GARA
BILBO

EH Bildu eta PSEren balizko itunak «EAJren aurkakoak izango lirateke»

Andoni Ortuzar EBBren presidentearen hitzetan, «ez dago arrazoirik» PSEk eta EH Bilduk gobernu akordioak lortzeko. Jelkidearen ustez, itun horiek «EAJren aurkakoak izango lirateke».

Ortuzarrek aurkeztu zituen atzo Gasteizko, Bilboko eta Donostiako hautagaiak.
Ortuzarrek aurkeztu zituen atzo Gasteizko, Bilboko eta Donostiako hautagaiak. (EAJ)

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak atzo adierazi zuenez, egungo egoera politikoan, EH Bilduren eta PSEren arteko akordioa «EAJren aurkako ituna izango litzateke». Norbaiten aldeko itunek «emaitza hobeagoa» ematen dutela eta denboran gehiago irauten dutela esan zuen.

Hala azaldu zuen Bilbon egindako gosari informatibo batean. Han izan ziren ere Juan Maria Aburto, Eneko Goia eta Beatriz Artolazabal Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkatetzetarako hautagaiak.

Hauteskundeen osteko itunei buruz hitz egin zuten eta gaia jorratu zuten. EAJ «alderdi itungile» gisa definitu ondoren, Ortuzarrek mezu bat bidali zion PSEri, gaur egun erakunde gehienetan beraien kidea den alderdiari.

«Politikan bi motatako itunak daude: zerbaiten aldekoak direnak eta aurkakoak direnak», ohartarazi zuen. Eta «egungo egoera politikoan, Bildu-PSE arteko itun bat EAJren aurkako ituna» izango litzatekeela nabarmendu zuen.

Bere ustez, PSE «gobernu guztietan integratuta» dago, eta beraz «ez dago arrazoirik» subiranistekin akordioetara heltzeko.

Gainera, argi utzi zuen ez dutela 2011n jarraitutako estrategia mantenduko. Garai hartan EH Bildu lehenengo indarra bilkatu zen Donostian eta Juan Karlos Izagirrek Alkatetza lortu zuen. Jeltzaleek zerrenda bozkatuena errespetatu zuten EAJren aurkako itun bat zegoelako PSE eta PPren artean, «Patxi Lopez Ajuria Enea jauregira eraman zuena».

«Akordio bat lortu behar gunean EAJren aurkako itun bat zutenekin, Bilduren aurkako itun bat egiteko Donostian edo Gipuzkoan? Ez dirudi zentzu handirik zuenik», adierazi zuen Ortuzarrek.

«ONDORENGO EGUNA»

Maiatzaren 28ra begira, jelkideak esan zuen beraiek ez direla «mugatzen hauteskunde egunean pentsatzera, baizik eta, batez ere, ondorengo egunean».

«Beste batzuek aukera izan dezakete marketin hutseko hautagaitzak aurkezteko. Guk ez, jakin dakigulako hauteskundeak igaro eta hurrengo egunean erakundeak martxan jartzeko ardura izango dugulako. Horregatik pentsatu behar dugu hautagai onak aukeratu behar ditugula, baina, batez ere, kudeatzaile onak», adierazi zuen.