JUN. 09 2023 AZKEN PUNTUA Abisuak abisu direnean Iker IBARLUZEA Meteorologoa Askotan irakurriko zenituzten komunikabideetan edo sare sozialetan, eguraldiari buruz hitz egiten dutenean, «abisu hori» edo «alerta laranja» bezalako terminoak. Termino hauek fenomeno meteorologiko batek edo gehiagok arrisku maila bat izan dezaketenean erabiltzen dira. Fenomeno horiek ekaitzak, euriteak, haizeteak, elurteak eta hotz edo bero-boladak izaten dira. Bada, ordea, nire ikuspuntutik, hainbat fenomenorekin termino hauek azkarregi erabiltzen diren susmoa. Gehienbat abisu horiaz ari naiz. Adibidez, abisu horia ezartzen da elur-maila 1.000 metrotik behera jaisten denean, askotan 800dik gora geratzen delarik. Kasu honetan, elur-maila horrek herritarren gehiengoari ez dio eragiten; beraz, niretzat alferrikakoa da abisuak jartzen ibiltzea. Gauzak bestelakoak dira beroarekin edota ekaitzekin. Beroagatik abisu horia ezartzen bada, jada tenperatura oso altuak ditugun seinale, zeintzuek jende helduari eta umeei kalteak eragin diezazkieten. Ekaitzengatik abisu horiak ezartzen direnean ere tentuz ibili behar da. Arriskuko ekaitzak dira eta unean- unean zaparrada handiak, txingorra, haizeteak eta kalte materialak eragin ditzakete. Abisuak, hortaz, puntu bateraino ondo daude, baina gehitxo erabiltzea, nire ustez, lekuz kanpo dago.