Andoni ARABAOLAZA
ARGAZKI LEHIAKETA

Carlos de Cosen «Grietas» nagusitu da CvCePhoto-ren bederatzigarren ekitaldian

Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako nazioarteko mendiko argazki lehiaketan bigarren saritua izan da Krystle Wright, “Seventh Serpent” irudiarekin. Hirugarrena, berriz, Simon Carterren “Don’t wet yourself”.

Ibilaldi arrakastatsua izaten ari da Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako CvCePhoto mendi jardueren nazioarteko argazki lehiaketa. Hori ezin da zalantzan jarri; izan ere, orain arte izan diren ekitaldi guztiek horrela baieztatzen dute. Eta azkenak, bederatzigarrenak, aipatutako guztia berresten du.

Irabazi asmorik ez duen mendiko kultur ekimen honek 50 herrialde baino gehiagotako argazkilarien (herrikoiak zein profesionalak) milatik gora irudi jaso ditu. Eta horien guztien artean, epaimahaiak hogei irudi aitortzeko erabakia hartu du. Bitxia bada ere, aurtengo podiuma erdietsi duten hiru egileak bata bestearengandik oso urrun daude. Irabazlea, Carlos de Cos etxekoa dugu. Bigarrena eta hirugarrena, aldiz, Krystle Wright eta Simon Carter, oso urrunekoak. Lehenbizikoa gipuzkoarra da; beste biak, berriz, gure antipodetan dauden australiarrak dira.

De Cos soraluzetarrak aurkeztutako “Grietas” edo “Arrakalak” argazkia izan da irabazlea. Esako urtegian, Aragoiko lurretan, atera zuen “Cracks” edo “Arrakalak” argazkia, 2022ko irailean. Urtegiaren maila %15 ingurukoa zen orduan, eta behera egiten jarraitzen zuen; ondorioz, urtegiaren barruko zati handi batean bizikletaz ibili zitekeen. Carlos de Cosek horixe egin zuen: bizikleta hartu eta urtegiko lur idorretan ibili.

DJI Mini 3 Pro kamera batekin ateratakoa da argazkia. Objektiboa: irekiera f/1.7; abiadura: 1/4000s; ISO: 100 eta distantzia fokala: 24mm. Argazkilari soraluzetarrak 1.000 euro jasoko ditu lehen sari horri esker.

WRIGHT ETA CARTER

Argazki lehiaketa honetan aski ezaguna den Krystle Wright-en “Seventh Serpent” bigarren sailkatua izan da. Eta Simon Carter-en “Don’t wet yourself” hirugarrena izan da.

Beste hamazazpi irudiek ohorezko aipamenak jasoko dituzte. Horietan guztietan eskiaz edo eskaladaz gain, mendian egiten diren beste jarduera batzuk irudikatzen dituzte. Hala nola mendi ibilaldiak, boulderra, parapentea…

Nahiz eta aste honetan bertan sarituen berri eman duten, aurreratu behar dugu CvCePhotoren sari banaketa ekitaldia heldu den urriaren 21ean izango dela Donostiako Aquarium aretoan. Hala ere, dagoeneko podiuma osatu duten irudiak zein finalistenak argazki lehiaketaren webgunean ikus daitezke: www.cvcephoto.com

Bestalde, urtero bezala, CvCePhoton aurkeztutako argazkilarien beste bi irudik protagonismoa dute. Lankidetza hitzarmenen bitartez, mendiko bi zinemaldik argazki bana aukeratu dituzte haien kartelak “argitzeko”. Bilboko Mendi Film Jaialdiak, adibidez, Yhabril Moro bizkaitarraren “X-Man” aukeratu du. Eta Suitzako Les Diablerets mendi zinemaldiak (FIFAD Poster saria) Andreas Busslinger suitzarraren “Black Ice”.

DONOSTIAKO BOULEVARDEAN

Aipatu dugu sari banaketa urrian izango dela; bada, hilabete horretan nazioarteko argazki lehiaketaren irudiek gainezka egingo dute hainbat leku eta arlotan. Bederatzigarren edizio honek, adibidez, berri azpimarragarri bat jaso du: CvCePhotok eta EITB Mediak babesle kontratu bat sinatu dute. Hitzarmen horren bidez, entitate babesleak argazki finalistak erakutsiko ditu urriaren 16tik 20ra bitartean EITBko “Eguraldia/El Tiempo” atalean eta www.eitbe.eus/eguraldia webgunean. Horrez gain, argitaratutako argazkien artean onena aukeratu ahalko dute eitb.eus-eko jarraitzaileek, eta urriaren 21ean, sari banaketa ekitaldian, EITBk ematen duen Publikoaren Saria jasoko du argazki horrek.

Bide batez, saritutako argazkiak Donostiako Boulevard zumardian formatu handian erakutsiko dira urriaren 20tik azaroaren 13ra arte. Baita mendi elkartearen egoitzan ere, irailaren 15etik azaroaren 24ra arte. Egitarau horrekin amaitzeko, aurreratu behar dugu Eusko Trenbide sareak babestutako “Topo argazki topaketak” tailerraren beste edizio bat egingo dela, sari banaketaren aurretik, mendi elkartearen egoitzan.

«AMESTEN JARRAITZEN DUGU»

Horiek guztiak dira CvCePhotoren bederatzigarren edizioaren ildo nagusiak. Baina gehiago sakondu nahi izan dugu, eta horretarako GARA argazki lehiaketaren zuzendari Rafa Elortzarekin harremanetan jarri da. Lehenik eta behin aurtengo ekitaldiaren inguruan balorazioa eskatu diogu: «Jaso ditugun irudien kantitatearekin pozik gaude, baina azpimarra kalitateari ematen diogu. Aurten eutsi egin diogu. Egun lehiaketak ospea du, eta puntako argazkilariek badute honen berri. Horrek kalitatezko partaidetza bermatzen du, eta hori oso garrantzitsua da. Aurten ere egile handiek fideltasuna erakutsi digute. Ez dugu hutsune berezirik izan. Eskalada argazki on asko jaso ditugu, baita eskiko batzuk eta dronearekin eginikoak ere. Parte hartzaileei dagokienez, izan dira hutsune batzuk, eta egile on berriak beti agertzen dira. Argi geratu zaigu ere, sona handiko argazkilari batzuek, irudi berriak ez badituzte, txanda-pasa egiten dutela. Eskertzekoa da; horrek erakusten du lehiaketa seriotzat hartzen dutela».

Hiru irudi sarituez galdetuta, De Cos irabazlearen inguruan dio izugarria dela. Esa urtegian ateratakoa da: «Kolore eta testura oso bereziak ditu, eta errealitatea aldatzeko gaitasuna ematen dio dronearen begiradak. Sorpresaz harrapatzen du ikuslea, eta emaitza oso biribila lortzen du. Wright-en argazkia, berriz, borroka oso estuan ibili da irabazteko. Originaltasun handiko irudia da, ez soilik edizio honetakoa, baizik eta lehiaketaren historian lehen lerroan kokatuta dago. Eta Carter-ena, agian, hiru horien artean klasikoena edo konbentzionalena da. Perspektiba oso ondo erabiliz, izugarrizko sakontasuna dauka, elementuak urrutitik gertura ekarriz: lanbroa, ur jauzia, aseguratzailea eta eskalatzailea bere jarrera dinamikoarekin».

Hiru protagonista aipatu ditu lehiaketaren zuzendariak, eta, aurreratu dugun bezala, aitortza handiena jaso duena euskal argazkilari bat dugu: Cos. Bigarren urtez jarraian (iaz Moro bizkaitarrak irabazi zuen) etxeko egile bat nagusitu da.

Elortzak gehitu nahi izan du, Cosez gain, Morok (Mendi Filmen saritua) eta Javi Floresek (ohorezko aipamena) protagonismoa dutela: «Horrek erakusten digu Euskal Herrian maila handiko argazkilariak daudela. Eta bestetik, hemengo egileak parte hartzeko beldurra gainetik kentzen hasiak direla. Espero dugu egoera horrek jarraipena izango duela, batez ere EITBrekin sinatu dugun hitzarmenaren ondorioz. Hori dela eta, datorren ediziotik aurrera Euskal Herrian egindako argazkien sari berezi bat izango dugu, aipaturiko telebistak babestua».

Hamargarren edizioa beteko du CvCePhotok hurrengo urtean. Mugarri bat izango da. «Nazioarte mailan txoko bat egiteko eta ospea izateko ametsarekin sortu ginen. Eta helburu hori lortu dugu», onartu du Elortzak. «Atzerriko egileen erantzuna, batez ere profesionalena, izugarria da! Bestalde, gure ingurumarian lehiaketak duen oihartzuna sendotu nahi dugu; plazaratzea da erronka», azaldu du zuzendariak.