GARA Euskal Herriko egunkaria

NBEk Britainia Handiaren, Austriaren eta Australiaren asilo politikak kritikatu ditu


Voker Türk NBEren Giza Eskubideetarako goi mandatariak Europako migrazioari buruzko eztabaida «zentzuduna eta ekintzetan oinarrituta izatea» eta errefuxiatuen eskubideetatik ez aldentzea eskatu zuen, hainbat herrialdetako migrazio politikak kritikatuz, Nazio Batuen Erakundeak goi mandatariaren figura sortu zuen konferentziaren 30. urteurrenean, Vienan.

Hala, Britainia Handiak asilo-eskatzaileak Ruandara deportatzeko abiatutako plana gaitzetsi zuen, ez datorrelako bat giza eskubideekin. Australiako migranteak barneratzeko sistema ere «politika krudela» dela esan zuen.

Halaber, Austriako Gobernuaren planak kritikatu zituen, Siriara eta Afganistanera bi herrialde horietako etorkinak bidali nahi dituelako. Türken esanetan, bi herri horietan giza eskubideen egoera ez da bateragarria behartutako deportazioekin.

Bestalde, mundu osoan pobrezia handitzeak giza eskubideen egoera okertu duela ohartarazi zuen. «300 milioi pertsona inguru muturreko pobrezian erori dira berriro. Hori, jakina, giza eskubideen arazoa ere bada; askotan ez da horrela ikusten». Türkek gaineratu zuen giza eskubideek ez lukete «ping-pong joko bat izan behar eztabaida geopolitikoen barruan».