaila da. World Tour talde bat izateko UCI puntuen sailkapenean onenen artean egon behar da. Hurrengo urtean ez dakit 16 edo 18 talde izango diren. Oso zaila izango litzateke sartzea, baina ez da ezinezkoa. Bi urtetik behin dago aukera World Tourrera pasatzeko eta 2026ra begira helburu polita izango litzateke. Nahiz eta ez lortu hurrengo urtean igotzea, badaukagu World Tourreko lasterketetan parte hartzea gonbidapenekin, eta horiek lasterketa onak eginez lortzen dira. Itzulia bezalakoak eginez izango ditugu gonbidapenak lortzeko aukerak, egutegi polit bat osatzeko. Horrekin pozik egongo ginateke, baina helburua World Tourrera igotzea da.