GARA Euskal Herriko egunkaria

Ikastolen Elkarteak eta Eusko Ikaskuntzak jasoko dute Elkar saria

Joan den mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan euskararen eta euskalduntzearen alde egindako lanagatik jasoko du Ikastolen Elkarteak Ibilbideari Elkar saria. Proiektu zehatz bat ere sarituko da; hain zuzen, Eusko Ikaskuntzaren «Kultur Politiken Azterketa».

Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria. (A. LOIOLA | FOKU)

Iragan mendeko 60 eta 70eko hamarkadetaraino doa aurtengo Ibilbideari Elkar saria. Zehatzago esanda, Ikastolen Elkarteak urte hauetan guztietan euskararen eta euskalduntzearen alde egindako lan eskerga sarituko dute.

Izan ere, frankismo garaian euskal hezkuntzaren aldeko hautua egin zuten hainbat herritarren sostengutik sortu ziren ikastolak eta, Elkarrek berak ohar bidez adierazi duenez, gaur egun proiektu nazionala da, Euskal Herriko zazpi lurraldeetara zabaltzen dena.

«Ikastolek hezkuntza euskalduntzeko egindako ekarpenaren parte da eskolarako materiala sortzeko egindako lana, eta horretan aipatzekoa da 70eko hamarkadatik aurrera Ikastolen Elkartearen eta Elkar Taldearen artean izandako harremana, non erakunde bakoitzak bere jakintza eta baliabideak jarrita, euskal curriculuma erreferente duen ikasmateriala eskaini dioten hezkuntza komunitate osoari, Euskal Herrian eta euskaraz sortutako materiala».

PROIEKTUARI SARIA

Bestetik, proiektu zehatz bati eskainitako saria ere ematen du Fundazioak. Aurtengoa Eusko Ikaskuntzaren “Kultur Politiken Azterketa” proiektua garatzeko bideratuko da.

Elkarren hitzetan, «kultura txikietan -gutxitua izan ala ez- garatzen ari diren kultur politikak aztertu eta ezagutzea da proiektu horren bidez lortu nahi dena. Zein dira kultura txikietan garatzen ari diren kultur politikak? Nola ari dira aurre egiten gure inguruko beste kulturak globalizazio eta digitalizazio garaiotan lekua egiteko eta bakoitzak bere herrian zentraltasuna izateko? Herri eta kultura horietan garatzen ari diren kultur politikak ezagutzea da helburua».