Manex ALTUNA
Interview
Xabi etxeita
Amorebieta taldeko kapitaina

«Urritxen Bigarren Mailara igo ahal izateak sekulako ilusioa sortu du»

Xabi Etxeitak (Zornotza, 1987) udan zalantzak izan zituen futbolean jokatzen jarraitzeko. 35 urterekin, lehen pausoak eman zituen etxeko taldera itzultzeko erabakia hartu zuen, eta orain zilarrezko mailatik garaipen bakarrera dago. Zirrara berezia igartzen zaio eta irrikaz dago partida eguna iristeko.

(Monika DEL VALLE | FOKU)

 

Kirol ibilbide oparoa izan du Xabi Etxeitak. Lehen Mailan denboraldi mordoa egin zituen Athleticen, Getafen eta Huesca. Bigarren Mailan Cartagena, Elx eta Eibar bezalako taldeetan aritu da. Europan ere partida batzuk jokatutakoa da. Eta Espainiako selekzioarekin ere debutatzeko aukera izan zuen Vicente del Bosqueren garaian. Atzelari sendo bat bezala nabarmendu da zelaian eta bere izateko modua beharrezkoa da aldagela guztietan.

Amorebieta futbol taldean txikitatik ezagutzen dute. Etxera bueltatzeko proposamena egin zioten. Zalantzak izan zituela onartu du GARArekin izandako solasaldian, baina pausoa eman eta Bigarren Mailara igotzeko aukera eskuan dauka.

Bi jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko, eta lau puntuko aldea dauka talde bizkaitarrak bigarren sailkatua den Eldenserekiko. Larunbatean, arratsaldeko 19.30etik aurrera, Tarragonako Nastic taldea hartuko dute Urritxen. Garaipen batekin, poltsikoan daukate igoera. Sekulako balentria izango litzateke, orain dela bi urte, bere historian lehen aldiz, zilarrezko mailara heltzea lortu zuen 20.000 biztanlera iristen ez den herri txiki bateko talde batentzat.

Partida eguna iristeko gogotsu dago Xabi Etxeita, eta taldekideak ere ilusio handiarekin bizitzen ari direla adierazi du zornotzarrak. Mezu bat ere bidali nahi izan du eta Urritxen berrikuntzak egin behar direla gogorarazi. Bigarren Mailara bueltatzen badira, iaz bezala, berriro Lezaman jokatu beharko dutela aipatu baitu.

Urduritasuna nabaritzen da Amorebietan, partida gerturatzen den heinean?

Ez nuke esango urduri gaudela, ilusioa da inguruan ikusten dudana. Jokalariak, klubeko jendea, zaleak eta herritarrak ere eguna heltzeko gogotsu eta irrikaz igartzen ditut. Larunbateko partida izugarria izango da. Ni herrikoa naizenez, nabaritzen dut jendea eta herritarrak oso gogotsu daudela. Urritxera etorri nahi dute une berezi hau bizitzera, eta nik uste dut egundokoa izango dela zelaitik hori bizitzeko aukera izatea. Aurreko jardunaldian lortu izan bagenu, ez zen horrelako ilusiorik sortuko herrian, eta hori oso ona da denontzat.

Azken jardunaldian Bigarren Mailan egon zineten ordu laurden inguru, Logroñesek luzapenean egindako golak ekidin zuen arte. Eraginik izan dezake taldearen animoetan?

Zelai barrutik ezberdin ikusten dira gauzak, bai jokatzen ari garenok, bai aulkian edo kanpoan daudenak. Partidan sartuta geunden bitartean, ez genekien Eldenseren partida amaituta zegoen eta Bigarren Mailan egongo ginatekeela irabaziz gero. Egia da, hain hurbil zegoela konturatzen zarenean, kolpe gogor bat dela momentuan. Gertatu zitekeen guk irabaztea, Eldensek azken minutuan gola egitea eta egoera berdinean egongo ginateke. Autobusean bueltan gentozenean, denok elkartu eta hitz egin genuen, azpimarratzeko zer nolako aukera ona daukagun larunbat honetan gure zaletuen aurrean. Etxeko azken partida izango da eta, partida irabaztea lortuz gero, badakigu igoko garela. Aukeratu beharra bazegoen, nahiago nuke Urritxen igotzea.

Eskura daukazue igoera. Beste aukera bat ere izango zenukete azken jardunaldian, hurrengo astean, Lezaman.

Hori da. Badakigu Nasticen kontrakoa ez dela hil ala biziko partida, eta horrek urduritasun puntu hori kendu egiten digu. Ez badugu partida aurrera ateratzen, ez genuke Eldenseren emaitzaren zain egon beharko, badakigu beste aukera bat izango dugula Lezaman, jada maila galduta daukan Bilbao Athleticen aurka, ligako azken jardunaldian. Egoera oso onean gaude.

Amorebietara bueltatzea erabaki zenuenean, espero zenuen igoera bat bizitzeko aukera izatea?

Ez. Banekien taldea berria zela, jokalari berri asko zeudela, gazte asko eta maila ezberdin bat. Gainera talde oso onak daude RFEFko Lehen Mailan. Aurrekontu handiak dituzte, esate baterako, Murtziak edo Intercityk. Talde oso gogorrak daudenez, ez nuen uste aukera hau izango genuenik jardunaldi honetan, ezta gutxiago ere.

Zergatik itzuli zinen?

Iaz, Eibarren, bigarren itzulitik aurrera arazo fisikoak izan nituen. Ez nintzen ondo aurkitzen eta zalantza asko izan nituen futbolean jarraitzeko. Aukerak izan nituen Bigarren Mailan jokatzen jarraitzeko, baina ez neukan burua niri iruditzen zaidan moduan eduki behar dela. Lehiakortasun, edo ilusio hori, apur bat galduta neukan. Amorebietaren deia jaso nuen. Beraiekin hitz egiten egon nintzen uda osoan. Itxaron egin zidaten, eta denboraldia hasita zegoenean hartu nuen erabakia.

Futbolari bezala Amorebietan hezi zinen eta erdilari bezala fitxatu zintuen Bilbao Athleticek 2006an.

Txiki-txikitatik Amorebietan jokatzen aritu naiz, beheko maila guztietan. Zelai erdian jokatzen nuen, gorago edo beherago. Gazte mailan Amorebietaren lehen taldearekin entrenatzen hasi nintzen, eta jokatzen. Ondo nenbilen, eta hortik joan nintzen Bilbao Athleticera. Lehen urtean erdilari hasi nintzen, baina gero atzera pasatu ninduten, eta hortik aurrera beti jokatu dut postu horretan. Imajinatu niretzat zer esan nahi duen Amorebietak, herrikoa izanda eta bertan hezia. Bueltatzeko arrazoi nagusienetako bat izan zen nire kirol ibilbidea biribiltzea, etxera itzuliz.

Bolada onean dator taldea. Azken partidetan sei garaipen eta berdinketa bat lortu dituzue. Baina denboraldi hasiera ez zen erraza izan.

Bai, horrela da. Dena zen berria eta kosta egin zitzaigun. Klubarentzat kategoria berria da, eta ez dakizu zehazki ligaren maila. Gainera, Bigarren Mailatik zetorren eta talde guztia aldatu zen, bi jokalari izan ezik. Hasieran zaila egin zitzaigun, baina ikusten zen jasotzen genituen golak ez zirela partida txarrak egiten genituelako edo aurkariak gainetik pasatzen zitzaizkigulako. Geldikako jokaldietan edo kontraerasoetan heltzen ziren golak, ez ginelako talde bat defentsiboki gogorra. Partidak jokatu ahala, defentsan sendotasun bat lortzen joan ginen eta gero, batez ere etxean, Urritxen, erraztasuna izan dugu golak egiteko. Gure bide bat aurkitzen joan gara, partida asko irabaztera eraman gaituena.

Zer egiten du Amorebietak hain ondo? Zein da sekretua?

Hemen lanean ari den jende guztia ezagutzen dut. Presidente eta zuzendaritza batzatik hasi eta kirol arduradun guztietaraino. Esango nuke, aurten barrutik bizi izan dudanarengatik, garrantzitsuena dela hasieratik bukaerara lan egiteko modu berbera mantendu dugula. Azkenak geundenean ere azaro edo urri inguruan, ez genuen momentu batean ere ez zuzendaritzaren ez kirol arduradunen presiorik izan. Ezta entrenatzailearen aldetik ere. Egonkortasun puntu bat mantentzen da, eta horrek azkenean asko errazten du dena. Ez daukagu zaleen presiorik, jende guztia laguntzeko prest dago eta Urritxera animatzera dator. Zelaian jokatzen ari garenean, ez dugu sentitzen huts egiteko beldurrik. Aldi berean, barruan dauzkagu irabazteko gogoa eta gosea. Kirol zuzendaritzan oso ondo lan egiten dute alde horretatik. Eta, egia esan, oso zaila da daukagun aurrekontuarekin horrelako jokalariak lortzea.

Asier Goiria kirol zuzendariaren lanak zenbateko garrantzia dauka?

Emaitzak hor daude. Urtetik urtera jokalariak aldatzen dira, jende berria dator, eta berak beti lortzen du zerbait berezia sortzea. Ez dakit nola deskribatu, ez da bakarrik jokalariak konbentzitzen dituela zerbaitengatik. Lan egiteko era bat dauka, jende gutxik daukana, eta horrela lortzen ditu jokalariak, eta baita taldean sortzen den giro hori ere. Garrantzi handia ematen dio taldea elkartuta egoteari. Horrek asko balio du, baina ez dakit nola kuantifikatu daitekeen futbol munduan.

Denboraldi honetan «filosofia» aldaketa bat ere eman da taldean. Euskal Herriko jokalariei kanpotik etorritako batzuk gehitu zaizkie.

Egia esan, ez da berria. Beste denboraldi batzuetan ere egon dira kanpoko jokalariak. Taldea saiatu da mantentzen euskal jokalarien esentzia hori, baina kirol zuzendaritzak ikusten zuen ezinezkoa zela maila on bat bermatzea euskaldunekin bakarrik. Kategoria zaila da lehiatzeko eta, era berean, ez daukazu diru askorik. Jokalari gutxi daude maila honetako aurrekontuaren barruan sartu daitezkeenak. Hala ere, uste dut lortu dela taldea batera egotea eta baita euskaldun asko egotea ere.

Nola egin duzue aldagelan kanpoko hainbeste jokalari integratzeko?

Betidanik garrantzi handia eman zaio talde honetan giro ona izateari. Sarritan elkartzen gara jarduera ezberdinak egiteko. Batzuetan elkarrekin batera gosaltzen dugu, beste batzuetan bazkaltzeko geratzen gara, edo pintxoak ekartzen ditugu entrenamendu ostean jateko. Denak batera egoten gara: jokalariak, entrenatzaileak eta kirol zuzendaritza. Oso garrantzitsua da guretzat. Kanpoko jendea bakarrik bizitzera dator, eta beharrezkoa da gustura sentitzea zelaitik kanpo ere, ez bakarrik kirol arloan.

Amorebietak igotzea lortzen badu, jokatzen jarraitzeko asmoa daukazu?

Aurten ere zalantzak ditut. Ez dakit zer egingo dudan. Ikusiko dugu. Orain buruan daukadan bakarra da helburua betetzea eta igotzea. Ondoren pentsatuko dugu. Hasieran fisikoki nola nengoen jakin nahi nuen eta, ez banintzen ondo aurkitzen, albo batera pausoa eman. Ondo sentitu naiz, jokatzen nabil eta iruditzen zait baliagarria izaten ari naizela zelaian. Taldeari lagundu ahal diodala ikusten dut eta gustura nabil. Baina, datorren urtera begira, ikusiko dugu. Ez daukat erabaki bat hartuta; denon artean hitz egingo dugu eta ikusiko dugu zer den onena.

Zer suposatuko luke zuretzat etxeko taldearekin Bigarren Mailara iristea?

Amorebietarekin Bigarren Mailara igotzea sekulakoa izango litzateke. Badakit Lehen Mailan jokatzea lortu dudala, baita Txapeldunen Ligan eta Europan ere. Athleticekin Superkopa bat irabazi nuen 2015ean, eta hori izugarria da. Baina Bigarren Mailarako urratsa egitea etxeko taldearekin, sekulakoa izango litzateke. Ilusio handia daukat. Jon Mikel Magunagoitia atezaina ere herrikoa da, 22 urte ditu, eta haren ilusio berdina sentitzen dut.

Gaur arratsaldean Athleticek Celtaren aurka jokatuko du. Taldea jarraitzen duzu?

Ahal dudanean ikusten dut. Taldea ondo ikusten dut, iaz bezala. Gertatzen da maila altua dagoela Ligan eta ez dela batere erraza Europan sartzea. Hor daude, hurbil, eta ikusiko dugu lortzen duten. Iruditzen zait oso zaila dela taldeari gehiago eman dezan eskatzea.