Jon ORMAZABAL
MALLABIA
Interview
IÑAXIO ERRANDONEA
Aspeko zuzendari komertziala

«Inork ez genuen pentsatzen Elordi maila honetara helduko zenik»

Azken orduko bi titularren bajekin eta Joseba Ezkurdiaren zalantzarekin, aurtengo Buruz Burukoak ez zuen itxura onegia Asperentzat, baina beste behin gazteek egoera irauli, eta sekulakoa izan da Eibarko enpresarentzat. Aspeko zuzendari komertzial Iñaxio Errandonearekin (Bera, 1964) hitz egin du GARAk.

(Jon URBE | FOKU)

Txapelketa ezkerreko hankarekin hasi zenutela ematen zuen azken orduko bi bajekin, eta begira orain.

Bai, Aitorrekin [Elordi] hitz egina genuen, ikusita Binakako finalean sartu zela eta ezin zela aurrekanporaketarik egin, Buruz Burukotik kanpo geratuko zela. Bera gustura zegoen Binakakoan oso ondo funtzionatzen ari zelako eta oso pozik zegoen. Denok onartu genuen. Baina, egia da, esan geniola bakarren batek atzera egiten bazuen bera izango zela sartzen lehendabizikoa, eta hala gertatu zen. Aurkezpenaren bezperan, zalantzekin zebilen Rezustak probatxo bat egin zuen eta esan zigun ez zegoela jokatzeko moduan, eta Aitorri deitu genion. Eta gero, gaueko zortziak aldera, Zabaletak deitu zigun entrenatzen ari zela hatza puskatu zuela esateko, eta, pentsa, oraindik ez da jokatzera bueltatu. Korrika Elezkanori deitu genion, presaka aurkezpenera joateko. Gero txapelketa ederra irten da benetan, ezusteko galantak egon dira eta polita.

Zuentzat emaitza aldetik ere ikaragarria: finalerdietan sartu diren laurak, Aspekoak.

Maila handiko koadroa daukagu. Promoziokoan pentsatzen genuen Zabala izan zitekeela faboritoa, baina kantxan erakutsi behar da. Koadro aldetik oso-oso pozik gaude, maila handiko taldea daukagu, batez ere aurrean, sekulako konpetentzia dago; atzean Tolosa bikain aritu da Binakakoan. Eta Eskuza ere hor dator atzetik, eta oso pozik gaude.

Aurretik ere, Irujok-eta utzi behar izan zutenean, beste egoera kritiko batean, antzeko zerbait gertatu zen; Altuna eta Irribarriak hartu zuten berehala haien lekua. Orain Irribarria joan da eta Elordi eta Dario agertu dira finalaren atarian.

Bai, Dariok buruz buru maila handia dauka; agian gehiago kostatzen zaio binaka. Iaz ez zen finalerdietan sartu, baina hortxe-hortxe ibili zen eta duela bi urte lortu zuen sartzea. Aurten ere lortu du.

Eta Erik Jakari, beste Buruz Buruko txapeldun bati, Baikora joaten utzi zeniotela ahaztu gabe.

Jakak eta Elordik badute antz pixka bat; euren ibilbidean poliki-poliki joan dira gora eta puntara heldu dira. Jakak ere jubeniletan atzelari jokatzen zuen eta birziklatu eta aurrera pasatu zen, eta pentsa noraino heldu den. Eta Elordiren kasuan, inork ez genuen pentsatzen maila honetara helduko zenik, baina azken urtean, Lau eta Erdian, batez ere, maila handia emana zuen. Binaka ere erregulartasun handiz aritua da, oso ondo ari zen. Aurten sekulako jauzia eman du.

Baina horrexek behar luke pilotari baten ibilbide naturalena, Irribarria eta Altunaren prozesua da sailez apartekoa, ala?

Bai, normalean 20 urterekin hartu behar duzun kolpea hartua izaten da. Hor gero kontrol pixka bat hartu behar izaten da, urteen poderioz, baina Elordiren kasuan, garapena izugarria izan da. Poliki-poliki indarra hartzen joan da eta orain eskuinarekin asko ematen dio, bolea oso-oso ona dauka, ezkerrez ere ematen dio, gantxoa-eta beti izan du oso ona, baina orain bostetik-eta eman egiten dio.

Bigarren mailan puntan dauden horien egoerak ez du erraza izan behar, estelarretan sartzeko ia modurik gabe.

Bai, orain ere Zabala bera ere aukerak eskatzen ari da. Aurrekoan sekulako erakustaldia eman zuen Gasteizen, Iruritan ere partida ona egin zuen eta aukerak eman behar zaizkie, baina gero ez da erraza erregulartasun hori lortu eta lehen mailako partidak jokatzea. Baina hark ere izango ditu uda honetan aukera batzuk eta ikusi beharko da. Konpetentzia denontzat da mesede, goian daudenek lorik har ez dezaten.

Oro har, nolakoa da txapelketaren balantzea?

Oso ona. Jendez-eta, bigarren astea izan zen motel samarra, baina geroztik oso txapelketa ona; partida onekin, gainera.

Udan Elordik-eta izango dute eskaerarik, ala?

Bai, bai. Gero, guk daukagun koadroarekin pentsa, Binakako txapeldunak, Lau eta Erdiko txapelduna eta Buruz Burukoan ere bai. Elordi dagoeneko eskaera handia izaten ari da eta ez Bizkaian bakarrik.

Eta enpresa batentzat errentagarria da hainbeste txapeldun izatea?

Dudarik gabe, nik nahiago dut txapeldunak izatea ez izatea baino. Gero hori kudeatu egin behar da.

Soldata igotzeko eskaerak eta halakoak etorriko dira gero.

Bai, baina posible denaren arabera egiten da hori eta, noski, muga bat badago.