GARA Euskal Herriko egunkaria
IKERGAZTE, NAZIOARTEKO IKERKETA EUSKARAZ

Krisi sozio-ekologikorako diziplinen elkarlana galdegin du Pascualek

Krisi sozio-ekologikoaren aurrean zientzialariek duten rolaz aritu zen Unai Pascual, Ikergazteren hirugarren eta azken egunean. Klima Aldaketari buruzko Euskal Zentroko (BC3) ikertzaileak azaldu zuenez, planetaren sistema sozio-ekologikoaren oreka hautsi da, eta jasaten ari garen krisi sektorial guztiak horren sintoma dira. Hortaz, modu holistikoan heldu behar diogu auziari.

Unai Pascualek boladan dagoen gai bati heldu zion, ekologiaren eta garapen ekonomikoaren arteko erlazioari. (Gorka RUBIO | FOKU)

 Hiru eguneko jardunaren ondoren, atzo bukatu zen Ikergazteren bosgarren edizioa Donostian, helburuak beteta: ikertzaile gazte euskaldunei topagunea eta euskarazko ikerketari prestigioa ematea. Guztira, 200 ikertzaile gazte eta ez hain gazte bildu ziren UEUren kongresuan. Ikerketa ibilbidearen hasieran dauden 155 ikertzailek lanak aurkeztu, elkarren berri izan eta tailer batzuetan lan egin zuten. Komunikazio horiek argitaratu egin dira, gainera, euskarazko ekoizpen zientifikoa bultzatuz.

Nekeak neke, eta bezperako ospakizunak gorabehera, ez zen entzulerik falta izan azken egunean ere. Hitzaldi nagusian Unai Pascual Ekonomia Ekologikoko doktoreak gaurkotasun beteko auzi bati heldu zion: zein da zientziaren eta zientzialarien rola krisi sozio-ekologikoaren aurrean?

YORK ETA YUCATAN OINARRI

 Klima Aldaketari buruzko Euskal Zentroan (BC3) lanean ari den Ikerbasque ikertzaileak kontatu zuenez, munduak nola funtzionatzen zuen ulertu nahiak eraman zuen Ekonomia ikastera 18 urterekin. Baina bost urtetan ez zuen tutik ere ulertu. Irakeko gerra zen, 1990eko hamarkadaren erdialdea, eta unibertsitate batzuk ingurumena eta ekonomia lotzen hasi ziren, bereziki Ingalaterran. Hara jo zuen, Yorkeko unibertsitatera. Diziplinarteko giro hartatik sortu ziren bere oinarrizko pentsamendu batzuk, Kursaaleko kongresuan partekatu zituenak.

Yucatanen egin zuen doktoretza, komunitate maia batzuetan. Nafta blokea eratzen ari zen, eta ekonomialari gazte honi -oraindik ekonomialaria zen- bururatu zitzaion interesgarria izan zitekeela globalizazio ekonomiko horrek maiek egiten zuten nekazaritza mota horretan, mundua ulertzeko zuten mikrokosmos horretan, zer eragin zuen ikustea. Hori ulertuta, mundua ulertzeko baliabideak izanen zituela pentsatu zuen.

KRISIA, BAINA ZEIN KRISI?

Oinarri horiekin, krisiaz mintzatu zen Pascual. «Baina zein krisi?», galdetu zuen, domino baten antzera gabiltzalako, krisi batetik atera orduko bestea sortzen zaigula. Bere ustez, hori gertatzen zaigu «gure modelo kognitiboa errotik aldatu behar dugulako: jendeak uste du dena sektoreka kontrola daitekeela; dena kaxoika antolatzen dugu, baina dena hain harilkatuta dago...».

Nondik jo? Hau guztia sistema sozio-ekologiko konplexu bat dela ulertzea da gako bat, ikertzailearen iritziz. «Sistema sozio-ekologikoak daude nonahi, gure herriak eta Lurra bera elkar elikatzen duten sistema sozio-ekologikoak dira».

Esplikatu zuenez, gure pentsamendua lineala da, baina egunero eragiten diguten dinamika pila bat ez-linealak dira eta horietako anitz kontrolatzen zailak dira. Adibidez, naturaz ari garenean, gu eta natura bereizten ditu gure modelo kognitiboak, ekonomia eta gizartea, osasuna eta ingurumena... «Badakigu bat direla? Alde horretatik ez dugu gure burua ondo ezagutzen».

«MUGALARIAK GARA»

Batez besteko tenperaturak eman ohi dira, baina horrek baditu bere tranpak, BC3ko zientzialariaren arabera, eremuaren arabera gehiago edo gutxiago berotzen ari delako planeta. Bideo bat erakutsi zuen, 1950-1980tik gaur egunera arte tenperaturak zer abiaduran berotzen ari diren ikus genezan, azkar eta modu ez-linealean.

Grafiko batzuen bidez azaldu zuen zer gutxi falta zaigun gure CO2 aurrekontua gainditzeko ere. Munduko Meteorologia Erakundeak iragarri duenez, bost urtetan pasatuko dugu 1,5 graduen langa, El Niño fenomenoaren bultzadaz.

Klima krisi batean gaude? Pascualek beste hainbat fenomenorekin lotuta ikusten du. Krisi sozio-ekologiko handi bat dugu, eta horren sintoma dira sufritzen ari garen krisi sektorial guztiak. Adibidez, nork hitz egiten du osasunaren eta bioaniztasunaren arteko loturaz? Edo ekonomia krisiaren eta baliabide eskaintza gero eta urriagoaren artekoaz?

«Zientzialariok hain argi ikusten dugu... Zer oztopo kognitibo dugu gizarte mailan hain intuitiboa den hau ulertzeko?». Horra hausnarketarako galdera bat.

«Planetaren mugarekin talkan gaude. Mugalariak gara», adierazi zuen, eta justiziarekin lotu zuen auzia. Gure egunerokoan justiziaren irizpidea txertatuta dugula esan zuen. Nahiz eta justizia bakoitzak bere modura ulertu, nahiz eta multidimentsionala izan, bada funts bat unibertsala eta intuitiboa.

JUSTIZIAREN BI INTERPRETAZIO

Zein eragin izan ditzake justizian mugak pasatzeak? Nola konpondu arazoa modu justuan? Nola konpentsatu herrialde garatu deitutakoek sortu dugun egoera herri txiroei? «Hori da gaur eztabaidarik garrantzitsuena: zuek ari bazarete kutsatzen, zergatik jarri behar ditugu guk haize errotak? Zergatik gure herrian eta ez zuenean? Hori da politika».

Justiziaren bi interpretazio jarri zituen mahai gainean gogoetarako: lehen aitortza injustizia da, boteretsuen gehiegizko ahalmena, korporazio erraldoiena kasu. «Hazkuntza berdea kontzeptua mila aldiz errepikatzen bada, jendeak pentsatuko du hori posible dela».

Injustizia epistemikoa da bigarrena. Ezagutza mota ezberdinak kontuan hartzen ez direnean ematen da, esparru batzuk gehiago legitimatzen direnean.

Yucatan jarri zuen adibide: «Hango zorua oso arraroa da, lurrazala oso txikia da, kimikoki oso ezberdina. Maiekin sailkatzen genituen zoruak. Bazekiten eraginkortasunez nola erabili. Baina uste duzue zientzialariek haiekin hitz egiten dutela? Normalean ez. Erromantizatu gabe, beste jakintza mota batzuk daude, mundua ulertzeko beste eredu eta kosmologia batzuk. Eta gure zientzia ez dago prest hori onartzeko ere», salatu zuen. «Hemengo baserritarrek ere asko dakite, eta beste era batera. Bada injustizia bat zientziak ere elikatzen duena».

Bestalde, nabarmendu zuen airearen kutsadura lotuta dagoela pobreziarekin. Ingurumen injustizia kontzeptua hortik dator. AEBetako beltzek ekarri zuten beren diskurtsoetara, ohartu zirenean beltzak bizi ziren auzoetan askoz ere kutsadura handiagoa zegoela.

ZIENTZIAREKIKO MESFIDANTZA BERRI BAT

Zientzia jendartearentzat ona dela esaten da lelo moduan, baina, aldi berean, «talka bat, mesfidantza berri bat» sumatzen da zientziarekiko Pascualek baieztatu zuenez. Pandemian nabarmendu zen, txertoaren inguruan sortu ziren eztabaidekin, baina ez da covidarekin bakarrik gertatzen. Azkar eta sinple azaldu zuen: «Zientzia boterea dela kontsideratzen denez eta ni oso alternatiboa naizenez, zientziaren aurka ere joan behar dut». Argitu zuen zientzialariek boterea dutela, bai, baina erlatiboa. «Erabakiak hartzerakoan ez digute kasu gehiegirik egiten». Trump eta Orban muturreko adibide bezala jarri zituen: «Bost axola zaie zientzia». Halakoek gizartearen eta zientziaren arteko erlazioa gaiztotzen dutela aipatu zuen. «Hori elikatzen bada, arriskua izango dugu gure botere epistemikoa galtzeko eta zientzia gizartearen onerako izate hori behar bezain eraginkorra ez izateko».

Ekomodernismoaren diskurtsoarekin kontuz ibili behar dela ere ohartarazi zuen, dena teknologiak konponduko duen uste hori falazia izan daitekeelako. Diziplinarteko elkarlana defendatu zuen Unai Pascualek krisi sistemiko honi buelta emateko. «Auzolanean gizartearekin bat egin behar dugu zientzialariok», aldarrikatu zuen, eta krisi sozio-ekologikoari aurre egiteko aletxoa elkarlanean jar dezatela aholkatu zien ikergazteei.

«TXIKLEA APURTUKO DA»

Galderen txandan, desazkundeaz galdetu zion ikergazte batek. Eta Ekonomia Ekologikoan doktoreak erantzun zuen, kontzeptua aspaldikoa izan arren, hura defendatzen zuten zientzialariak «florerotzat» hartu izan direla orain dela gutxi arte. Hori aldatzen ari da: «Gero eta naturalago ari da ulertzen desazkundea, nahiz eta oraindik ez den goraino heldu».

Agertu zuenez, Europako Batasuna bera ere hausnartzen ari da, badakielako baliabideak eskuratzea zailagoa zaiola orain. Gogoeta goi mailako esparruetara heldu da. Zenbat bereganatuko duen eta zenbat aldatuko den politika, ez dakigu. Baina pentsaezina zen duela hamar urte Bruselan desazkundeaz hitz egiteko puntako zientzialariak biltzea, eta gertatu da. «Kapitalismoaren txiklea luzatzen ari dira ahalik eta gehien. Baina nonbaitetik apurtuko da», segurutzat eman zuen.

IRABAZLEAK SARITU ZITUZTEN

Hitzaldi nagusiaren ondotik, zenbait ikergaztek beren lanak aurkeztu zituzten, eta kongresuko irabazleak saritu. Giza Zientzien arloan Mikel Perez izan zen garailea, Gizarte Zientzietan Sara Arruti, Zientzietan Jone Amuategi, Osasun Zientzietan Naia Ros eta Ingeniaritzan Eneko Sotomayor.

Alaitz Uriartek irabazi zuen Euskal Herriko garapenean eragin handiena duen ikerketa saria, “Zaintzaren inguruko iruditegiak Zestoako Zaintza Ekosisteman” lanagatik. Mikroaurkezpenik onenak, Irati Mendia eta Xabier Arraztoarenak izendatu zituzten.