GARA
ERRUGBIA

Ordiziak, gogor lehiatu arren, amore eman du VRACen logikaren aurrean

Ordiziarren lan ona ez zen nahikoa izan Valladoliden.
Ordiziarren lan ona ez zen nahikoa izan Valladoliden. (VRAC)

Hasierako minutuetan amesteko une batzuk izan bazituen ere, Ampo Ordiziaren aurtengo denboraldia Valladoliden amaitu zen atzo, VRAC Quesos Entrepinares taldeak denboraldi erregularrean izandako logikaren aurrean amore eman behar izan zuen eta. Play offerako eskubidea ematen zuen azken txartela eskuratuta, goierritarrek bazekiten iazko balentria errepikatu nahi bazuten bide zailenetik egin beharko zutela eta iaz Valladoliden bertan sekulakoa lortu zuten arren, aurten ez dute errepikatzerik lortu eta, 28-17 galduta, aurrera egiteko modurik gabe geratu ziren.

Eta hala ere, gauzak ezin hobeto hasi ziren Ordiziarentzat. Izan ere, Valentin Cruzen oinaren eraginkortasunari eta Julen Goiak 22. minutuan gauzatutako entseguari esker, 0-10 aurreratu ziren markagailuan. Partida hasiera polita egin zuten goierritarrek, baina pozak ez zien luzeegi iraun, atsedenaldira iritsi aurretik etxeko taldeak markagailuaren agintea berreskuratu baitzuen Javi Lopez eta Kalokalo Gavidik lortutako entseguei eta Baltazat Taiboren gauzatzeei esker (14-10).

Aldageletatik bueltan, Valladolidekoek aldea handitzea lortu zuten Michel Stringerren entsegu berri batekin. Ordiziarrek, ordea, ez zuten inolako momentutan amore eman eta azkeneraino borrokatu zuten, nolabaiteko saria eskuratuz gainera. Partida amaitzear zela Ioritz Mujikak bigarren entsegua lortu zuen.