GARA Euskal Herriko egunkaria

Geriatrikoa


Duela hilabete batzuk Hollywoodeko aktore ezagun batek sekulakoak entzun behar izan zituen, lehen aldiz ama izan delako. Aktoreak berrogei urte pasatxo ditu, hau da, “ama geriatriko” bat da.

Geriatriko hitza grezierazko “geron” (gizon zahar) eta iatros (sendagile) hitzetatik dator. Izendapena ez da nik asmatua, medikuen komunitateak baizik. Azken horren arabera, 20 eta 35 urte bitartean da obulutegidun pertsona batek haurdun geratzeko epe egokia. 35 urtetik gora haurdunaldian zein haurgintzan arriskuak handitzeko aukera egon daiteke, baita umeak edukitzearen aukera murriztu ere. Horrek, ondorioz, 35 urtetik gorako obulutegidun pertsonak “zahar” bihurtzen ditu, uler bedi beren “gaitasunak” galtzeko prozesuan direla edo erabat galduta dituztela. Obulutegien funtzioa ugalketa baita, eta, funtzio hori etenda, obulutegidunaren gizarte balioa bera desagertzen da. Hollywoodeko aktoreak, ordea, arauen kontra egin du eta horregatik kondenatu dute. Bere jarrerari arduragabea deritzote, bere osasuna ez ezik haurrarena ere kolokan jarri duelako. Eszena hipotetikoa da, jakina, ez bati ez besteari ez baitzaie ezer gertatu. Baina oinarrizko arazoa beste bat da. Obulutegidun gorputzek zer, noiz eta noren aginduz egin dezaketen da auzitan dagoena. Kontuan hartu beste bi kasu: Hollywoodeko beste aktore ezagun bat aita izan berri da 79 urterekin eta bigarren bat bere zazpigarren umearen aita izatekoa da 83 urterekin. Gaitzespenik ez da egon kasu horietan, zakilen gaineko arauak bestelakoak baitira.