GARA
MITILENE

Iritsi berrien atxilotzeak, itzulketak eta indarkeria Lesbosen

Greziako Lesbos uhartera iristen diren migratzaileen egoera gero eta kaskarragoa dela salatu du MSFk. Esan duenez, identifikatutako pertsonak medikuz mozorrotzen dira migratzaileak harrapatzeko. Horren inguruko ikerketa bat zabaltzea eskatu du.

MSFk eskuak lotuta zituzten hiru pertsona aurkitu zituen iaz.
MSFk eskuak lotuta zituzten hiru pertsona aurkitu zituen iaz. (MSF)

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak ohartarazi du migratzaileen eta errefuxiatuen egoerak etengabe okerrera egin duela Greziako Lesbos uhartean. Indarkeria salaketa ugari izan dira, hala nola bahiketak eta beroan egindako itzulketak, atxiloketak, eta elikagairik eta babeslekurik eza.

MSFk desagertutako ehunka migratzaileri buruzko txostenak ikertzea eskatzen die Greziako agintariei -ustez, itsasora itzultzera indarrez bultzatuak-, eta Egeoko uhartean jarraitzen dutenentzat harrera baldintza seguruak eta duinak praktikan jartzea.

«MSF Lesbosko kostaldera iristen ziren pertsonei larrialdiko laguntza medikoa ematen hasi zenetik, 2022ko ekainean, ezin izan ditugu 940 pertsona lokalizatu», azaldu zuen Nihal Osmanek, Lesbosko MSFren proiektuen koordinatzaileak. Denbora horretan, hainbat pazientek kontatu dutenez, Greziara iristen saiatu diren aurreko aldietan indarrez itsasora itzultzera behartu zituzten. «Iritsi berri direnean eta larrialdiko laguntza behar duten pertsonen berri ematen digutenean, orduak edo egunak ematen ditugu horien bila, askotan basoan ezkutatzen baitira», azaldu zuen.

Lesbosera iristen diren migratzaileak eta asilo eskatzaileak bi zentrotara bidaltzen dituzte: Mavrovouni eta Megala Therma. Lehenengora, EBk finantzatutako Sarbide Kontrolatuko Zentro Itxira (CCAC), 2.700 pertsonara iritsi dira aurten. CCACk uhartera iristen ziren pertsonen bizi baldintzak hobetzeko zentroak izango zirela esan zuten, baina errealitatea da haien mugimenduak zorrotz murrizteko eta espetxe antzeko instalazioetan sartuta mantentzeko diseinatu zirela, dio MSFek.

Maiatzaren 17an, Greziako agintariek errefuxiatutzat hartzen direnei eta nazioarteko babesa ukatzen zaienei elikadura emateari utzi zioten, zentroa uztera bultzatzeko. Ez hori soilik, nazioarteko babesa ukatzen zaien familietako haurrei gizarte segurantzako zenbakia ere kentzen zaie, eta horrek oinarrizko txertoak jasotzea eragozten die, oinarrizko eskubideak urratuz.

Megala Therman, MSFk osasun laguntza ematen du 2020tik, eta han ere kezkagarria da egoera. Mavrovouniko CCACera transferitu aurretik iritsi berri diren pertsonak hartzen dituzte. Hauek ez daude erregistratuta, eta han bizi direnen baldintzak «izugarriak» dira. MSFk esan zuenez, jendea oherik ez duten unitateetan pilatuta dago. Zentroa ere isolatuta dago, eta horrek nabarmen zailtzen die eragile medikoei osasun larrialdiei erantzuteko sarbidea.

«Zentro horietan hartutako ikuspegi krudel eta disfuntzionalaren ikurra da Megala Therma eremua, EBko estatu kideek babestutakoa eta Europako Batzordeak finantzatutakoa», kritikatu zuen. «MSFk gogor kritikatu eta salatu ditu politika horiek», adierazi zuen MSFk Lesbosen egindako operazioen arduradunak.

Hori dela eta, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak Greziako agintariei eta Europako Batzordeari eskatzen die: «Mehatxuak, bahiketak eta tratu txarrak jasan dituzten pertsonen salaketak lehenbailehen ikertzea; Megala Therman erregistratu gabeko iritsi berrien atxiloketa arbitrarioarekin amaitzea eta erregistratuak izateko sarbide azkarra ahalbidetzea, harrera baldintza duinak izan ditzaten; eta kalitatezko arreta medikua bermatzea».