Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA
EH BILDU • ESKURA DUEN HORI ESKUAN HARTZEKO AUKERAN

Lohian trabatu gabe, Gipuzkoa, Gasteiz eta Iruñera bidean

Asiron, kanpaina amaiera ekitaldian, Iruñean.
Asiron, kanpaina amaiera ekitaldian, Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Aurtengo hauteskunde kanpaina EH Bilduren kontrako kanpaina izan da. Batez ere EAJk «lokatza» zabaldu du koalizioaren aurka, preso ohien zerrenden gaiarekin gupidagabe hasi eta eraikitako gezurrekin segituta, Oskar Matuteren kontra, adibidez. Lokatzaren eta zikinaren zerrenda luzeagoa da, eta EH Bilduk hautu bat egin du: besteen zoru lohitsuetan ez sartu.

Arnaldo Otegik hainbeste ekitalditan esan bezala, «lokatzaren aurrean, konponbideak» filosofia aukeratu du koalizioak, eta hiru plaza irabazteko konbentzimendua erakutsiz hitz egin dio hautesleriari: Maddalen Iriartek Gipuzkoari, Rocio Viterok Gasteizi eta Joseba Asironek Iruñeari. Boto eskukada batzuetan jokatuko da bihar toki horien etorkizuna. Atzo, hain zuzen ere, Iruñetik eta Donostiatik agurtu zuten kanpaina.

Gainerako plaza handietan, goranzko joerari eutsi eta «gehien haziko den indarra» izateko erronka du EH Bilduk. Eta beteko duela aurreikusten dute inkestek.

Bidean sentsibilitate desberdina duten izen sonatuen babesa jasota -Nagua Alba, Gemma Zabaleta, Manuel Diaz de Rabago-, eskuinaren kontrako alternatiba bakar gisa aurkeztua da -areago Nafarroan eta Gasteizen-, gobernatzen dituen udaletako ereduak gainerako espazioetara zabaltzeko gaitasuna duela nabarmenduz. Erronka handietan egin du azpimarra: energia trantsizioa, aberastasunaren banaketa, industria, zaintza.

Udalei dagokienez, 2019an irabazitako garrantzitsuenak -Durango eta Bergara, adibidez- mantenduko edo galduko dituen, horrekin jasoko du herritarren nota, eta lau urte atzera gutxigatik galdu zituen horiei begira egongo da bihar, Tolosara, kasurako, edo Pasaia eta Andoainera, non EAJk PSEri alkatetza eman zion, EH Bildu lehen indarra izan arren.