GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Kleopatraren azala


Kleopatrari buruzko telesail bat, antzeztutako dokumental horietako bat, estreinatu du Netflixek berriki. Besteak beste, berealdiko adimen estrategikoa eta sedukzio gaitasun handia zituen emakumearena egiteko hautu ona dirudi Adele James aktorearena. Ez balitz mulatoa delako. Horrek Egiptoko gaur egungo agintariak sutu egin ditu. Heleniar jatorria omen zeukan Kleopatrak, eta azala txuria. Historia faltsutzea da, haien ustez, azala ilun antzean duen batek gorpuztea Kleopatra. Historialari askok diotenez, garai hartan, jatorri etniko anitzetako jendartea zen inguru haietakoa, eta ez zitzaion garrantzi berezirik ematen azalaren koloreari. Izatez, ez omen dago ziurtasunez esaterik Kleopatraren azalaren kolorea zein zen, baina izan zitekeen iluna; edo beltza. Egiptoar egungo agintarien arabera, ordea, Elizabeth Taylorren hautuak askoz begirune handiagoa erakutsi zion historiari. Obelix maiteminez txoratu zuen Kleopatra sudur-motzak ere bai agian.

Egiptoko agintariek -eta ez agintariek soilik-, antza, ederrago ikusten dute beren burua Europako zurien pare, Afrikako beltzen pare baino. Ezaguna omen da Magrebeko herrialdeetako arabiarrek Saharatik hegoaldera dauzkaten beltzenganako arrazismoa ere. Hego Afrikako apartheidak ere beltzen arteko bereizketa ezarri zuen: indiar jatorriko beltzek txuriek baino eskubide gutxiago zeuzkaten, baina Afrikako beltzek baino gehiago. Deigarria da baita ere Asiako herrialde batzuetan -Txinan edo Hego Korean, esate baterako-, gazteen artean batik bat, zabaldu den obsesioa mendebaldar txuriaren itxura hartzeko. Kleopatra bezala, esnetan bainatzen hasiko dira agian, ea azala argitzen zaien. Kleopatrak ere horretarako erabiltzen zuen agian astaña-esnea. Edo ez. Bazeukan, seguru asko, bere ahal terapeutikoaren berri eta baliteke azalaren koloreak garrantzirik ez izatea, ez beretzat, ez garai hartako egiptoar zein erromatarrentzat. Baliteke guk atzera egin izana, eta aurrera egin ezinik egotea, gainera. Inor ez baita arrazista. Denok baitaukagu lagun bat beltza edo arabiarra edo indiarra, baina…