Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Alpinista zailduek jarduera bikainak sinatu berri dituzte

Mathieu Maynadier-ek, Simon Gietl-ek eta Roger Schaeli-k Meruko hegoaldeko gailurrean «Goldfish» bidea zabaldu dute. Matej Bernat eta Marek Holecek txekiarrek Suran «Simply beautiful» sortu dute.

Hansjorg Auer austriar zenduak, lehen lerroko beste alpinista batzuek bezala, elkarrizketa batean aipatu zigun zortzimilakoetatik at beste mundu bat dagoela. Horrekin esan nahi zuen hedabide gehientsuenek Himalaiako zein Karakorumeko mendi erraldoi horietan fokua jarri eta mendi txikiagoetan egiten den alpinismo teknikoa ahantzi egiten dutela.

Bada, Himalaiako udaberriko denboraldian antzeko egoera bizi dugu. Eta Auerren adierazpen horiekin bat egiten dute seimilakoetan egin diren jarduera handiek. Hain zuzen ere, bi izan dira. Indiako Himalaiara garamatza lehenbizikoak. Meruko hegoaldeko gailurrean 6.570 m) bide berri bat zabaldu da. Hil honen 11tik 13ra Mathieu Maynadier frantziarrak, Simon Gietl tiroldarrak eta Roger Schaeli suitzarrak eki-hego-ekialdeko horman “Goldfish” (M6+, A1, 800 m) sortu zuten.

Azken lau hamarraldietan, Meruko tontorrek (hegoaldekoa, erdikoa eta iparraldekoa) munduko alpinista sasoikoenen bisitak jaso dituzte. Bisitatu, bai, baina horietako asko eta asko etxera esku hutsik itzuli dira. Meruk osatzen duen murruak asko erakartzen du, batez ere duen zailtasunagatik. Eta hori ondo baino hobeto islatzen du hirukote horrek ireki duen marra berriak; izan ere, anfiteatro horretako zortzigarren zirrikitua da. Zehaztu beharra dago oso zabala den ekialdeko isurialdean kokatuta daudela.

Maynadier, Gietl eta Schaeliren lorpenari dagokionez, aurreratu behar dugu gailur horretan hegoaldetik marraztutako lehen bidea biribildu dela. Ez da lehen ekinaldian eginiko jarduera izan; ez, duela lau urte, Mayniadierrek eta Schaelik, Sean Villanueva sokakide zutela, saialdia egin zuten. 2019. urteko udazkenean izan zen, eta hirukote horrek hormaren azken herena egin gabe utzi zuen.

Azken espedizio honetan udaberrian jardun dute, eta hiru egun behar izan dituzte Meruko hegoaldeko tontorra zapaldu eta kanpaleku nagusira onik iristeko. Estilo alpinoan eginiko eskalada horren inguruan, Schaelik zera baieztatu du: «Amets handiek saialdi bat baino gehiago eskatzen dute, eta guk bigarrenean arrakasta lortu dugu».

Alde guztietatik begiratuta, aitor daiteke alpinistok lan eskerga egin behar izan dutela “Goldfish” sortzeko. Espedizioaren hasiera oso gorabeheratsua eta zaila izan zen. Behin betiko ekinaldia hasi baino lehen, hirukotea ia ezer egin gabe egon zen. Horren errua botatako elurteek izan zuten. Atertu zuenean, baldintzak egonkortu eta hil honen 11n kanpaleku nagusitik irten ziren.

Irten bai, baina Maynadier ondoezik zegoen. Ez zuen aukera hori galdu nahi izan, eta, tiroldarraren eta, suitzarraren erritmoari jarraitzeko komeriak izan bazituen ere, igotzen jarraitu zuen. Gainera, kontuan hartu behar da lehen eskalada eguna 20 ordukoa izan zela. Frantziarrak berak honakoa aitortu du: «Oso gogorra egin zitzaidan. Ez nengoen batere ondo, baina saiatu beharra nuen. Uste dut egun hori Himalaian egin dudan luzeena izan dela. Goizeko hiruretan dendak atzean utzi genituen, eta hogei orduko eskaladaren ondoren bibaka egiteko leku bakarra aurkitu genuen. Kopetako-argiaren laguntzarekin, gauez heldu ginen leku horretara. Hala moduz, bi laguntzetako denda bat altxatu genuen, non eta oso ikusgarria zen elur-perretxiko baten gainean. Egun luze eta gogorra izan zen oso. Eta leku horretatik aurrera oraindik sekzio zail bat genuen; hots, bidearen azken giltzaren oinarrian geunden. Gaua zenez, ez zen batere agerikoa nondik jarraitu behar zen. Gauza bakarra genekien: biharamunerako arrokazko erlaitz tente bat gainditu behar zen. Hori gutxi ez, eta haren alboetan bi elur-perretxiko zeuden».

Alpinistok ez zuten gau atsegina igaro; hotza, deserosoa eta laburra izan zen. Hala eta guztiz ere, eskaladarekin jarraitzeko motibazioari eutsi zioten. Azken giltzaren oinarrian zeuden, eta buru-hausgarri hori osatzeko izotzean tunel handi bat aurkitu zuten. Sekzio hori gainditzeko luze gogor eta ederrak egin behar izan zituzten. Gailurrerian zeuden, eta, haizeak ondo astindu bazituen ere, azken 200 metroetan ez zuten arazorik izan tontorreraino iristeko.

Ohiko argazkiak atera eta denbora galdu gabe jaisten hasi ziren. Hori ere egun luzea izan zen.

SURA

Izen hori du Matej Bernat eta Marek Holecek txekiarrek igo duten mendia. Eta, hain zuzen ere, bikote horrek lau egun behar izan ditu (20tik 23ra) mendiaren ipar-mendebaldeko horma lehen aldiz igotzeko. Nepalen kokatuta dagoen seimilako horrek Hongku edo Hongu izena du batzuentzat, baina, oro har, Sura esaten diote. Baruntse eta Chamlang mendien ingurumarian dago, Mahalangur Himal izeneko alderdian.

Berez, Surak jaso duen bigarren igoera izan da; lehena, Pemba Xerpa nepaldarrak eta Hiroki Nakayama japoniarrak lortu zuten duela lau urte, ipar-ekialdeko isurialdetik. Hori guztia aipatu eta gero, gehitu behar da mendi horre historia ez dela batere argia. “American Alpine Journal”-ek hau dio: «Gauza asko daude argitzeke; izan ere, mendi horretan jardundako espedizio batzuek baimenik gabe jardun zuten. Seimilako hori igotzeko baimen ofiziala 2003. urtean jaso zen aurreneko aldiz».

Ez du axola aurretik norbait izan den ala ez, Bernat eta Holecek txekiarrek izaera handiko eskalada egin dute eta. Sokada horrek ipar-mendebaldeko hormatzarra aukeratu zuen; antza denez, ukitu gabe zegoena. Eta han “Simply beautiful” bidea (1.300 m) sortu dute.

Holecek eskarmentu handiko alpinista dugu. Bere ibilbidean, Himalaian goi mailako eskaladak egin ditu. Zortzimilakoetan zein zazpimilakoetan badaki zer den ekarpenak egitea. Eta azken abentura horretan gazte bat izan du ondoan: Bernat.

Gazte honek ez zuen ondo hasi espedizioa; sukarrak jota hainbat egunez gaixorik egon zen. Osatu eta aurrean zuten erronka aztertu ondoren, eskaladari ekin zioten. Holecek-ek esan du leiho on bat aprobetxatu nahi izan zutela: «Eguraldia egonkortu bezain laster, kanpaleku nagusitik irten ginen. Irudikatu genuen ibilbideak ikuskizun ederra zirudien, eta, era berean, oso hotza. Glaziarretik bertatik izotzezko pareta oso tenteak altxatzen dira; gona tolestu bat ziruditen. Murruaren bigarren herena oso nahasia zen. Eroria duen arrokazko tarte bat gainditu behar da. Hortik aurrera, erretira erabat zailtzen da. Eta, amaieran, izotza urdinean eskalatu behar izan genuen. Ibilbide hori gainditzeko, hiru bibak behar izan genituen. Horietako bi paretatik zintzilik zeuden; enarek eraikitzen dituzten habiak bezalakoak ziren. Eta bestea jaitsieran egokitu zitzaigun».

Lehen eskalada eguna ez zen atsegina izan. Holecekek aipaturiko izotzezko sekzio hori gainditu behar izan zuten: «Bigarrena lehenbizikoaren antzekoa izan zen. Nire iritzian, infernu batean eskalatzen ari ginen. Eroria zuen arrokazko tarte hori oso zaila izan zen. Nire sokakidea iritzi berekoa da, baina gazteak gehitu du katastrofikoa izan zela. Bigarren gauean, gainera, elurra egin zigun, eta haizeteek ondo astindu gintuzten. Arrokazko murru hori atzean utzi eta biharamunean soilik 150 metro igotzeko aukera izan genuen. Elurrak izan zuen errua».

Azken eskalada eguna oso berezia izan zen bi txekiar hauentzat. Eskalada oso gogorra egin eta gero, Holecekek berak aitortu du gailurrean ez zutela pozik sentitu: «Lorpen hori erdietsi genuen, baina zaila egiten zait azaltzea zer bizi izan nuen. Aipa dezakedan gauza bakarra da egundoko ikuspegia genuela: maite dudan Chamlang, Makalu, Baruntse, Lhotseko horma beltza, Cho Oyu, Pumiroko piramidea, Ama Dablam…».

Igoera gogor horren ondoren, bigarren faseari ekin behar zioten: jaitsierari. Ertz luze batetik ekin zioten, pixkaka ibarrera eramaten duena. Hamaika orduko jaitsieraren ostean iritsi ziren kanpaleku nagusira.