Haritz LARRAÑAGA

ZERGATIK DA UDABERRIA SURF EGITEN HASTEKO SASOIRIK ONENA?

Esperientzia apur bat duen edozein surflarirentzat udaberria urteko sasoirik okerrena da surf egiteko, baina surf egiten ikasi nahi duenarentzat une egokia da. Ura berotzen hasten da, egunak luzeak dira eta olatuak txikiak, eta ez dago udako jende pilaketarik, baina badira kontuan hartu behar diren zenbait gauza.

Ikasle pilaketak Angeluko hondartzan.
Ikasle pilaketak Angeluko hondartzan. (Haritz LARRAÑAGA)

Euskal Herrian udaberria da surf egiten hasteko sasoirik onena. Itsaski txikien sasoia da; ura ez dago oso hotza; egunak luzeak dira; udan ez bezala, ez da jende pilaketarik izaten eta oraindik ez daude hondartzak banderekin mugatuak. Aitzitik, mendebaldeko zein iparraldeko haizeteek olatuak narrasten dituzte, baina hasiberri batentzat hori ez da arazoa, hastapenean olatu gainean baino gehiago aparretan ibiliko baita etorkizuneko surflaria.

Non, noiz eta nola itsasoratu behar da? Galdera horiek erantzungo ditugu datozen lerroetan, baina kontuz, itsasoa bezalako eremu mugikor batentzat ez dute balio arau zurrunek. Beraz, artikulu honetan aholkuak modu orokorrean emango ditugu, baina aholku bakoitzak salbuespenak ere izan ditzake, xehetasunetan sartzen bagara, eta horiek ez ditugu gaurkoan ikusiko. Jarraian emango ditugun aholkuek ideia orokor bat osatzen lagun dezakete, baina gero surflari bakoitzak jardunean ikasiko ditu orokortasun horren atzean dauden xehetasun anitzak.

Adibidez. Zenbat urterekin has daiteke haur bat surf egiten? Surf eskola bakoitzak bere irizpideak ditu. Nire ustez, zortzi urte baino lehenago goizegi da; aldez aurretik, haurra bodyboard batekin ibil daiteke olatuekin jolasten eta ikasten. Badira haurrak sei urterekin burua ur azpian sartzeko eragozpenik ez dutenak eta badira 9 urteko haurrak burua ur azpian sartzen ausartzen ez direnak. Kasu horretan, 6 urteko haurra surf egiten hasteko prestatuago dagoela esango nuke, baina hori nire iritzia besterik ez da. Hau da, erantzun orokor bat eman behar da (8 urte), baina salbuespen anitz izango dira.

NON ETA NOIZ ITSASORATU?

Udaberrian oraindik ez daude hondartzak banderekin mugatuta; hortaz, hondartzako edozein gune egokia izan daiteke surf egiten ikasteko. Hori bai, komeni da hondartza bat izatea eta ez haitzez inguratuta dagoen gunea. Malda gutxiko hondartza bada hobe, aparrek ibilbide luzeagoa izango baitute eta olatuak ez baitira oso bortitzak izango.

Beraz, malda gutxiko hondartza bat behar dugu: adibidez, Hendaia, Zarautz, Deba edo Sopela. Halako lekuetan olatuak pixkanaka lehertzen dira eta aparrek ibilbide luzea izaten dute. Hasiberri bat pixkanaka itsasoratu daiteke eta aparrak hartzen non hasi nahi duen erabaki dezake, hasieran lehertutako olatuak hartzen hastea komeni da eta.

Malda handiagoko hondartzetan ere has gaitezke surf egiten, baina betiere marea puntua kontuan izanik. Kasu gehienetan itsasgora ekidin behar da, itsasoak malda handiena topatzen duen unea izaten baita eta halakoetan olatuak urertzetik oso gertu lehertzen baitira.

Euskal Herrian surf egiten ikasten ari den norbaitentzat une egokiena goiza da, itsasgora goizez denean marea hilak direlako; hau da, itsasoa ez da asko igotzen eta olatuak ez dira hain gogor lehertzen. Horrela, astebetez, goizez itsasgora izango da, baina esan bezala marea ez da asko igoko, eta ondorengo astean, ostera, marea biziak izango dira eta marea asko jaitsiko da, baina hala ere arratsaldean (itsasgoran) baino baldintza hobeak izango dira hasiberri batentzat.

Kontuz itsasaldiekin: marea biziek edo hilek ez dute harremanik olatuen altuerarekin; ilargiak soilik itsasaldien koefizientean eragingo du, marea gehiago edo gutxiago igo eta jaitsaraziz.

Azkenik, non itsasoratu? Itsasora begiratu eta apar gehien dagoen eremua da egokiena. Apar gutxien dagoen eremuan ez dago olaturik, sakonera handiagoa dagoelako eta ondorioz, ur-lasterren eremua delako. Eremu mugituena, itsusiena, apar gehien duena, hori da egokiena, eremu horretan aparrek hondartzarantz bultzatzen baitute eta ez itsasorantz.

Jarraian, horra hor, gaurko aholku garrantzitsuena. Ikasi beharreko lehen gauza edozein olatu hartu eta irteteko gai izatea da. Sakonera handiko eremuan zein sakonera gutxiko eremuan, norberak bere kabuz edozein olatu edo apar hartu eta bakarrik irteteko gai izan behar du. Hori zutik jartzea baino milioi bat bider garrantzitsuagoa da. Horregatik, itsasoratu aitzin surflariak bere buruari egin behar dion galdera honako hau da: «Hortik bakarrik irteteko gai naiz?».

NOLA ITSASORATU?

Galdera horri erantzuteko, bi osagai nagusi hartu behar dira kontuan. Batetik, materiala, eta bestetik, norberak itsasoaz duen ezagutza. Materialari dagokionez, ez da gauza asko behar. Oinarrizkoena surf taula eta txikota dira, eta surflaria hozbera bada, baita ur-jantzia ere. Gaur egun badirudi ur-jantzia ezinbestekoa dela, hainbeste erosotasunekin gauza batzuk ezinbesteko bilakatu baitira, baina hotz apur bat pasatzeak ez dio inori kalterik egiten; horregatik, udaberri, uda eta udazkenenerako ur-jantzi labur bat edo mahuka luzeko ur-jantzi fin bat (2 milimetro) nahikoa izan daiteke.

Taulari dagokionez, handia, zabala eta lodia behar du, apar gainean ibiltzeko. Izan ere, apar batean surflaria zuzen doa eta, aparraren abiadura gaindituko ez duenez, taula txiki batekin hondoratu egingo da. Soilik lehertu gabeko olatu batean alboetara joaten lor dezake surflari batek taula txiki batekin ez hondoratzeko behar adinako abiadura.

Gaur egun, hasiberrientzako kortxozko taula mota ugari dago. Onenak dira kolpe gogorrak ekiditeko, baina gutxieneko zurruntasuna ere behar dute, bestela erraz hausten baitira. Hobe da taula handiegi bat txikiegi bat baino, eta hobe da denbora luzeagoa egitea taula handi batekin, hilabete gutxitan taula txiki batera pasatzea baino.

Taula txiki bat mugitzea erraza da; horregatik, taula txikiago bat hartzen duten surflariek arintasuna sentitzen dute eta hasieran taula ongi mugitzen ari direla uste dute, baina luzera begira akatsa da, gero konpontzeko oso zailak izango diren ohitura txarrak hartuko baitituzte. Aldiz, taula handi bat egoki mugitzen ikasten duenak luzera begira askoz ere hobeto surf egingo du, teknikoki gauzak ongi egin dituelako mugitu baitezake taula astun bat.

Taularekin derrigorrezkoa den beste gauza txikota da. Beti lehorrean lotu eta lehorrean askatu behar da, inoiz ez uretan, ezta urertzetik gertu egonda ere.

Eta azkenik, itsasoarekiko ezagutza. Surf egiten ikasteko surf eskola batean hastea komeni da? Galdera hori erantzuteko xehetasun ugari eman behar da; beraz, beste artikulu baterako utziko dugu.