GARA Euskal Herriko egunkaria

Errusia ahulduta, Erdialdeko Asia jomugan du Txina erraldoiak

Errusiari mesede baino kalte egin dio Ukrainan agertu duen handikeriak, eta bide batez ahultasunak. Munduan hegemonia lortzeko ezinbestekoak diren Erdialdeko Asiako errepublikekin gailurra antolatu du Txinak, non eta Zetaren Bide zaharraren muturrean.

Xi Jinping Txinako presidentea, gailurraren inauguraziora iristean. (Florence LO | AFP)

Aukera sinbolikoa: Pekinek «berebizikotzat» jotzen duen gailurra Xi'an iparraldeko hiri historiko handian biltzen da, Europa eta Txina Asia erdialdetik lotzen zituen Zetaren Bide zaharraren ekialdeko muturrean.

«Txina-Erdialdeko Asia goi bileraren» lehen edizioa da, 1992an Txinaren eta Asiako herrialde horien arteko harreman diplomatikoak ezarri zirenetik, Sobietar Batasuna (SESB) desegin ondoren.

Lehen Errusiar Inperioaren eta gero SESBaren menpean izan ziren nazio hauek (Kazakhstan, Kirgizistan, Tajikistan, Turkmenistan eta Uzbekistan) lotura ekonomiko, linguistiko eta diplomatiko pribilegiatuak mantentzen dituzte Moskurekin.

Baina Ukrainako gerrarekin, errusiarren eragina moteldu egin da. Hutsune erlatibo hori betetzeko prest agertu da Txinako presidentea, nazioartean bere tamaina eta bere herrialdearen eragina garatu nahi dituelako.

«Xi Jinping munduan garapena eta bakea sustatzeko gai den buruzagi gisa aurkeztuko da», dio Zhiqun Zhuk, AEBetako Bucknell Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako irakasleak.

G7ko buruzagiak Hiroshiman egiten ari diren bileraren ia une berean izaten ari da goi bilera hori.

«BABES HANDIA»

Zhiqun Zhuren arabera, Japoniak «Txinak munduan duen eragin gero eta handiagoari aurre egiteko» estrategia du ardatz G7aren gailurrean. Horren aurrean, atzo eta gaur Xi'anen egiten ari den bileraren «garrantzi diplomatikoa eta estrategikoa ez da gutxietsi behar», nabarmendu zuen. «Txina-Erdialdeko Asia goi bilerak erakusten du Txinaren itzulerak ez duela bueltarik eta babes handia duela bai Asia erdialdean eta bai garapen bidean dauden herrialdeen artean ere».

Txinaren kalkuluen arabera, Erdialdeko Asiako bost errepublikekin iaz izan zuen merkataritza tratua 70.000 milioi dolarretara iritsi zen iaz (64.000 milioi euro), eta %22 igo da 2023ko lehen hiruhilekoan.

Erdialdeko Asiako sobietar errepublika ohiek, bestalde, leku garrantzitsua dute Txinako «Zetaren Bide Berriak» ekimenean, «Gerrikoa eta Bidea» izenez ere ezagutzen dena.

Xi Jinpingek bultzatuta, 2013 amaieran abian jarri zen programa faraoniko hau, eta Txinako diru funtsen bidez errepideak, portuak, trenbideak eta azpiegiturak garatu nahi ditu Pekinek atzerrian.

Bere garapenerako lehengaiak behar dituen Txina erraldoiak milaka milioi euro inbertitu ditu dagoeneko Erdialdeko Asian. gas naturalaren erreserbak ustiatzeko eta Txina eta Europa eskualdearen bidez lotzen dituzten tren loturak eraikitzeko.

PROIEKTU ZEHATZAK

Goi bilerak azpiegitura proiektu batzuk bultzatzeko aukera izan beharko luke.

Horien artean daude Txina-Kirgizistan-Uzbekistan trenbidea, denbora luzez geldirik eta sei mila milioi dolarreko kostuarekin. Edo Erdialdeko Asia eta Txinaren arteko oliobidea zabaltzea.

Xi Jinpingekin asteazkenean izandako elkarrizketa batean, Kassym-Jomart Tokaiev Kazakhstango presidenteak goraipatu egin zituen Zetaren Ibilbide Berrien inguruko lankidetzaren «emaitza esanguratsuak» .

Ostegunean, Txinako presidentea Sadyr Japarov kirgizistandarrarekin bildu zen, besteak beste. Goi bileraren iragarpen nagusiak ostiral goizean izango dira eta sei presidenteak prentsaren aurrean agertuko dira.