Imanol CARRILLO
Interview
IÑIGO ETXEBERRIA
Behobia-Donostia lasterketako koordinatzailea

«Jendea animatu nahi dugu, baina bero kolpeen arriskuaz ere ohartarazi»

Hain maitatua den lasterketa honetako koordinatzaile kargua hartu zuenetik, Iñigo Etxeberriak arazo ugariri aurre egin behar izan dio. Azaroaren 12an egingo da aurtengo edizioa. Bertan parte hartzeko gonbidapena egin die korrikalariei, baina etorkizunerako datozen tenperatura igoerak direla-eta, arrisku horretan eta prebentzioan jarri nahi du arreta.

(Jon URBE | FOKU)

Behobia-Donostia lasterketa herrikoian parte hartzeko ohikoen izen-emateak ireki ziren martxoaren 29an, eta maiatzaren 3tik izen-emate orokorrekin ari dira. 30.000 korrikalarirentzako tokia duen proba honetan, lehen asteetan 20.000 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena. «Oso azkar doaz» izen-emateak, azpimarratu du lasterketako koordinatzaileak. «Sorpresaz» ere hartu du egoera hau, «bizkortu egin delako».

Behin martxa ona hartuta, orain, dirudienez, hemengo jendea bultzatu nahi duzue izena ematera, ezta?

Iazko erreferentzia genuen. Lehenengo aldiz, Kataluniatik jende gehiago etorri zen Gipuzkoatik baino. Eta aurten hortxe dabil: 4.539 izen-emate daude Gipuzkoan eta 4.393 Katalunian. Ikusten ari gara aurten bertakoak adiago daudela. Aurreko urteetan irailaren 20ra arte genuen irekita epea eta topea 35.000, eta azkeneko 3-4 urteetan ez zen bete. Eta iaz sorpresa hori izan zen, abuztuaren bukaeran amaitu zirelako izen-emateak eta itxaron zerrenda egin genuelako.

Aurten ere 30.000ra iritsiko zaretela uste duzue?

Bai, bai. Nahiko garbi dugu. Jarraipena egiten dugu 2015etik, egunero-egunero zenbat izen ematen diren, eta aurten hilabete pasatxo gabiltza aurretik iaz eta aurreko urtearekin alderatuta.

Pandemiaren ondorioak nabaritzen dira oraindik?

Ez dakit. Denok dugu pixka bat ahotan pandemia. Iaz, adibidez, garraioan musukoa erabili beharra zegoen oraindik, eta aurten neurri horiez ahaztu egin gara. Kiroletan joerak jarraitzen ditugu, eta askotan aipatzen da proba asko daudela eta, beraz, gehiegi banatzen direla izen-emateak, eta horregatik batzuk jaisten direla edo beste batzuk ez.

Hori baino gehiago, gure arrazoi nagusia da baby boom famatua gertatu zela Euskal Herrian 1960. urtetik 1975. urtera bitartean. Jende hori guztia korrika egiten hasi zenean, moda baitzen, hazkunde oso handia izan genuen eta 2000tik aurrera sekulakoa izan zen. Hazkunde horretara moldatzen aritu gara. Gaur egun, 41 eta 45 urte bitarteko adina da nagusi.

Emakumezkoetan beste fenomeno bat dago. Orain hasi dira asko honelako probetan izena ematen eta adin nagusia 26 urtetik 30erakoa da.

Emakumeekin jarraituz, nola doa 50/50/25 erronka?

Apustu handia zen 50/50/25, eta hor gabiltza. Egia esan, urte batetik bestera bi puntuko, bi puntu eta erdiko saltoak izan ditugu. Iaz ia %29an geratu ginen; aurten azkar joan da eta momentu honetan %29an gaude. Aurten %30era iristea zen helburua. Ikerketa batzuk ere egin ditugu, ikusita zein ezberdintasun dagoen leku batetik bestera. Adibidez, ikusi genuen Tarragonatik iaz 500 parte-hartzailek etorri behar zutela eta %37 emakumezkoak zirela. Unibertsitateko Antropologia irakaslea izandako batekin ikerketa egin genuen zergatia jakiteko. Esaten zuten han talde asko daudela korrika egiteko, elkartzeko eta batak bestea animatzeko. Ikerketaz gainera, ekintzekin ere ari gara. Talde mistoa ere ireki dugu; horrek asko laguntzen du jarraitutasuna izaten.

Zein arazo izan duzue aurten?

Adibidez, webguneak hamar urte ditu. Bertara sartzen direnen %70 mugikorrarekin sartzen da; beraz, moldatu behar duzu. Bestalde, jendea kolektiboan joatea sustatu dugu, trenez, autopistan pilaketarik ez sortzeko eta garaiz iristeko, baina trena obra batetik bestera dabil, batez ere Renfe-n eta Adif-en. Dena abiadura handiko trenera ari dira moldatzen, eta hor, ibilbidean, zenbait lan aurreikusi dira. Lan horiek murrizketak badakartzate, egunerokotasunean, irailetik aurrera, guri ere ekarriko dizkigu lasterketa egunean. Eta arazo potoloa izan daiteke.

Beste arazotxo bat izan dezakegu Irungo Bentetan, Elizatxoren bukaeran. Oinezkoentzat egokitu nahi dute gune hori eta, hain zuzen, gure ibilbidea da. Gertatu izan zaizkigu halakoak: Gaintxurizketan egin zuten obra handi hori... Edo hauteskundeak badira lasterketa egunean bertan, aldez aurretik moldatu beharra dago, azkeneko asteetan ez baitaukazu denborarik.

Zer esango zenieke oraindik ere izena eman ez dutenei?

Lantzen ari garen eta ahalik eta jende gehienarengana iristeko oraindik ere forma ematen ari garen beste kontu bat dago: bero kolpeak. 20 gradutik pasatzean arrisku bihurtzen da.

Prebentzioan badugu zeregina. Kostatzen zaigu jendeari helaraztea berdin diola zenbat edan, norberaren entrenamendu maila, azkenean aklimatazioarekin eta norberaren esfortzua ez egokitzearekin lotutako arazoa delako. Normalena da 20 urtetik 40 urte bitarteko gizonezkoei eragitea bero kolpeak. Zergatik? Forma onean dagoen jendea delako, lehiakorra, marka egitera doana, eta horrelako baldintzetan, ez bazaude ohituta, ekidin behar dituzu esfortzu maximoak. Gainera, irits daiteke momentu bat non ez zaren zure egoeraz guztiz kontziente, baina korrika jarraitzen duzun. Kasu batzuetan, heriotzara eraman zaitzake.

Iritzi publikoan geratzen den mezua da jendea ez dela prestatzen, eta hain zuzen ere, kontrakoa da. Beste faktore bat da esperientzia falta edo hasiberria izatea. Behobiak duen publikoak, bestalde, kontrako efektua egiten du. Momentu batzuetan, animatu beharrean, desanimatu egin beharko genuke, lasaiago joateko. Oso gai zaila da, baina ezagutza handitzen badugu, ekidin daiteke.