JUN. 08 2023 AZKEN PUNTUA Jokatzeko dago partida Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Iruñean bizi den Gasteizko ezkerreko emakume bollera eta euskaldun gisa, erraza da nire egunotako gorabehera emozionalak imajinatzea. Honezkero, eginak dira, nireak bezala, gure sentipenekin bat datozen irakurketak. Udalen osaketari begirako estrategiek etsipena, frustrazioa eta amorrua eragin digute. Baina badut terapia politiko kolektiboa egiten ari garen sentsazioa ere eta horrek nolabaiteko ahalduntzea dakar. Ezin irudika dezaket, ordea, beste toki batzuetako zenbait lagunen desesperantza. Hauteskundeen asteburuan Iruñeko zein Gasteizko antzokietara hurbildutako artistekin akordatu naiz. Henar Alvarez, Quique Peinado eta Manuel Burque izan genituen gurean, umorez, errealitate garratzaren irakurketa zorrotzak egiten. Hiruren gustuko den Vallecaseko Ismael Serrano abeslariaren “¿Qué andarás haciendo ahora?” kantuaz gogoratu naiz, igandean Madrilera buelta egin zuteneko bidaia ezin imajinatuta. Orain hilabete gutxi, kantautorea, Baluarten eskainitako nostalgia handiko kontzertuan, etsipenetik aritu zen galdutako borroken inguruan eta hango lagunen egoera kontatzeko kantu eder bezain lazgarriak entzun genituen. Baina guretik, elkartasunetik, haiei kantatu besterik ezin dugu egin, «hoy nadie va a claudicar, aún no hemos perdido la partida».