GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Zuri-gorrien amets goxoak, Conference Leagueko postuan

Gironak azken unean Vila-realen aurka galdu zuela (1-2) aprobetxatuta, partida serioa jokatu zuen Athleticek. Iñaki Wiliamsek eta Berenguerrek gol politak egin zituzten eta Celtak berdinketa lortu zuen. Albiste txarra, Herrera eta Dani Garciaren lesioak.

Burukada eder honekin lortu zuen Iñaki Williamsek 1-0ekoa Celtaren aurka. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Athleticek Ligako zazpigarren postuan egin du lo. Patxadaz, bere lanaz eta besteenaz baliatu baitzen atzo. Lehenik, Gironak azken unean galdu zuen Vila-realen aurka (1-2). Ondoren, zuri-gorriek lan gogorra egin zuten Celtari irabazteko. Orain Osasunaren eta Sevillaren emaitzen zain geratuko dira bilbotarrak, jakinda ostegunean gorritxoen aurkako derbia izango dutela Sadarren.

Gironak bere partidan izandako porrota jakinda zelairatu zen Athletic San Mamesen. Vila-realek azken unean sartu zuen 1-2koa eta emaitza horrek esperantza piztu zuen zuri-gorriengan Conference Leaguerako sailkapena lortzeko helburu horretan. Hala ere, egia da neurketa oso abiadura motelarekin hasi zela. Iñigo Martinezen hutsunea betetzeko, Ernesto Valverdek Paredes ipini zuen atzealdean, Vivianen bikote bezala, eta zelai erdian Muniain eta Sancet aritu ziren Dani Garciaren aurretik.

Abiadura motel horrek, ordea, beste martxa bat izan zuen eta hortik iritsi zen partidako lehen gola, 5. minutuan. Oscar de Marcosek bikain erdiratu zuen eskuinetik eta Iñaki Williamsek are eta erantzun ikusgarriagoa eman zion jokaldiari, ederki gurutzatu baitzuen bere burukada Ligako hamargarren gola egiteko eta Athleticen golegile nagusia bihurtzeko Sanceten aurretik.

Eskuin hegala ez zen bakarrik fin ibili erasoko jokaldi horretan. Atzean ere oso ondo eta adi aritu zen Guardiakoa baloi arriskutsu bat kornerrera bidaltzeko. Jokaldi horretan Celtak baloia berreskuratu zuen zelai erdian, baina galiziarrak ideia garbirik gabe aritu ziren lehen zatian. Gainera, Fran Beltran lesionatu egin zen eta Carlos Carvalhal entrenatzaileak De la Torre zelairatu behar izan zuen 24. minutuan, neurketa hasierako planteamendua deskolokatuz.

Polemikarako tartea ere izan zen, Berenguerrek eskua eskatu baitzuen area barruan, baina epaileak jarraitzeko esan zuen. Eta atezainek ere beren dohainak atera behar izan zituzten. Lehenengo Unai Simon izan zen. Gabri Veiga gazteak areaz kanpotik eskuinez jaurti eta Athleticeko atezainak bikain gelditu zuen.

Gauza bera egin zuen, beste atean, Villarrek. Kasu horretan Yurik egin zuen burukada oso ona, baina Galiziako atezainak bikain gelditu zuen jaurtiketa atsedenaldira iritsi aurretik.

KULUXKATIK GOIZ ESNATU

Carvalhalek beste bi aldaketa egin behar izan zituen bigarren zatia hasi aurretik neurketari beste norabide bat emateko. Eta ondo atera zitzaion. Bere taldeak gehiago estutu zuen eta saria izan zuen: Larsenek, burukada suabe batekin, berdinketa ipini zuen markagailuan 50. minutuan.

Jokaldi horrek bilbotarrak esnatu zituen eta lau minutu besterik ez zituzten behar izan 2-1ekoa egiteko. Alex Berenguerrek sekulako goltzarra sartu zuen, eskuin oinarekin eskuadratik, San Mameseko harmaila -Iñigo Cabacas Herri Harmaila isilik egon zen atzokoan, azken asteetan sufritutako isunen protesta moduan- ere guztiz esnatzeko.

Valverdek aulkia mugitu zuen; Ander Herrera zelairatu zuen, baina erdilariak zelaia utzi behar izan zuen lesionatuta 74. minutuan. Tartean, Berenguerrek langara bidali zuen baloia areaz kanpotik egindako jaurtiketa batean. Hori sartu izan balu, San Mames erori egingo zen.

Partida gogortu egin zen eta erritmoa moztu. Zarraga, Raul Garcia eta Adu Ares zelairatu zituen Valverdek. Garaipenak eta Conference Leagueko postuak ez zuten alde egin.