GARA Euskal Herriko egunkaria
KIROLA

Bakaikoak bigarrenez irabazi du Promozioko Buruz Buruko finala

Lehia parekatua eta bereziki gogorra jokatu dute Bakaikoak eta Salaberriak Iruñeko Labriten. Azken txanpan Etxarri Aranatzekoa hobeto aritu da eta Salaberria mendean hartzea lortu du. Bi pilotariek lehertuta amaitu dute dema; 406 pilotakada jo dituzte.

Bakaikoa eta Salaberria, Promozio Mailako Buruz Buruko finalaren ostean, garaikurrak eskuan dituztela, Iruñeko Labriten. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bost urteren ondoren, berriro jantzi du Joanes Bakaikoak Promozio Mailako Buruz Buruko txapela, eta, horri esker, datorren urtean lehen mailakoekin buruz burukoan aritzeko saria lortu du. 2018an Erasun hartu zuen mendean, eta atzo, Iruñeko Labriten jokatu zuen partidan, Iker Salaberria azpiratzea lortu zuen, kostata izan bazen ere. Oso partida parekatua eta gogorra jokatu zuten bi pilotari nafarrek, eta horren erakusle izan zen 11 aldiz joan zirela markagailuan berdinduta eta guztira 406 pilotakada jo zituztela.

«Beroan, esango nuke jokatu dudan final gogorrena izan dela, baita partida gogorrena ere. Orain ez nago konklusiorik ateratzeko, odola justu dut gorputzean», hori adierazi zuen Baikoko pilotariak EITBko kameren aurrean. Oraindik arnasari eutsi ezinik zegoen, eta ez da gutxiagorako, exijentzia handiko neurketa jokatu baitzuten. Partida oso parekatua izan zen, eta hasieratik gogor ekin zioten lehiari: lehenengo tantoan 22 pilotakada jo zituzten.

Hasi, hobeto hasi zen Goizuetakoa, pilota aurrera eramanez eta aurkaria kantxan alde batetik bestera mugiaraziz (4-7). Halako neurketa komeni zitzaion Salaberriari, eta hasieran, behintzat, lortu zuen bere jokoa egitea.

Hori bai, zazpigarren tantotik aurrera berdintasuna izan zen nagusi, eta aleka-aleka joan ziren tantoak eskuratzen. Tartean, tanto gogor eta luzeak egon ziren, bi pilotariei nekea nabari zitzaien pilotalekuan. Bereziki Goizuetakoari falta zitzaizkion indarrak, eta 16-13 tantoa bukatu eta berehala eskatu zuen atsedena Fermin Eskudero Salaberriaren botileroak, aurrelariari galdetu gabe. Erabaki ezin hobea izan zen, atsedenaldiaren ostean Aspeko aurrelariak bost tanto erreskadan egin baitzituen (16-18).

16-18, EZTABAIDA

Hain justu, 16-18koan polemika egon zen. Izan ere, tanto luze bezain gogorra jokatu zuten bi pilotari nafarrek, eta Bakaikoak tantoa amaitzeko dena alde zuenean Salaberriarekin estropezu egin zuen. Epaileek erabaki behar zuten buelta egin edo tantoa Baikoko aurrelariari eman, Salaberriak nahita enbarazu egin ziola ebatziz gero. Epaileek buelta egitearen aldeko erabakia hartu zuten -orain arte epaileek inoiz ez dute erabaki tantoa pilotariari ematea, aurkariak nahita oztopatu duen kasuetan-. Polemikak polemika, azkenean tanto hori Bakaikoak eraman zuen. Hortik aurrera, Etxarri Aranatzekoa aurkaria baino hobeto aritu zen, izan sakeari errenta gehiago atera ziolako, izan, itxuraz behintzat, ez zegoelako Salaberria bezain betea.

«Hoberen egin duguna da gogor eustea. Edonoren alde eror zitekeen finala», nabarmendu zuen Bakaikoak, eta azkenean, haren mesedetan erori zen finala, 22-20. «Zoragarri» zegoen Bakaikoa txapela irabazi berritan, baina nekeagatik «bihotza minez». Demaren inguruan esan zuen «opari» dezente egin zituztela: «Galdu izan banu asko izorratuko ninduen, ez baititut erabaki onak hartu. Tentsio handia nuen, eta saiatu naiz hori ondo eramaten, baina ez dut izan jarraikortasunik, eta uste dut bera ere antzeko ibili dela». Polemikaren harira, tantoari garrantzia kendu zion, eta gehitu, «anekdota hutsa» dela eta «lehian gertatzen diren akzioak» direla.

IKER SALABERRIA, «TRISTE»

Txanponaren beste aldean dago Salaberria. «Triste», haren hitzetan: «Detaile txikietan joan zait partida eta txapela. Pozik nago egindako txapelketarekin; hasieratik sinatuko nuke gaurko egunean hemen egotea, baina datorren urtean saiatuko naiz hobeto egiten». EITBko kazetariak galdetu zion ea sakean egon den partidaren gakoa, eta Goizuetakoak baietz erantzun zuen : «18-16 tantora arte ondo sakatu dut, baina gero ez eta berak dominatu du tanto horietan. Lanean segitu behar dut. Beteta nengoen, normala den bezala, baina buelta eman diot. Berak ez du atsedenik eskatu eta nik hirurak bukatu ditut». Aspeko pilotaria bigarrenez geratu da buruz buruko txapela irabazteko atarian, iaz ere txapeldunorde geratu baitzen.